Roger Schaeli suitzarrak eta Simon Gietl italiarrak marka berri bat hautsi dute. Alpeetako Dolomitak mendilerroko Lavaredoko Hiru Tontorretara igo dira, Ovest tontorrera hain zuzen.Pressknodel bidetik gora egin dute bidea bi mendizaleek. Ez dira lehenak izan bide hori irekitzen. Bai, ordea, neguko espedizio batean gailur hori zapaltzen.
Kurt Astner eta Christoph Hainz eskalatzaile italiarrek ireki zuten Pressknodel bidea, 2009ko uztailean. Iaz ere han egon ziren, librean eskalatzen.
Hilabete eskas igaro da Schaeli eta Gietl eskalatzaileek azkeneko balentria egin zutenetik. Orduan Eiger tontorrera iparraldeko bidetik igoera azkarrena egin zuten. Lau ordu eta 25 minutura jaitsi zuten marka, eta sasoi ezin hobean daudela erakutsi.
Martxoaren 5ean ekin zioten Ovest tontorra igotzeko abenturari. Elur jausi batetik ozta-ozta ihes egitea lortu zuten egun hartan. Hurrengo egunean aurreikusitako planak aldatzea erabaki zuten. Ohiko iparraldeko hegaletik hurbildu ordez, hegoaldeko igarobide malkartsutik igotzea erabaki zuten.
Pressknodel bidearen zailtasunik handiena bidearen lehenengo zatian datza. 7c mailako eta 400 metroko igarobide tekniko bat igo behar da. Nahiz eta neguko igoera izan, espero baino erraz eta azkarrago menderatu ahal izan zuten zati hori.
Zailtasunak azkeneko zatian etorri zitzaizkien. Goiko zatiak ez bazuen ere behekoak adina trebetasun tekniko eskatzen, arazo ugari izan zituzten. Elurrez estalia zegoen zati osoa. Behe zatia baino malda horizontalagoa du goikoak, udan igotzeko errazagoa. Neguko eguraldi gogorrak, ordea, asko nekarazi zituen eskalatzaile bikotea.
Hala ere, gaina zapaldu zuten Gietlik eta Schaelik, zazpi orduko igoera eginda.
Himalaya jomuga
Dolomitetan gora lehenengo neguko igoera egitea bazen ere Geitlen eta Schaeliren helburua, luzera begirako entrenamenduaren parte zen Pressknodel bidetik eginiko igoera. Gogor ari dira entrenatzen eskalatzaileak, udaberrian egingo duten espedizioa buruan. Himalayako Arwa orratza eskalatzeko helburua dute bi eskalatzaileek. 2002an ireki zuten bidea, baina oraingoan librean igotzeko asmoa dute.
Pressknodel bidetik Ovest tontorrera igo dira neguan
Roger Schaeli eta Simon Gietl mendizaleek Pressknodel bidea igo dute lehenengo aldiz neguko espedizio batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu