Harrigarriak dira neurriak: 250 milia, 412 kilometro inguru mendiz, 12.733 metroko goranzko desnibela... Munduko ultramaratoi gogorrenetako bat da Cocodonako 250 miliena, eta Rachel Entrekinek mugarri bat ezarri du Arizonako proba entzutetsuan (AEB): lasterketa irabazi du, lehian ziren gainerako gizon nahiz emakumeen aurretik; probaren errekorra gainditu du –56 ordu, 9 minutu eta 48 segundo behar izan ditu 412 kilometroak osatzeko–, eta ordubete eta 20 minuturen aldea atera dio Kilian Korth bigarrenari. Ultramaratoilarien artean munduko onenetakoa da Korth, AEBetako 200 miliako hiru lasterketa nagusien gaur egungo irabazlea, baina oraingo honetan aurretik izan du Entrekin.
Emakumezkoetan hirugarren urtez jarraian irabazi du Entrekinek Cocodona proba, baina oraingoan sailkapen nagusian ere atzetik izan ditu lehiakide guztiak. 2024an, debuteko urtean, hamaikagarren egin zuen; iaz, laugarren; eta aurten, aurrena. Mugarri bat izan da trailaren munduan. Ez da lehen aldia emakume batek gainerako partaide guztiak gainditzen dituena: AEBetan bertan, Courtney Dauwalter garaile izan zen 2017an Moabeko 240 milietan –Dauwalter bigarren izan da aurten Cocodonan emakumezkoetan–, eta Jasmin Paris ere irabazle izan zen 2019ko Montane Spine Race lasterketan, bularreko esnea ateratzeko geldialdi bat eginda, gainera. Alabaina, lehen kategoriako halako proba batean lehen aldia da emakume batek sailkapen nagusiko garaipena lortzen duena.
Arizonako basamortuko tenperatura beroak eta gau hotzak gainditu behar izaten dituzte partaideek Cocodonako 250 milietan, nekearen eta loaren aurkako borroka fisiko eta psikologiko muturrekoan. Entrekinek hiru kuluxka egin zituen proba osoan, bost eta zazpi minutu arteko hiru lo susta. Hala, geldialdi horiek barne, milia bakoitzeko 13:20 batezbestekoari eutsi ahal izan zion estatubatuarrak. Entrekinek 80. kilometroan hartu zuen lasterketaren burua, eta helmugaraino eutsi zion. Probaren lehen erdian, baldintza onak izan zituzten lasterkariek, baina gero eguraldiak okerrera egin zuen, eta gauetako batean euria eta haizea izan zituzten erruz.
Halako distantzia luzeetako probei erreparatuta, sailkapen nagusiko emaitzek argi erakusten dute murriztu egiten direla emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldeak. Aipatutako Courtney Dauwalter bera hainbat aldiz sailkatu da hamar aurrenekoen artean UTMB zirkuituko 100 miliako probetan. Distantzia laburragoetan ere, Canfranceko (Aragoi, Espainia) iazko Munduko Txapelketan esaterako, sailkapen nagusian hamazazpigarren izan zen Tove Alexandersson suediarra, Sara Alonso bigarrena baino ordu erdi lehenago helmugaratuta. Aurten, Zegama-Aizkorri proban izango da Alexandersson, eta, hainbaten esanetan, ez ditu partaide asko izango aurretik.