Nairobitarra mendietan barna

Pandemiaren egoerak bultzaturik, Nairobitarrak udako eskaintza moldatu du: gazteentzako zein helduentzako hiru ibilbide prestatu ditu Euskal Herriko mendietan.

Gaztetxoak, Brinkolan, etapa hasteko zain. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Legazpiko (Gipuzkoa) Brinkola auzoan dago Josu Iztueta, 62 urteko tolosarra, 14-18 urteko hamar gaztetxorekin kanpalekua jasotzen. Goizeko bederatziak dira, eta haurrek motxilak prest dituzte, etaparekin hasteko gogoz. Brinkolatik hasi, eta Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) bukatuko dute gaurko ibilbidea. Begiraleak azken tramankuluak jasotzen dabiltza, ziztu bizian; 09:30ean abiatzeko asmoa dute. Beste hiru egun geratzen zaizkie oraindik aurretik, Gaztaren ibilbidea osatzeko. Gaztaren ibilbidea da aurtengo udarako Nairobitarrak prestatu duen planetako bat. Izan ere, Nairobitarrak udarako eskaintza moldatu behar izan du.

Azken hilabeteetako egoera ikusita, Iztuetak eta bere taldeakmunduan zehar ibiltzeko aukerarik ez zela egongo argi zuten, beraz, hark dioen moduan, «halabeharrez» Euskal Herrian bertan plan berriak egitea pentsatu zuten. Tolosako Zumardia elkartearekin harremanetan jarri ziren horretarako. Taldeak hezkuntza, natura eta kirola sustatzen ditu herrian, eta, lehenagotik ere, Nairobitarrarekin lanean ibilitakoak ziren. Hiru ibilbide prestatu dituzte, Euskal Herriko mendiak ezagutzeko.

Hiru ibilbide

Iztuetak dioenez, jendea Euskal Herritik kanpo joaten da leku berriak bisitatzera, barrukoari erreparatu gabe. Beraz, Euskal Herriko txoko eta istorioak ezagutzeko hiru ibilbide zirkular prestatu zituzten. Ibilbideak edukiz bete nahi zituzten, jendeak zerbait ikas zezan. Hiru pertsonak hartu dute parte prestakuntzetan.

Lehenengoa, Gaztaren ibilbidea da. 95 kilometro Aizkorri-Aratz eta Aralartik barna, hamabost kilometroko sei etapa. Helduek uztailaren 20tik 25era izango dute joateko aukera, eta 14-18 urteko gaztetxoek abuztuaren 31tik irailaren 5era.

Aralarreko buelta da bigarren ibilbidea. Bost egunetan 75 kilometro, Gipuzkoako zein Nafarroako kontrabandisten bideak ezagutuz. Helduen txandak abuztuaren 3tik 7ra bitarte eta irailaren 7tik 11ra izango dira. Gaztetxoena, berriz, abuztuaren 17tik 21era. Hirugarrena, Herniopeko bira da, Hernio mendia inguratzen duten zortzi herrietatik egingo dute. Hiru etapako ibilbidea, guztira 50 kilometrokoa. Helduek ibilbidea egiteko aukera uztailaren 31tik abuztuaren 2ra edo abuztuaren 28tik 30era izango dute. Uztailaren 27tik 29ra eta abuztuaren 24tik 26ra izango da gaztetxoen txanda.

Hamar pertsonako taldeak izaten dira, bai helduetan eta baitagaztetxoetan ere. 11 txanda antolatu dituzte, ekainaren 29an hasi ziren, eta irailaren 11n amaituko dira.

COVID-19aren ondorioz, ahalik eta prebentzio neurri gehienak hartzen ari dira. «Atera baino lehen tenperatura hartu genien haurrei Tolosan. Guztiak osasuntsu zeuden», adierazi du Iztuetak.

Nairobitarra

1980an sortu zen Nairobitarra egitasmoa, eta geroztik proiektua asko aldatu da. Iztuetak argi dio: «Gu geu ere asko aldatu gara, baina espiritua ez dut uste aldatu zaigunik». Furgoneta batean bidaiak egiten hasi zen Iztueta, beste bi lagunekin batera. Behin pentsatu zuten: «Zergatik ez autobus zahar bat prestatu, eta kanpora joan?», azaldu du Iztuetak.

Eta hala izan zen. Urte hartan bertan ekin zioten bidaiari. Nairobira joan ziren, eta hortik dator egitasmoaren izena. Aurtengo udan 40 urte beteko ditu lehenengo Nairobitarrak. 2.000 pertsonatik gora igaro dira bertatik.Iztueta 22 urte zituenetik dabil jo eta su proiektu horretan lanean, haren esanetan, «bizitza eta mundua ulertzeko modu bat da».

Argi du Iztuetak: «Gauza naizen bitartean, gustatzen zaidana egiten jarraituko dut». Oraindik ez dago erretiroan pentsatzeko prest, 62 urterekin ez baitu ez asmorik ez eta gogorik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.