Hamabi urteko ibilbidean, mendi lasterketen artean leku berezia egin du Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronkak, neurriagatik (67 km eta 7.200 metro desnibel), giroagatik eta euskari eta euskal kulturari ematen dion bultzadagatik. Horren erakusle, irteeran omenaldia egiten diote beti euskararen alde lanean jardun duen eragile bati. Aurten, Gorka Urbizu omendu dute, «urteotan guztiotan euskal kulturaren eta euskararen alde eginiko lan isilari melodia jartzeagatik».
Eguraldi lainotua izan zuten partaideek larunbatean, baina korrikarako egokia, oro har. Guztira 466 lagunek hartu zuten parte, 338 lasterkarik banaka eta 148k errelebo mistoetan. Boluntario lanetan, berriz, Leitzaldeko, Araizko eta Larraun-Lekunberri aldeko 400 lagun inguru aritu ziren, auzolanean.
Emakumezkoetan, lehia estua izan zuten Olatz Azazeta altsasuarrak (Nafarroa) eta Naroa Uria azpeitiarrak (Gipuzkoa). Lehen kilometroetan, Azazetak hartu zuen aurrea, baina Ireberreko igoeran Uriak gainditu egin zuen, eta lehen postu horri eutsi zion hortik aurrera. Uriak zortzi ordu, bost minutu eta 17 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta Azazetak zazpi minutu eskas gehiago (8.12.00). Podiuma beste azpeitiar batek osatu zuen, Miren Bastidak (8,21.46).
Gizonezkoetan, Urolaldeko beste korrikalari bat gailendu zen, Borja Zubizarreta. Azkoitiarrak (Gipuzkoa) lasterketa sendoa egin zuen, lehen hiru postuetan eutsi zion ibilbide osoan –Pagozelain hirugarren, Gaintzan bigarren, Irumugarrietan hirugarren, Unagako putzuan eta Lekunberrin bigarren...– eta Ireberrerako igoeran Imanol Kañamares berriozartarrari (Nafarroa) aurre hartuta, helmuga besoak goratuta gurutzatu zuen. Zubizarretak, gainera, marka berria ezarri zuen: sei ordu, 31 minutu eta 18 segundo, Ander Iñarrak 2024an eginikoa baino ia minutu bat hobea. Bigarren Imanol Kañamares izan zen (6.39.00) eta hirugarren, Ibai Primicia antsoaindarra (Nafarroa), Kañamaresen denbora berean.
Erreleboka, berriz, Paula Alberdi eta Mikel Arriola izan ziren garaile (7.29.08), Aitor Aizkorbe eta Maialen Apezetxea bigarren (7.35.00) eta Iker Eizagirre eta Leire Juanbeltz hirugarren (7.40.39).
EH Mendi Erronkako sailkapen guztiak esteka honetan.

Ainara Urrutia eta Markel Urigoitia Gasteizko Mendiak proban
Gasteizko Mendiak lasterketaren XIV. ekitaldia ere izan zen larunbatean, eta horretan, Ainara Urrutia eta Markel Urigoitia izan ziren irabazle. Hala Urrutiak nola Urigoitiak probaren errekorra hautsi zuten, gainera. Gasteizko 11 tontorretatik igarotzen da proba, 62 kilometroko ibilbidean. Manuel Iradier Txangolari Elkartea da antolatzailea, Fundación Vital Fundazioaren laguntzarekin. Larunbatean, 915 korrikalari abiatu ziren Uribarri-Jauregitik (Araba).
Emakumezkoetan, Ainara Urrutiak sei ordu eta 35 minutu behar izan zituen 62 kilometroak osatzeko. Bigarren Irune Velez de Mendizabalentzat izan zen (6.43) eta hirugarren Ania Hernandez (7.16).

Gizonezkoetan, Markel Urigoitiak 5 ordu eta 21 minututan osatu zuen proba. Orain arteko denborarik onena Xabier Alzolak zuen, 2015eko ekitaldian lortua: 5 ordu eta 41 minutu. Bigarren Iosu Hidalgo gasteiztarra izan zen (5.27) eta hirugarren Jokin Garcia (5.35).
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete 200 boluntarioei, baita Gasteizko udalerriko Administrazio Batzarrei eta Gasteizko Udalari ere, emandako laguntzagatik.
Gasteizko Mendiak probaren sailkapenak, esteka honetan.