Larunbat arratsaldean egin zen Idiazabalen Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) hirugarren proba. Emakumezkoetan, Nekane Pradera gailendu zen, eta gizonezkoetan, etxeko duatloilaria, Josu Urrestarazu. Eguraldi ederra lagun, bakarkako proban 60 kirolari baino gehiago lehiatu ziren Idiazabalen, eta erreleboka, 30 bikote. Beraz, 120 duatloilari guztira.
Emakumezkoetan, EHMDZn hiru proba eta hiru garaile izan dira: Asteasun Maddi Olaetxea usurbildarra izan zen irabazle; Durangon, Ainhoa Markinez idiazabaldarra; eta Idiazabalen, Nekane Pradera mallabitarra, iazko Zirkuituaren irabazlea. Beraz, sailkapen nagusian gauzak pil-pilean daude. Idiazabalen, bigarren Maite Murgia lazkaotarra sailkatu zen, eta hirugarren, Maddi Olaetxea.
Gizonezkoetan, Josu Urrestarazuk hiru probetatik bi irabazi ditu orain arte. Idiazabalen, bigarren Alberto Gomez donostiarra izan zen, eta hirugarren, beste idiazabaldar bat, Xabier Agirre. Aurrekoen lehia horretan ibiltzekoak ziren, berez, Eneko Gurrutxaga amasarra –hainbatetan Zirkuituko txapela irabazitakoa– eta Iker Eskibel eskoriatzarra ere –iaz hainbat proba irabazitakoa–, baina Gurrutxaga lehiaz kanpo geratu zen korrikako lehen tartean bihurritu bat izan zuela eta, eta Eskibel ere adiskide bati laguntzen geratu zen, hura erori egin baitzen.

Erreleboka, Koldo Herrera eta Aitor Azkorbe izan ziren irabazle, Aitor Perez Arrieta eta Jon Urteaga bigarren, eta Unai Altuna eta Haritz Artano hirugarren.
Banakako sailkapen guztiak lotura honetan, eta errelebokakoak, beste honetan.
Euskal Herriko Txapelketa Kanpezun
Datorren larunbatean Kanpezun izango da mendi duatloia, Euskal Herriko Txapelketa egingo baita. Hauek izango dira neurriak: lehen tartean, 5,64 kilometro egin beharko dituzte korrika, 218 metroko goranzko desnibelarekin; ondoren, 16,54 km mendiko bizikletan (758 m+), eta, azkenik, beste 2 km korrika (69 m+).
Lehiakortasuna areagotzeko eta emakumeen parte hartzea sustatzeko, aurten bikote mistoek ere txapela izango dute Kanpezun. Beraz, neskak bikotea osatzera animatu dituzte EHMDZko antolatzaileek.
Aurreko urtean, Aiako mendi duatloian jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa, eta orduko hartan, Maddi Olaetxea usurbildarra eta Unai Mateos ugaotarra izan ziren txapeldun. Erreleboka, Haimar Etxeberria eta Jon Morillo irundarrek eskuratu zuten txapela, proba osoan Koldo Herrera eta Dani Iparragirre sunbildarrekin orpoz orpo ibili ondoren.
Aurten, emakumezkoen artean lehia oso irekia ageri da: Maddi Olaetxea, Ainhoa Markinez, Nekane Pradera, Maite Murgia... edonor izan daiteke irabazle. Gizonezkoetan, Josu Urrestarazu eta Paul Bereziartua izan dira orain arte indartsuenak, baina lehia betean izango dira Eneko Gurrutxaga, Xabier Agirre eta Iker Eskibel ere.
Erreleboka, oraingoz, Koldo Herrera eta Aitor Azkorbe, eta Jon Aldalur eta Andoni Egiguren bikoteak agertu dira indartsuen.
Asteazkenera arte zabalik egongo da izena emateko epea, EHMDZren webgunean.