Azken urteetan ez bezalako mendizale kopurua joan da neguan Karakorumera. Igo gabe daude mendikate hartako zortzimilakoak, eta haiek dituzte jomuga. Amore ematen aurrenak Nanga Parbatera joandakoak izan dira. Duela egun batzuk Sergei Tsigankov errusiarrak hartu zuen bueltako bidea, eta haren urratsak jarraitu dituzte Tomasz Mackiewicz eta Marek Klonowski poloniarrek. Adventure Pakistan agentziak jakinarazi duenez, bi mendizaleak lehenengo kanpalekua jarri zuten, baina baldintza gogorrak ikusita, Islamabad hiriburura itzultzea erabaki dute.
Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek, berriz, lanean jarraitzen dute Gasherbrum II mendian. Bigarren kanpalekua 6.250 metrora jarri dute, eta gora jarraitu nahi dute, 7.000 metroko altuerara iritsi arte. Handik beheko kanpalekura jaitsiko, indarrak berritzen saiatu eta estrategia erabakitzera.
Broad Peaken ere bigarren kanpalekua jarri dute Artur Hajzer buru duten poloniarrek. Baldintza oso gogorrak dituztela jakinarazi dute espediziokideek, eta Hajzerrek Moro eta Urubkoren aldeko apustua egin du: «Edozein unetan igoko dute, ziur».
Pakistanera iristen azkenak izan dira Alex Txikon, Louis Rousseau eta Gerfried Goschl. Skardun elkartu ziren hirurak, eta beheko kanpalekura bidean dira. Ondo bidean, astea hastearekin batera iritsiko dira hara.
Mendia
Nanga Parbat igotzeko asmoan atzera egin dute poloniarrek
Alex Txikonen taldea G-I mendiko beheko kanpalekura bidean da, eta astearen hasieran iritsi asmo dute hara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu