Pemba Tsering hil da, 1980ko Everesteko euskal espedizioko sirdarra

Xerpa taldearen eta euskal herritarren arteko bat egitean eta espedizioaren martxan pertsona garrantzitsua izan zela nabarmendu dute taldekidek. Lehen espedizioa zuen sirdar lanetan, artean oso gaztea zela. Felipe Uriarte: «Oso bizkorra eta adeitsua zen».

Pemba Tsering 1980an Everesten. 1980KO EUSKAL ESPEDIZIOA
Pemba Tsering 1980an Everesten. 1980KO EUSKAL ESPEDIZIOA
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 24a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Everesteko 1980ko espedizio gogoangarri hartan, Pasang Temba xerpa eta Martin Zabaleta igo ziren tontorrera, baina haiekin batera herri oso bat ere igo zen munduko tontorrik garaienera, eta talde oso baten lorpena izan zen. Mendizale talde hartan, euskal herritarrak eta xerpak eskutik aritu ziren, orpoz orpo, eta elkarlan horretan eta espedizioaren martxa onean, funtsezko pertsona izan zen Pemba Tsering sirdarra, xerpen taldeko burua. Oraintsu heldu da berria Euskal Herrira, uztailaren 8an zendu zela Pemba Tsering.

Hasiera-hasieratik aritu zen Pemba Tsering gogotik lanean espedizioaren martxa ona bideratzen. Xabier Erro eta Kike de Pablo taldekideak itsasontziz joan ziren Euskal Herritik Mumbaira (India), material guztiarekin —garai hartan itsasoz garraiatzen zen karga—, eta ondoren kamioietan Katmanduraino. 1979ko abenduan heldu ziren Nepalgo hiriburura, eta handik, Pemba Tseringek lagundu zien material hura guztia, hamar tona osotara, kanpaleku nagusiraino eramaten, 105 zama eramaileren laguntzarekin. Xabier Erroren urtebetetze egunean, otsailaren 5ean, heldu ziren Pemba Tsering eta Erro Namche Bazarrera, Tseringen jaioterrira. Hala idatzi zuen Errok espedizioaren egunerokoan: «Namchen, Pembak eta biok xerpen taldearen hautaketa egin dugu. Espedizio handietan eskarmentua duen jendea hartu dugu». Hautaketa ona egin zuten.

Namche Bazar herrikoa zen Pemba Tsering, Khumbu bailarako hiriburukoa. 1980an 31 urte zituen, gaztea zen artean sirdarra izateko. «Harritu» egin zituen horrek, Felipe Uriarte espedizio hartako kideak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944) nabarmendu duenez: «Ez zen ohiko sirdarra. Normalean xerpen buruak esperientzia handikoak izaten ziren, adinekoak. Pemba Tsering, ordea, gazte-gaztea zen. Eta ez hori bakarrik, familia apalekoa ere bazen, eta hori ere ez zuen alde sirdar lanerako, baina oso mutil azkarra zen, ezagun zuen begietan, eta bazuen xerpen errespetua eta atxikimendua».

Hamabost urte gorri zituela hasi zen Pemba Tsering mendian lanean, eta pixkanaka, xerpen lanbidean gora eginez joan zen: kitchen boy edo sukaldari lagun hasieran; garraiolari soil gero, oihal zati bat kopetan jarri eta 30 kiloko zamak garraiatuz, egunean hogei errupia mendreren truke; altuerako zama eramaile ondoren, lansari duinagoekin, eta sirdar azkenik. 1980ko euskal espedizioa aurrenekoa izan zuen Pemba Tseringek sirdar lanetan. «Eta garai hartako Everest hartan sirdarra izatea ez zen lan samurra. Orduan Everesteko bidea gure indar hutsez atondu behar genuen, beste inoren laguntzarik gabe, xerpa taldeko hamabi lagunen eta Euskal Herritik joandako beste hainbeste kideren artean. Gaur egun han ibiltzen den jendetzarekin alderatuta, kuadrilla txikia ginen, eta bera zen xerpen lana antolatzen zuena. Sirdar lanetan lehen aldia izateko eta garai hartako Everesten, bikain bete zuen bere lana», nabarmendu du Uriartek.

«Gaztea bakarrik ez, familia apalekoa ere bazen, eta hori ere ez zuen alde sirdar lanerako, baina oso mutil azkarra zen, ezagun zuen begietan, eta bazuen xerpen errespetua eta atxikimendua»

FELIPE URIARTE 1980ko Everesteko espediziokidea

Martxoaren 5ean, Pemba Tseringen etxean, mendiko ekipamendu pertsonala eman zieten xerpa guztiei. Egun garrantzitsua izan zen hura espedizioan. Namche Bazar herriaren goiko aldean bizi zen Pemba Tsering, borda moduko batean. «Gela bakarreko etxea zen; beheko su txiki bat, eta komuna kanpoan. Etxe apala zen, eta han bizi ziren denak; ordurako bost seme-alaba zituzten», oroitu du Uriartek.

Martxoaren 5eko hartan, zeremonia txiki bat ere egin zuten Namche Bazarren. Pemba Tseringek berak eta Juan Ignacio Lorente espedizioburuak diskurtso txiki bana egin zuten, eta talde espiritua, zortea, adiskidetasuna eta gailurra izan zituzten hizpide, besteak beste. Hasiera-hasieratik oso harreman ona sortu zen euskal taldekideen eta xerpen artean, eta harreman hori areago estutu zuen Ang Lakpa xerparen istripuak. Martxoaren 31n, Everesteko Izotz Jauziko arrakala batean erori zen Lakpa. Erreskate operazio zail baten ondoren, larri zaurituta atera zuten labirinto izoztu hartatik, eta kanpaleku nagusira eraman zuten. Juan Ignacio Lorente espedizioburua eta Xabier Garaioa, biak medikuak, gau osoa egon ziren Lakpa zaintzen, harik eta goiz aldera helikopteroak Katmanduko ospitalera eraman zuen arte. «Pemba Tseringek eta gainerako xerpek ikusi zuten prest geundela haien alde edozer egiteko, eta sentimendu horrek asko lagundu zuen gure arteko harreman hori sendotzen», nabarmendu du Uriartek.

Bat egite horren erakusgarri izan ziren gailurreko saiakerak ere. Bi ahalegin nagusietan, xerpa bat eta euskal taldekide bat aritu ziren soka berari lotuta. Maiatzaren 4an, Xabier Garaioa eta Nin Temba Hego Gailurrera (8.760 m) iritsi ziren, baina oxigenoa bukatuta, jaistea hobetsi zuten. Eta maiatzaren 14an, Martin Zabaleta eta Pasang Temba gailurrera heldu ziren.

Itsasoarekin harrituta

Hurrengo urtean, 1981ean, Euskal Herrira etorri ziren Pemba Tsering eta Pasang Temba, eta mendi handien bertikaltasunera ohitutako begi haiek liluratuta geratu ziren itsasoaren zabaltasuna ikustean. «Hilabete ederra izan da. Taldekideen senideak eta lagunak ezagutu ditugu, jende asko. Ondo jan eta edan dugu. Fabrikak eta itsasoa ikusi ditugu, mendi taldeak ezagutu ditugu, eta oso eskertuta gaude. Bizitza osoan oroituko dugu bisita hau», adierazi zuen Pemba Tseringek, garai hartan Pyrenaica aldizkarian jasota geratu zen moduan.

Pemba Tseringek Himalayan Trekking agentzia zabaldu eta lanean gogor jarraitu zuen bere denboran. «Korearrekin eta austriarrekin egiten zuen lan asko; oso laguna zuen Peter Habeler, adibidez, eta harekin lan asko egin zuen. Gurekin ere bai. 1980ko hamarkadatik aurrera elkarrekin lan asko egin genuen Pemba Tseringek eta biok. Cho Oyun, Makalun, Kangchenjungan, Manaslun eta beste hainbat espediziotan eta trekkingetan elkarrekin izan ginen. Pemba arduratzen zen espedizioaren antolaketaz», azaldu du Felipe Uriartek.

Tseringen izaeraren erakusle, Manaslun gertatutakoa ekarri du gogora Uriartek. Samagaun herritik jendea igotzen zen kanpaleku nagusira, eta konturatu ziren biltegiko dendatik hornigaiak lapurtzen ari zela norbait. «Pembak gauetako bat denda horren barnean igaro zuen, eta lapurra harrapatu zuen. Mutil kozkor bat zen. Samagaun herriko familia oneko gaztetxo bat. Pemba Tseringek berak halako epaiketa txiki bat egin zion: Samagaun herriko alkatea, gurasoak eta gaztea deitu zituen, eta gogoan dut nola esan zion gazteari edozer behar izanez gero eskatzeko lasai eta arazorik gabe emango geniola, baina lapurretan ez egiteko, bestela hurrengoan poliziaren aurrean salatuko zuela. Esango nuke oso ondo bideratu zuela auzia».

Lanaren poderioz, pixkanaka, Namche Bazarreko bere borda hura etxe handi eta dotore bihurtu zuen Pemba Tseringek. AEBetan bizitzen ere urteak egin zituen, semeetako bat han bizi baitzen, eta Nepalera itzulita ere, denboraldiak egiten zituen AEBetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA