Ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa egin zen larunbatean Zubirin (Nafarroa), Nafarroa Xtrem probaren VIII. ekitaldiarekin bat eginez. Partaideek 68 kilometroko eta 4.000 metroko desnibeleko ohiko ibilbidea osatu behar izan zuten, GR-322 zidorrari jarraituz. Larunbateko eguraldi iragarpena bete egin zen, eta korrikalariek behe-lainoa, euria eta lokatza izan zituzten ibilbide osoan. Hala ere, 600 lasterkarik hartu zuten parte lasterketan, eta Adi (1.456 m), Saioa (1.458 m), Zuriain (1.408 m), Goitean (1.235 m) eta Baratxueta (1.150 m) mendietara igo behar izan zuten ibilbide ikusgarrian.
Emakumezkoetan, Pauly Joselyne frantziarra izan zen garaile (8.49.02), eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) bigarren, hamar minutu eskasera (8.59.41). Horrenbestez, Azkorbebeitia da 2025eko ultra distantziako Euskal Herriko txapelduna. Euskalmushing taldeko kidearen atzetik, beste bi abadiñar helmugaratu ziren, Gaikar taldekoak biak: Ainara Arkarazo hirugarren (9.06.24), eta Oihane Unzalu laugarren (9.29.57). Euskal Herriko Txapelketako podiumera, beraz, hiru horiek igo ziren.

Mutiletan, Iraitz Legorburu getariarrak irabazi zuen proba (6.53.12) eta Euskal Herriko txapela. Legorburuk, gainera, nahiz eta eguraldi txarra eta lokatza izan, Alvaro Ramosek 2022an egindako marka (6.57.34) hobetu zuen lau minutu pasatxoan. «Nire erritmoan joatea, bihotz taupadak kontrolatuz, horixe zen helburua; berdin zitzaidan aurrena joan edo laugarrena. Hasieratik bakarrik joan naiz, indartsu sentitu naiz, eta ondo atera da dena. Banekien errekorreko denboretan nindoala, eta azkenean lortu dut marka gainditzea ere. Lokatza genuen, eguraldi txarra, eta goietan hotz egiten zuen, baina zira batekin ondo joaten zen. Ni gustura ibiltzen naiz horrelako baldintzetan», adierazi zuen Legorburuk.
Legorbururen atzetik, bigarren, Adur Mendizabal zaldibiarra (Gipuzkoa) izan zen (7.20.37), oso erregular, bere erritmoari eutsiz, eta hirugarren, Ander Iñarra lezoarra (7.30.00).
Euskal Herriko Txapelketaren eta Nafarroa Xtrem probaren sailkapen guztiak lasterketaren webgunean.