Snowboarder

Alvaro Romero: «Askotan pentsatu nuen ez nintzela sailkatuko»

Lesio batek zaildu dio Romerori Neguko Olinpiar Jokoetarako sailkapena, baina azken unean egin du tokia. Lehen aldiz hartuko du parte. «Ilusioz gainezka» dago.

Alvaro Romero. RFEDI
Alvaro Romero. RFEDI
Unai Ugartemendia.
2026ko otsailaren 4a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astunen (Aragoi, Espainia) entrenatzen aritu ondoren, Frantziarako bidean dago Alvaro Romero (Donostia, 2003). Neguko Olinpiar Jokoen aurreko azken saioak egingo ditu bertan. Sailkapena ziurtatuta, lasai dago, eta ilusioz gainezka, estreinakoa egingo baitu Olinpiar Jokoetan.

Txinan jokatutako azken proban sailkatu zinen Olinpiar Jokoetarako. Zer sentitu zenuen hori egin zenuenean? 

Izugarri urduri nengoen. Lasterketa amaitu arte itxaron behar izan nuen sailkatuta nengoela jakiteko. Ordu erdi hori oso gogorra eta luzea egin zitzaidan. Bakarrik egon nintzen zain helmugan. Proba amaitu, eta, sailkatuta nengoela ikusi nuenean, gorputzak buelta eman zidan. Berebiziko poza sentitu nuen. Ezin da hitzez deskribatu. 

Presio handia zenuen? 

Bai. Iaz izan nuen lesioagatik, denboraldi erdia galdu nuen: sei proba guztira. Ezin izan nituen puntu asko batu. Aurten, banekien, lasterketa bakoitza hil ala bizikoa izango zela. Hiru lasterketa baino ez nituen horretarako, baina azkenean lortu dut. Pozez gainezka nago.

Pentsatu baino gehiago kostatu zaizu? 

Bai, baina lesioarengatik izan da. Bestela, ez dut uste hainbeste kostatuko zitzaidanik. 

Lesioaren osatze prozesua izan da azken bi denboraldi hauetako buruhausterik handiena? 

Zalantzarik gabe. Olinpiar Jokoetarako balio zuen iazko denboraldia, eta haren erdian lesionatu nintzen. Horrek aukerak murriztu zituen. Une hori oso gogorra izan zen. Olinpiar Jokoetara ez nintzela sailkatuko pentsatzen hasita nengoen. 

Nola kudeatu zenuen presioa? 

Lesioaren hurrengo egunetan buruari bueltak ematen aritu nintzen. Behin etxera itzuli nintzenean, osatzeko prozesuan murgildu nintzen buru-belarri. Argi neukan nire esku zegoen guztia egiten saiatuko nintzela. Ez nuen barruan ezer utzi nahi. Olinpiar Jokoetan egotea lortu ez banu, ez nuen arantzaren batekin gelditu nahi. 

«Ondo sentitu nahi nuke bukaeran: dena ondo egiten saiatu naizela sentitu»

Erabat osatu zinen denboraldi berrirako. 

Zorionez, ondo osatu nintzen. Itzultzean, oso indartsu hasi nintzen entrenatzen. Udan asko entrenatu nintzen. Prestatzaile fisikoen taldea aldatu nuen, eta aldaketak on egin zidan. Lan handia egin nuen ondo osatzeko. Irailean, Argentinan aritu ginen entrenatzen. Bikain sentitu nintzen. Arazo batzuekin ibili nintzen, baina, behin haiek baztertuta, minik gabe aritu naiz. 

Nork babestu zaitu gehien bide honetan? 

Familiakoak, lagunak eta taldekideak gehienbat. Haiek emandako babesik gabe orain ez nintzateke nagoen lekuan egongo. Denbora asko pasatu dut etxetik kanpo entrenatzen, eta gauza asko galdu ditut horregatik. Orain, denak merezi izan duela pentsatzen dut. 

Estreinakoz arituko zara Joko batzuetan. Zer da hori zuretzat? 

Oso pozik nago. Azken urteetan egindako lanaren ordaina dela iruditzen zait. Olinpiar Jokoetan egoteko gogo handia neukan. Kirolari orok dugun ametsa da bertan egotea. Ezin da gehiago eskatu. Aukera gozatu nahi dut. Ondo probestu nahi dut lortutakoa, eta etorkizunean gehiagotan egotea espero dut. 

Lehenengoak izanda, presio berezirik sentitzen duzu? 

Nire lasterketa egitera aterako naiz. Lehiakorra izan nahi dut, baina esperientziaz ere gozatu nahi dut. Gauza asko daude gozatzeko Olinpiar Joko batzuetan. Halere, lasterketa da garrantzitsuena. Dena ematera aterako naiz. Maila ona dudala iruditzen zait, eta lehiatzeko gogoz nago. Ez dut ezer utziko lasterketan. 

Zer emaitzarekin egongo zinateke gustura? 

Bertan izango garen 32 snowboarderrak domina baten bila irtengo gara. Nire kasuan behintzat hala da. Horrez gain, lasterketa on bat egin nahi dut. Ondo sentitu nahi nuke bukaeran: dena ondo egiten saiatu naizela sentitu. 

Zertan aldatu zara kirolari zarenetik? 

Orain, askoz ere helduagoa naiz. Nire kirol ibilbidean bizitako garai txarrek eta onek bizitzan kokatzeko balio izan didate. Gauzak zergatik eta nola egin behar diren erakutsi didate. Gero eta gehiago entrenatu behar dela konturatu naiz. Maila izugarri igo da. Hasieran, oso gaztea zarenean, jolas baten moduan hartzen duzu, baina denborarekin konturatzen zara emaitzak lortzeko bete-betean aritu behar duzula. 

Hiru donostiar arituko zarete Jokoetan: Egibar, Arrietta Rodriguez eta zu zeu. Bitxia da, kontuan hartuta elurra 200 kilometrora daukazuela. 

Hiruren gurasoei betitik gustatu izan zaie eskiatzea, eta, alde horretatik, zorte handia izan dugu. Transmisioa egin dute, eta haiengandik datorkigu zaletasuna. Jaiotzetik izan dugu aukera hori. Guretzat erraza izan da. 

Jokoen ondoren, zein kirol ibilbide egin nahi duzu? 

Munduko Kopan lehiatzen jarraitu nahi dut. Kanadan jokatuko den azken probara arte lehiatu nahi dut aurten. Datorren urtean, berriz ere Munduko Txapelketa izango da. Hurrengoa ere oso denboraldi erabakigarria izango da nire kirol ibilbidean. Etorkizunean Munduko Kopako Kristalezko Globoa irabaztea izango da erronka nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA