Mendia. Mendiko eskia

Pirinioak zuritzen dituenerako

Belaguatik Benasqueraino, mendiko eskiatzaileentzat berrehundik gora proposamen bildu ditu Iban Gonzalezek bi gidaliburutan. Aste honetan aurkeztu du Gavarnietik Benasquera doana.

Mendizale bat, eskiak bizkarrean dituela, Perdido mendian gora. IBAN GONZALEZ.
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iazko Gabon jaien bezperan kaleratu zuen aurreneko liburua. Belaguan hasi, Nafarroan, eta Gavarniera bitartean dauden mendiarteak arakatu eta horietan egin daitezkeen irteera interesgarrienak bildu zituen Iban Gonzalezek Esquí libre, de Belagoa a Gavarnie liburuan. Negua ate-joka dela argitaratu du bildumako bigarren alea: Pirinioetan mendebaldetik ekialdera eginez, Gavarnie eta Benasque arteko tartea hartzen duena. Mendiak noiz zurituko esperoan direnek badute txangoak prestatzen joateko beste akuilu bat.

Bi lanak aintzat hartuta, berrehundik gora proposamen bildu ditu Gonzalezek. Zailtasunean denetarikoak dira; maila guztietako eskiatzaileei begira aukeratu ditu: zeharkaldi zirkularrak, ertz errazak nahiz zorrotzak, korridoreak, igoera klasikoak, jaitsiera errazak nahiz bihurriak...

Ia ehun irteera dakartza Esquí libre, de Gavarnie a Benasque liburuak. «Proposamenetako bakoitzarekin taula tekniko txiki bat osatu dut, eta txangoaren irteera lekua, zailtasuna, joan-etorrirako denborak, mendiaren eta maldaren orientazioa eta era horretako informazioa bildu dut», azaldu du Iban Gonzalezek. Ibilbide bakoitzaren deskribapen laburra ere idatzi du, eta argazkiekin eta mapekin txukundu du gida.

Nive argitaletxearen eskutik argitaratu du lana, eta liburuaren 1.500 ale argitaratu dituzte. Dagoeneko Iruñeko dendetan eskura daiteke, 23 eurotan, eta datozen egunetan hiriburuetako denda espezializatuetan eskuratzeko modua izango da. Nive argitaletxearen bidez eskuratzea da beste aukera bat: www.nive.es.

Zazpi urteko lanaren emaitza

«Badira zazpi urte neure buruari erronka jarri niola: mendiko eskiko gidak ikusten nituen, eta nik ere halakorik egin nezakeela pentsatzen nuen. Irteerak egin, eta horien berri eman ahal izateko materiala biltzen joan naiz azken urteetan», argitu du egileak.

Iaz arte, ordea, ez zuen asmoa gauzatu. Nive argitaletxeko Alberto Urtasunek jakin zuen Gonzalez halako bilduma bat osatzen ari zela, eta bidaltzeko eskatu zion. Argitaratzeko modukoa zela pentsatu zuten. «Iazko azaroan izan zen hori, eta abendurako kaleratu genuen. Benasquerainoko tartea ia bukatua nuen, baina bi aletan banatzea erabaki genuen», dio Gonzalezek.

Aldizkarietan, batez ere, Pirinioetan mendiko eskiekin gozatzeko proposamen asko argitaratu dira, eta Interneten informazioa badago. Baina mendikatean dauden aukerak arakatzen dituen liburu gutxi dago, eta daudenek igoera klasiko eta ezagunenak bakarrik ematen dituzte. Hutsune hori paperean betetzeko asmoz bildu ditu proposamenak Gonzalezek. Bi gidaliburuak Urtasunek eta Patricia Biskarretek gidatzen duten Nive argitaletxeak kaleratu ditu, eta data jakinik gabe hirugarrena lantzeko asmotan dira, Urtasunek aurreratu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.