Egun handia zen gaur mendiko eskiarentzat, lehen aldiz kirol olinpikoa izan baita menditik datorren eskiko diziplina hori, esprinteko modalitatean. Eta Olinpiar Jokoetan lehen urrea eskuratzeko ohorea Oriol Cardona kataluniarrarentzat eta Marianne Fatton suitzarrarentzat izan da. Ikusgarria izan da lehia Stelvio Ski Centreko pistan, elurra mara-mara ari zela eta baldintza gogorretan.
Gizonezkoetan, Oriol Cardona kataluniarra zen faborito nagusia, baina faborito izatetik urrera dagoen distantzia esprint bat baino askoz luzeagoa da sarri. Iaz Munduko Kopako irabazle izan zen, zortzi probetatik sei irabazita, baita munduko txapeldun ere, eta aurten ere Munduko Kopako Courcheveleko (Frantzia) proban irabazle izan da. Sasoiko zegoen Cardona. Finaleko seikotean, ordea, mendiko eskiatzaile handiak zeuden, Thibault Anselme frantziarra, Jon Kistler eta Arno Lietha suitzarrak, Ot Ferrer kataluniarra eta Nikita Filippov eskiatzaile neutrala, hain zuzen. Haietako edozeinek irabaz zezakeen urrea. Huts txikienak dominen lehiatik kanpo utz zezakeen edonor, eta haiek eskuratzeko lehian sartu edonor.
Finalean, bi suitzarrak atera dira aurrena, Jon Kistler eta Arno Lietha, eta haien atzetik Cardona. Lehen trantsizioan, ordea, azkarrago ibili da Cardona, eta eskaileretako oinezko zatian, gainera, estropezuka ibili dira bi suitzarrak. Ondorioz, aldea handitu du Cardonak eta hurrengo bi trantsizioetan ere ez du hutsik egin. Azken jaitsieran, helmugako lerroa baino lehen eskuak goratzeko adinako tartea izan du. Atzetik, Filippovek, ezustekoa eman, eta aurrea hartu die suitzarrei. Harentzat izan da zilarra, eta Anselmerentzat brontzea.
Helmugan, pozez kabitu ezinik zen Cardona. «Banuen gogoa. Oso ondo nengoen, eta dena ondo atera da lasterketan. Helmugan, sentipena harrigarria izan da. Historian arrastoa utzi dugu. Olinpiar Jokoetan eskiatzea gogorra da, presioagatik eta urduritasunagatik. Mendiko eskiatzaileak ez gaude ohituta horretara, baina niri hauspoa eman dit. Aitonari eskaini nahi diot: aspaldi hil zen, baina askotan izaten dut gogoan. Eta bidelagun izan ditudan guztiei ere bai, haiek gabe ni ez bainaiz ezer».
Gizonezkoen probako sailkapenak eta denborak, esteka honetan.

Emakumezkoetan, Marianne Fatton suitzarrak eskuratu du lehen urre olinpikoa. Munduko txapelduna zen Fatton, eta faboritoetako bat, baina aurtengo Munduko Kopako probetan koska bat gorago ibili da Emily Harrop frantziarra, eta hura zen urrea lortzeko hautagai nagusia. Finalean ere aurretik hasi da Harrop, baina azken-aurreko trantsizioan, eskiak bizkarretik hartu eta berriro oinetan jartzean, aurre hartu dio Fattonek eta lasterketaren buruari eutsi dio amaierara arte.
Brontzea, Ana Alonso espainiarrarentzat izan da. Nabarmentzekoa izan da Alonsoren lasterketa eta azken hilabeteotako errekuperazioa. 2025eko urrian, bizikletan entrenatzen ari zela, auto batek harrapatu zuen, eta lesio larriak eragin zizkion. Olinpiar Jokoetako ametsa hantxe bukatu zela zirudien, baina berak argi esan zuen hasieratik bere esku zegoen guztia egingo zuela Milanera iristeko. Garaipenik handiena hori izan da beretzat, Olinpiar Jokoetan egotea, eta gaur lortutako brontzea errekuperazioan egindako lan handiaren saria izan da.
Emakumezkoen probako sailkapenak eta denborak, esteka honetan.