Edurne Pasaban atsekabetuta agertu zen atzo Juanito Oiarzabalengandik herenegun jasotako kritikek sortutako zalapartarengatik. «Oso irudi txarra ematen ari gara, kirolak zabaldu beharreko balioak beste batzuk dira. Honekin guztiarekin min handia egiten ari gara mendigoizaletasunari». Era berean, ukatu egin zuen Everest igo ez izana Lhotseko espedizioko kide batzuk erreskatatu izanaren ondorioa dela.
Pasaban atzo itzuli zen espediziotik, eta Madrilgo Barajasko aireportuan egin zituen adierazpenak. «Inondik ere ez dugu Lhotseko erreskatea Everest igo ez izanaren aitzakia moduan erabiliko», argitu zuen lehenbizi, Juanito Oiarzabalek herenegun leporaturikoari erantzunez. Kritikek mindu egin diotela aitortu zuen, eta, aldi berean, maite dutenen pertsonei min egiten dietela nabarmendu zuen. Ez dituela ulertzen gehitu zuen, haren iritziz, Oiarzabalekin oinarrizko kanpalekuan izandako harremana ona izan zelako.
Lhotseko espedizioko kideen erreskateaz mintzatzean «egin behar zena» egin zutela azpimarratu zuen Pasabanek, eta ez dela damutzen. Lolo Gonzalez espedizioko kidea jaitsieran galdu egin zela gogorarazi zuen, eta horregatik antolatu zutela erreskatea. «Lolo toki arriskutsu batean zegoen, soketatik erori egin zen, eta erreskate zaila izan zen». Gai berean, espedizio komertzialen laguntza nabarmendu zuen, eta han egon izan ez balira «ez dakiela» zer gertatuko zen. Dena den, zalapartak alpinismoan eragin txarra izango duela aurreratu zuen. «Hemendik aurrera, Himalayan, jendeak oso ondo pentsatuko ditu gauzak erreskateren bati ekin aurretik».
Erreskatea ez zuen aitzakia moduan erabili nahi izan, baina, Pasabanen hitzetan, «jota» utzi zituen, eta horregatik ez zuten egin azken ahalegina. Era berean, aurtengoa euren urtea ez zela esan zuen, eta berriz ere itzultzeko asmoa duela aurreratu. Pasaban Everest oxigenoaren laguntzarik gabe igotzeko asmoz abiatu zen, baina maiatzaren 21ean eginiko saioan ez zuen lortu.
Pasaban: «Oso irudi txarra ematen ari gara; min egiten diogu alpinismoari»
Mendizaleak ukatu egin du Everest ez igotzea Lhotseko espedizioari lagundu izanaren ondorioa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu