Europako Mendietan bi mendi kutun dituzte Eneko eta Iker Pou anaiek: Naranjo de Bulnes edo Urriellu Haitza eta Peña Santa de Castilla. Azken honetan, hirugarren bide bat zabaldu dute berriki: Relampagu (600 m). Zailtasuna 8c ingurukoa dela adierazi dute, baina berriro probatzeko asmoa dute, gradua berresteko.
Horrenbestez, trilogia osatu dute mendi eder horretan. 2020an, Rayu bidea zabaldu zuten (8c/600 m), Kiko Cerdarekin batera. Era askean eta egunean eskalatu zuten bide hori, eta, gerora, nazioartean ospea hartu du lerroak. Lehen errepikapena Sasha diGiulian, Brethe Harrington eta Matilda Söderlund eskalatzaileek egin zuten, eta, hurrengoa, Siebe Vanhee eta Sebastien Berthe belgikarrek. Lau urte geroago, Truenu (9a+?/600 m) zabaldu zuten. Oraingoz ez Pou anaiek eta ez beste inork ez du bide hori era askean behetik goraino kateatu, eta hortik graduari lotutako galdera ikurra. Eta bi urteren buruan, 2026ko udazken honetan, trilogia itxi dute Relampagu bidearekin.
«Izugarri dibertitu gara trilogia hau osatzen. Bideen izenekin ere algara artean ibili gara. Lehenari Rayu jarri bagenion, eta bigarrenari Truenu, argi zegoen hirugarrenak Relampagu izan behar zuela», adierazi dute bi anaiek.
Bi ahizpak bezala, Relampagu ere «bide ikusgarria» dela azpimarratu dute Pou anaiek. «Lehen erdia, aurreneko 300 metroak, errazagoak dira. Goiko murruan zailtzen dira gauzak, izugarri. Laranja koloreko zati horretan horma atzerantz etzaten da modu oso jarraituan, 150 metro edo, eta gradua izugarri zailtzen da, hormaren berezko makurduraz gain, heldulekuaak ere gutxi eta ñimiñoak direlako. Hor zortzigarren graduko bi luze aurkitu ditugu jarraian».
Negua datorren honetan, eten bat egingo dute, baina «aukera duten orduko» berriro probatuko dutela jakinarazi dute. «Oso-osorik librean eskalatzea gustatuko litzaiguke».