Sara Alonso bigarren izan da Munduko Trail Txapelketan, Canfrancen

Tove Alexandersson suediarra nagusi izan da lasterketa osoan. Malen Osak erorikoa izan du, eta utzi egin behar izan du proba. Gizonezkoetan, Frederic Tranchand frantziarra izan da munduko txapeldun, Manuel Merillas eta Andreu Blanesen aurretik.

Sara Alonso, Tove Alexandersson txapelduna eta Naomi Lang, Canfranceko helmugan. RFEA
Sara Alonso, Tove Alexandersson txapelduna eta Naomi Lang, Canfranceko helmugan. RFEA
ramon olasagasti
2025eko irailaren 26a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Trail Txapelketak egiten ari dira egunotan Canfrancen (Huesca, Espainia), eta, gaur, Sara Alonso (Donostia, 1999) bigarren izan da Short Trail proban (44,4 kilometro eta 3.400 metroko goranzko desnibela). Munduko txapeldunorde, beraz. Uztailaren 13an Katalunian entrenatzen ari zela behi batek eraso egin zion, eta bazirudien denboraldia hantxe amaituko zela beretzat, baina korrikalari donostiarra indartsu itzuli da denboraldiaren azken txanpan: abuztuaren 28an bosgarren izan zen Chamonixeko OCC lasterketan (61 km, 3.400 m+), eta gaur bigarren izan da Munduko Trail Txapelketan, Tove Alexandersson suediarraren atzetik. Lehen aldiz hartu du parte Alonsok munduko trail txapelketan.

Alonso denboraldi bikaina egiten ari da: Golden Trail World Serieseko zirkuituan bi probatan izan da garaile, Japoniako Kobe lasterketan eta Zegama-Aizkorri mendi maratoian, eta uneotan bigarren da GTWSeko sailkapen nagusian, Madalina Florea errumaniarraren atzetik hamar puntu eskasera. Final handia Italiako Trentino eskualdean jokatuko da, urriaren 10etik 12ra. Golden Trail World Serieseko probez gain, Canfranceko Munduko Txapelketa zen Sara Alonsoren denboraldiko helburu nagusia, eta ondo baino hobeto betetzen ari da bere helburuak.

«Ametsa bete dut»

Pozarren zen Alonso helmugan: «Lasterketaren aurretik esaten nuen zortzi aurrenekoen artean sailkatuta pozik izango nintzela, bost aurrenekoetan sailkatuta oso pozik, eta podiuma ametsa izango zela. Beraz, ametsa bete dut. Candanchuko anoa gunean, bi minuturen barruan igaro gara bigarrenetik bosgarrenera bitarte geunden guztiok, eta hortik aurrera indartsu joan naiz, eta orpoz orpo ibili gara Naomi Lang eta biok. Oso ondo ezagutzen dugu elkar; bera oso ona da jaisten, eta, azken igoeran, barruan nuen guztia eman dut tartea ateratzeko, eta jendeak ere airean eraman nau. Sei orduko lasterketa batean denetarik pasatu daiteke, eta munduko txapeldunorde izatea izugarria da».

MUNDUKO TRAIL TXAPELKETA
Gizonezkoetan hiru aurrenekoak: Manuel Merillas bigarrena, Frederic Tranchand txapelduna eta Andreu Blanes hirugarrena. JOSEMI MUÑOZ / EFE

Canfrancen, Tove Alexandersson oso-oso nagusi izan da proba osoan, eta bost ordu eskasean helmugaratu da (5.02.28). Alexanderssonek ondo baino hobeto ezagutzen zuen ibilbidea, Canfranc-Canfranc proba klasikoaren ibilbide bera baitzen, eta irailaren hasieran bera izan zen garaile lasterketa horretan ere. Neska eta mutil, partaide guztiak kontuan hartuta, hamazazpigarren izan da Alexandersson. Sara Alonso 33 minutu eta 53 segundora helmugaratu da (5.38.15), bigarren, eta Naomi Lang britainiarra izan da hirugarren, Sara Alonsorengandik 38 segundora.

Malen Osa ere ilusioz zen Pirinioetako lasterketarako, baina oñatiarra erori egin da La Moleta mendiko jaitsieran, eta proba bertan behera utzi beharrean izan da. Oihana Kortazar, berriz, 48. izan da.

Tranchard, Merillas eta Blanes

Gizonezkoetan, Frederic Tranchand frantziarra izan da munduko txapeldun (4.42.10), Manuel Merillas espainiarraren eta Andreu Blanes valentziarraren aurretik. Tranchand La Moleta mendiko jaitsieran aurreratu zaie lehiakideei, eta lasterketaren buruari eutsi dio amaieraraino.

Sailkapen eguneratuak Canfranceko Munduko Txapelketako web orrian jarri dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.