Txinako Donbeiya estazioan jokatutako Munduko Kopako proban erorikoa izan zuen Lucas Egibarrek (Donostia, 1994), eta etxean hamar bat egun egin ditu fisio saioak eta gimnasioko entrenamenduak uztartuz. Gaur eta bihar, pista olinpikoan entrenatzen ibiliko da.
Erlazionatuta
Zer moduz zaude, Munduko Kopako azken proban izandako erorialditik osatzeko bidean?
Erorialdiaren ondorengo gauean min handia izan nuen. Komunera ere katamarrean joan behar izan nuen, ezin nintzelako oinez ibili. Ikaratu nintzen pixka bat, egia esan, baina hainbeste urteren ondoren, antzematen dut zerbait hautsita dagoen ala ez, eta banekien hautsirik ez zegoela, kolpeak zirela. Orain egun batzuk etxean pasatuko ditut, hamar egun hauetan fisioarekin hainbat saio egingo ditut, eta entrenamenduekin uztartu. Ondo iritsiko naiz Jokoetara.
Entrenamenduak, elurretan?
Ez, bertan behera utzi ditugu elurretako entrenamenduak etxean egun gehiago egiteko. Jokoen aurretik, pista probatzeko aukera izango dugu: otsailaren 4an eta 5ean, oker ez banaiz [gaur eta bihar, alegia], bi egun izango ditugu pista olinpikoa probatzeko eta han entrenatzeko. Eta gero, beste bi entrenamendu ofizial lasterketaren aurretik. Beraz, pista olinpikoan entrenatzeko lau egun izanda, nahikoa da. Urte osoa egiten dugu elurretan, eta bi aste taula hartu gabe egoteak ez nau kezkatzen. Lana egina dago.
Laugarren Olinpiar Jokoak izango dituzu. Ez dago edonoren esku hori.
Halaxe da. Ziklo honetan, gainera, kosta egin zaigu honaino iristea.
Horrek esan nahi du urte asko daramazula goi mailan.
Sotxiko jokoetan (2014), 20 urte nituen, eta hamabi urte geroago hemen jarraitzea amets bat da oraindik, eta oso eskertuta nago, egia esan, jende askoren laguntza izan dudalako, lesioak izan baditut ere gainditzeko gai izan naizelako, eta honaino iritsi ahal izan naizelako.
«Baziren bospasei urte neure burua ez nuela hain sasoiko ikusten. Ondorioz, une bakoitzaz gozatzen ari naiz, lan handia egin behar izan baitut fisikoki ondo iristeko»
Sotxiko gazte haren ilusio berarekin zoaz laugarren hauetara?
Ez dakit Olinpiar Jokoetan dominarik lortu ez dudalako, eta gogo izugarria dudalako, edo, besterik gabe, Olinpiar Jokoak direlako, baina motibazio handiarekin jarraitzen dut. Aurten, gainera, gozatzeko gogoa dut.
Aurrekoetan ez zenuela gozatu esan nahi du horrek?
Aurreneko Jokoetan, Sotxin, egun batzuk berandu iritsi ginen. Goizeko hirurak aldera hotelera heldu eta hiru ordu lo eginda esnatu ginen entrenamenduetara joateko. Lehen jaitsieran erori egin nintzen, eta orpoan fisura bat izan nuen. Lehen Joko haietan korrika eta presaka ibili ginen une oro, eta apenas izan nuen gozatzeko aukerarik. Pyongchanegen, bai, gozatu nuen, baina ezin zen ia kalera atera ere egin; zero azpitik hogei gradu zeuden, eta gero lasterketa ez zen ondo joan. Pekinen, berriz, bizkarreko arazoak zirela medio, ez nengoen ondo. Neure burua zaintzen aritu nintzen une oro, ia atera gabe, esfortzu txikiena egiteko ere beldurrez, lasterketara ahalik eta hobekien iristeko. Ondorioz, ez nuen gozatzeko aukerarik izan. Laugarren hauetarako, aurreko eguneko eroriko hori kenduta, ondo ikusten dut neure burua, eta Jokoetako momentu bakoitzaz gozatu nahi dut.
Hasteko, aurreneko bi entrenamendu ofizialetan gauzak ondo egin nahi ditugu, eta, ondoren, Livignoko hiri olinpikotik kanpo egingo ditugu bost egun, Milan inguruan, kontzentratuta eta entrenatzen. Gogoz nago prozesu osoaz gozatzeko. Aurrekoetan ezin izan nintzen lasterketara bete-betean iritsi, eta oraingoan sasoi onean iritsi naiz, eta gogo biziz nago.
Etxetik hurbilago izanik, gertuko jendea ere joango zaizu. Horrek ere bultzada berezia emango du, ezta?
Bai, Italian izanik, jende gehiago joango da. Pekingo aurrekoetan, gainera, pandemia zela eta, ezin izan zen inor joan, ez zegoen ikuslerik. Oraingoan, hurbileko jende dezente joango da. Ez dakit ziur zenbat, baina hogei bat lagun gutxienez bai. Motibazioz gainezka noa bestela ere. Nik irabazi egin nahi dut, eta irabazteko entrenatu naiz, baina familia eta lagunak han izatea ere ederra izango da.
«Amestutako eguna iristen denean, nahiz eta presioa egon, badakit gozatu egingo dudala eta dena emango dudala»
Ez da ziklo erraza izan, orpazurdako lesioaren ondorioz batez ere, baina, hura gaindituta, sasoi onean zaudela esan duzu.
Bai, hala da. Areago, baziren bospasei urte neure burua ez nuela hain sasoiko ikusten. Ondorioz, une bakoitzaz gozatzen ari naiz, lan handia egin behar izan baitut fisikoki ondo iristeko. Orain, egun hauetan, etxe inguruan gozatu nahi dut, hurbilekoekin, eta behin hara joanda, urratsez urrats, egin behar duguna egin.
RFDEIko zuzendariak adierazi du ordua dela Olinpiar Jokoek Lucas Egibarri orain arte eman ez diotena emateko.
Tira, hemen kirolari bakoitzak dauzka bere bizipenak eta istorioak. Ni ez naiz bakarra gogotik lan egin duena eta Olinpiar Jokoetan nahi zituen emaitzak lortu ez dituena, une latzak pasatu dituena, edo atzean istorio oso politak dituena. Bakoitzak berea du. Nolanahi ere, ederra litzateke Joko hauetan ametsa betetzea, horretarako egin dut lan, eta horretan jarraituko dut geratzen diren entrenamenduetan ere, lasterketara puntu-puntuan iristeko. Destinoak zerbait zor dizula uste izatearekin ez dago ezer; egunero lan egin eta borrokatu beharra dago.
Aldi berean, zerbait garrantzitsua lortzeko hautagaietako bat zarela ere nabarmentzen zuen zuzendariak.
Erakutsi izan dut beste batzuetan ere, eta, urte hauen guztien ondoren, gogoa dut Olinpiar Jokoetan ere zertarako gai naizen erakusteko.
Halako ekitaldien aurrean hazten diren horietakoa zarela esango zenuke?
Hori amesten daramat urte asko, eta badakit lasterketa iristen den egunean irribarrez egongo naizela. Egun asko, entrenamendu asko izan dira, behin baino gehiagotan entrenatzeko gogorik gabe, kaskezurrean Jokoak sartuta, enpeinu guztia horretan jarrita. Horregatik, amestutako eguna iristen denean, nahiz eta presioa egon, badakit gozatu egingo dudala eta dena emango dudala.
«Destinoak zerbait zor dizula uste izatearekin ez dago ezer; egunero lan egin eta borrokatu beharra dago»
Lehiakideen artean herrikide bat izango duzu, Alvaro Romero. Horrek ere ilusioa sortuko dizu, ezta?
Jakina, Alvaro herrikidea eta laguna dut aspalditik. Ezin izan zen aurreko Olinpiar Jokoetarako sailkatu azken orduan aldatutako arau batzuen ondorioz, eta pena izan zen, baina oraingoan lortu du txartela, eta oso pozik nago ni ere. Jokoei begira ondo ikusten dut. Aurten ez du, orain arte behintzat, espero zuen emaitzarik lortu, baina lehen ere erakutsi du aurrean egon daitekeela. Bigarren egin izan du Munduko Kopako proba batean, eta hori ez da batere erraza. Entrenatu ere elkarrekin entrenatzen gara sarri, eta irabazi izan dit. Ondo ikusten dut. Lasterketa batean, edozer gerta daiteke: Suitzako Veysonnaz estazioan bigarren egin zuen hartan bezala, Olinpiar Joko hauetan ere berriro egin dezake, zergatik ez.
Zu zeu beste diploma batekin ez zara konformatzen, Sotxin eta Pekinen bezala, ezta?
Ez, ez. Tira, beste diploma bat bada, pozik itzuliko naiz, baina ni urrea lortzeko borrokatuko naiz.
Posible ikusten duzu beste ziklo olinpiko bat osatzea?
Posible ikusten dut, oso ondo nago eta. Duela urte batzuk, bizkarreko arazoekin edo orpazurdako arazoekin ibili nintzenean, orduan ez, baina orain ondo nago, ez dut minik inon. Nolanahi ere, urrun ikusten dut. Azken lau urteak aldapatsuak izan dira, eta orain urtez urte noa. Urte asko daramatzat lehiatzen, eta, motibaziorik falta ez bazait ere, urrun ikusten dut lau urte barrukoa. Garaia iristen denean hausnartu egin beharko dut zer egin, baina, adinagatik eta fisikoagatik, aukera ikusten dut. Dena den, orain Italiako hauetaz gozatu nahi dut, eta gero gerokoak.