Neguko espedizioak hasi dira mendian gora lanean

Alex Txikon igandean abiatuko da Pakistanera, neguan igo gabe dagoen Gasherbrum I mendia helburu hartuta

Denis Urubko, Gasherbrum II mendiko pitzadurak gainditzen. SIMONE MORO.
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dago oraindik, baina gogoa honezkero Karakorumeko mendietan du Alex Txikonek, Gasherbrum I mendian (8.068), hain zuzen. Igandean abiatuko da Pakistanera, eta Islamabad hiriburuan elkartuko da Gerfried Goschl eta Louis Rousseau taldekideekin. Skardura beste hegazkin batek eramango ditu. Handik Skolera joko dute, eta Skoletik oinez Concordiara, Gasherbrum mendien altzora. Hantxe jarriko dute beheko kanpalekua, eta han dute dagoeneko mendirako beharrezkoa duten materiala—duela aste batzuk bidali zuten—.

Pakistango lurretan dauden gainerako zortzimilakoak bezala, neguan igo gabe dago G-I ere. «Zerbaitegatik izango da», dio zuhurtasunez Txikonek. Lehenengo aldiz doa neguan zortzimilako batera. «Badakigu oso baldintza gogorrak aurkituko ditugula, baina jakinaren gainean goaz, eta mentalizatuta; esperientzia eta bizipenetatik ikastea ere bada nire asmoa», dio Txikonek.

'Michelin gizonak'

Aurtengo neguan azken urteetako espedizio kopuru handiena hartu dute Pakistango zortzimilakoek, eta haietan gora lanean hasiak dira. Goiztiarrak izan ziren Poloniako Federazioak hauspotutako espedizioko kideetako batzuk, eta dagoeneko Broad Peaken (8.047) gora bi kanpaleku jarri dituzte. Piotr Snopczynski, Jaroslaw Gawrysiak, Robert Kazmierski eta Rafal Fronia arduratu dira bi kanpalekuak jartzeaz eta soka finkoa jartzeaz; 6.200 metroan jarri dute bigarrena. Zeropetik hogei gradu izan dituzte, baina gainerakoan eguraldi eguzkitsua. Asteazkenean espedizioko gainerako mendizaleak iritsi ziren beheko kanpalekura, Artur Hajzer espedizioburua tartean.

Gasherbrum II mendian (8.035) ere lanean ari dira Denis Urubko, Simone Moro eta Cory Richards. Poloniarrek ez bezala, elur ekaitzak oztopo izan dituzte hainbat egunetan, eta zeropetik 40 graduko tenperatura ere izan dute. Lehen kanpalekua jarri, eta, haize indartsuek eragotzi ezean, bigarrena 6.500 metrotan jarri nahi dute. Urubkok eta Morok jarraitu dute gorakoa, sukarrarekin beheko kanpalekura jaitsi baita Richards. Hotzari aurre nola egiten ari diren idatzi du Simone Morok espedizioaren berri ematen duen blogean: «Michelin gizonak ematen dugu, gainean dugun arropa guztiarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.