Oihana Azkorbebeitia eta Asier Rajado izan dira garaile Euskal Herria Mendi Erronkan

Euskal Herriko Kopako hirugarren proba izan da Leitzakoa. Galdames mendi biran Estel Roig eta Asier Azkarate gailendu dira. Canfrancen, berriz, Espainiako Txapelketetan, Naiara Irigoien izan da irabazle bertikalean, eta Onditz Iturbe lineakoan.

2025eko EH Mendi Erronkako podiuma
EH Mendi Erronkako podiuma. EH MENDI ERRONKA
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oihana Azkorbebeitia Urizar abadiñarra (Bizkaia) eta Asier Rajado Barberena andoaindarra (Gipuzkoa) gailendu ziren larunbatean Leitzako (Nafarroa) Euskal Herria Mendi Erronka proban (67 km, 7.200 m+). Ultra distantzian Euskal Herriko Kopako hirugarren proba ere izan zen Leitzakoa. Irteeran, abiatu aurretik, Euskal Herria Mendi Erronkako antolatzaileek omenaldia egin zioten beste erronka handi bati, Gure Zirkuari. «Ametsetako plaza izatetik ametsen plaza izatera igaro da Gure Zirkua. Proiektuak, gainera, euskara, lurraldetasuna, auzolana eta kirola uztartzen ditu», azpimarratu zuten antolakuntzako kideek. Omenaldiaren ondoren, 600 korrikalariek mendirantz hartu zuten.

Leitza inguratzen duten mendiak eta basoak, Aralarko eta Lekunberri eta Beruete inguruneko parajeak eta gailurrak ere zinez ametsetakoak dira, zirku natural bateko paisaia eder-ederrak, baina horiek guztiak 67 kilometro gorabeheratsutan, egun bakarrean eta korrika lotzea, erronka ikaragarri gogorra da. Larunbatean, gainera, behe lainoa eta hezetasun handia izan zuten partaideek ibilbideko zati askotan, eta horrek areago gogortu zuen lasterketa. Ibilbidea korrikalari prestatuenen giharrak hausteko modukoa da: Leitzatik abiatu, Guratz mendira igo, Pagozelaira jaitsi, Santa Barbarako gainetik Arribera eta Gaintzatik barna, kilometro bertikala Irumugarrieta tontorrera; ondoren, Aralarko goi ordokian barna Artxuetara igo, Albira jaitsi eta Iribasko iturburutik Lekunberrira; Larraungo hiriburutik Ireber gailurra da hurrengo jomuga, eta handik, berriro Leitzara.

Oihana Azkorbebeitia izan zen irabazle 2023an, eta iaz, berriz, bigarren, Mayi Mujikarekin buruz buru ibili ondoren. Aurten ere ez da lehiakideen faltan ibili abadiñarra. Itxaro Zabaleta leitzarra, esaterako, indartsu hasi zen, eta bera izan zen lehena Pagozelaiko eta Gaintzako kontroletan, baina Irumugarrietarako igoeran aurre hartu zion Azkorbebeitiak, eta handik aurrera, alde handirik gabe, baina postu horietan eutsi zioten lehen biek. Azkorbebeitiak zortzi ordu eta bost minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko; Zabaletak, bederatzi minutu gehiago, eta Uxue Fraile donostiarrak, hirugarrenak, 18 minutu gehiago.

2025eko EH Mendi Erronkak Gure Zirkua omendu du
EH Mendi Erronkak Gure Zirkua omendu du aurten balio bertsuak partekatzeagatik. EH MENDI ERRONKA 

Gizonezkoetan, Gaizka Sotil etxebarritarra (Bizkaia) oso indartsu hasi zen, eta lasterketaren buruan joan zen Irumugarrietako kontroleraino (22,7 km). Putzuzarrera bidean, ordea, aurrea hartu zion Asier Rajadok, eta Lekunberrira iritsi baino lehen beste horrenbeste egin zuen Oier Elorza azkoitiarrak ere. Leitzako helmugan, postu horietan helmugaratu ziren azkenean: Rajado irabazle (6.52.05), Elorza bigarren (7.01.07) eta Sotil hirugarren (7.05.36).

Euskal Herria Mendi Erronka errelebo mistoan egiteko aukera ere badago. Kasu honetan, bikoteko lehen kideak 32,8 kilometro egin behar zituen, eta Putzuzarren kideari lekukoa eman ondoren, bigarren horrek beste 34,2 kilometro osatu behar zituen. Larunbatean, hiru bikote gipuzkoar nagusitu ziren, erreleboen ordena honetan: Beñat Ibañez zumaiarra eta Miren Bastida azpeitiarra irabazle (7.07.03); Iosu Elola bidania-goiaztarra eta Naiara Elola errezildarra bigarren (7.11.01), eta Vanesa Arbelaitz eta Xabi Ondaro zumaiarrak hirugarren (7.41.30).

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako sailkapen orokorrean, hiru proba jokatu ondoren, emakumezkoetan, Ainara Arkarazo da liderra, 320 punturekin, bigarren Amaia Ruiz de Azua, 194 punturekin, eta hirugarren Eva Lizarralde, 185 punturekin. Gizonezkoetan, Jokin Garcia Garcia de Vicuña da sailkapenaren buruan, 315 punturekin, Arkaitz Hualde bigarren, 289 punturekin, eta Jokin Uribetxeberria hirugarren, 252 punturekin. Proba bakarra geratzen da: Tolosaldea Ultratrail Erronka, irailaren 13an. Lehen aldiz jokatuko da aurten Tolosaldeko ultra, eta hor erabakiko dira txapelak.

Euskal Herria Mendi Erronkako sailkapen guztiak hemen.

Galdames Mendi Bira 2025eko podiuma
Galdames mendi birako podiuma. GALDAMES MENDI BIRA

Roig eta Azkarate, Galdames mendi biran

Aurreko larunbatean izan zen Galdames mendi bira ere, Euskal Herriko Kopako laugarren proba lineako zirkuituan. Guztira 500 bat korrikalari atera ziren, hiru distantziak kontuan hartuta –6, 16 eta 34 kilometro–. Proba luzeenean, Estel Roig Fortin izan zen garaile, Irune Velez de Mendizabal bigarren, eta Ainhoa Garikano hirugarren. Gizonezkoetan, Asier Azkaratek lortu zuen garaipena, eta aurreko errekorra ere hautsi zuen ia hiru minutuan. Bigarren, Oier Zubeldia izan zen, eta hirugarren, Ander Amonarriz.

Euskal Herriko Kopan, lineako zirkuitu horretan, Mestafa Mahfoud eta Nora Narbaiza dira behin-behineko liderrak.

Galdames mendi birako sailkapenak.

Onditz Iturbe eta Naiara Irigoien Canfrancen

Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketak ere jokatu dira asteburuan, Canfrancen (Aragoi, Espainia), bai lineako bai bertikaleko modalitateetan. Irailean Canfrancen jokatuko den Munduko Txapelketarako txartelak ere bazeuden jokoan proba horretan.

Larunbatean jokatu zen bertikala. Neurriak, hauek: 6,4 kilometroko distantzia eta 990 metroko goranzko desnibela. Emakumezkoetan ikusgarria izan zen Naiara Irigoien iruindarraren (Nafarroa) eta Onditz Iturbe igorreztarraren (Bizkaia) arteko lehia. Biak ala biak espezialista handiak dira bertikaletan, Irigoien Zegama-Aizkorrikoa irabaztetik zetorren, eta Iturbe Txindokikoa, eta Canfrancen ere buruz buru aritu ziren biak. Azkenean, Irigoien izan zen azkarrena La Racako helmugan, eta 17 segundora iritsi zen Iturbe. Hirugarren, Rosa Lara izan zen. Bertikalean, beraz, Irigoienentzat izan zen Munduko Txapelketarako txartela.

Gizonezkoetan, Alex Garcia izan zen garaile, bigarren Daniel Izquierdo, eta hirugarren Jan Torrella. Bertikalean, Ibai Larrea antzuolarra laugarren izan zen.

Igandean, berriz, lineako lasterketa jokatu zen, ibilbide oso azkarrean (14,3 kilometro eta 775 metroko goranzko desnibela), eta bezperako nekearen zantzurik gabe, Onditz Iturbe izan zen garaile, Julia Font katalanaren eta Claudia Estevez andaluziarraren aurretik. Lineako lasterketan, beraz, Iturbek eskuratu zuen Munduko Txapelketarako txartela.

Mutiletan, Jan Torrella katalana izan zen garaile, eta ikusgarria izan zen bigarren posturako Ibai Larrea eta Alejandro Garcia bertikaleko irabazlearen arteko esprinta. Azkenik, Garcia izan zen bigarren, eta Larrea, hirugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.