Formazioa eta informazioa. Horratx mendira segurtasunez joan ahal izateko bi hitz giltzarri. Horiek uztartzeko asmoz hasi zen Kepa Lizarraga mendizale eta sendagilea EMF Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkarian mendira joateko aholkuak idazten. Mende laurdena da lehenengo idatziak argia ikusi zuenetik, eta 25 urteotako ibilbidean idatzitakoak berrikusi, orraztu eta gaurkotuta argitaratu du orain Pyrenaicak Consejos para disfrutar de la montaña con salud liburua.
Irakurterraza eta erabilgarria da, edukiei nahiz diseinuari dagokienez, eta ulerterraza ere bai; informazio uholdea eskura daitekeen garaiotan, ezaugarri funtsezkoa. «Ez ditut azalpen teknikoak bakarrik eman; txikikeriak diruditen gauzei eman diet garrantzia, akats txikiak izaten baitira askotan arazo handien eragile: botak nola lotu, ura edatearen garrantzia, eguraldiaren arabera hartu beharreko neurriak, motxila eta bastoi egokiak nola aukeratu... Aholkuetako askok ez dute ageriko harremanik ni medikua izatearekin, baina medikutara joan behar ez izateko baliogarriak izan daitezke», dio Lizarragak.
Denera, 30 dira aholkuak, eta bost ataletan banatu ditu: mendira nola egokitu; elikadura eta hidratazioa; iraupen luzeko ibilaldietarako prestaketa eta aholkuak; lesio, gaixotasun eta istripuak; eta mendira joateko jantzi eta materialaren egokitasuna. «Testuetako batzuk gaurkotu egin behar izan ditut, materialari eta teknologiei dagozkionak, esaterako. Asko, ordea, bere horretan berrargitaratu dira».
Pyrenaica aldizkariaren Temas sailean beste bi liburu kaleratu zituzten aurretik: Rikardo Hernani eta Andoni Gorostiagaren Atlas de los techos de estados e islas del mundo eta Xabier Eguzkitzaren Los techos municipales de Bizkaia. Aurrera begira ere, aldizkarian argitaratzen dituzten lanetako batzuk berrargitaratzeko asmoa dute.
Osasuna bidelagun
Azken 25 urteetan 'Pyrenaica' aldizkarian argitaratu dituen aholkuak gaurkotu, orraztu eta liburu batean bildu ditu Kepa Lizarraga mendizale eta sendagileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu