Aran ibarrean mundu mailako lasterketak egiten ari dira aste honetan, UTMB zigiluaren babesean eta hainbat distantziatan. Gaur abiatu dira bi proba nagusiak, ostiralarekin: Torn dera Val d’Aran (163 km eta 10.000 m+) eta Camins d’Her (110 km eta 6.400 m+). Hainbat euskal korrikalari ariko dira horietan. Arango proba sorta horretatik estimatuenetako bat, ordea, Peades d’Aigua da (PDA, 55 km eta 3.300 m+): Colomerseko aintzira glaziarren zirku ikusgarrian egiten da lasterketa ikusgarri hori, antzinako bidezidor naturaletan, izei basoetan eta goi mendiko larreetan. Denbora gutxian, Europako proba nagusietako bat bihurtu da tarteko distantzia horretan. Atzo izan zen proba horren seigarren ekitaldia: Salardun hasi eta Vielhan bukatu, 1.700 korrikalari lehiatu ziren, eta euskal korrikalari bat izan zen garaile: Sara Alonso (6.20.12).
Korrikalari donostiarra faboritoetako bat zen, eta ez zuen huts egin, baina atzokoa «inoizko lasterketa gogorrena» izan zen harentzat, helmugan adierazi zuenez. «Asko sufritu dut hasieratik; ikaragarri luzea egin zait. Bero handia izan dugu, eta muga-mugan iritsi naiz». Ioan Madalina Amariei errumaniarraren arnasotsa oso hurbil sumatu zuen lasterketa osoan, eta, presio horrek eraginda edo, bi aldiz erori zen Alonso ibilbideko ingurune harritsu pare batean, baina zutitu eta jarraitzeko moduan izan zen. Sufrimenduak sufrimendu, nabarmendu zuen PDAren ibilbidea «zoragarria» dela, eta «barruan zuen guztia» eman zuela, «lasterketa honek merezi duelako». Iaz ikusle moduan joan zen Alonso proba horretara, eta «liluratuta» geratu zen ibilbidearekin. Aurten, lehen aldiz lehiatu eta garaile izan da PDAn.
Emakumezkoetan, hain zuzen, Ioan Madalina Amarei errumaniarra izan zen bigarren (6.23.06), Alonsorengandik bi minutu eskasera, eta Nuria Gil Clapera kataluniarra hirugarren (6.25.43). Arango bidezidor teknikoetan korrika sei ordu pasatxo eta 55 kilometro luze egin ondoren, bost minutuko tartean sartu ziren hiru aurrenekoak.
Gizonezkoetan, italiarrak izan ziren jaun eta jabe. Luca del Perok hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea, eta lasterketaren buruan eutsi zion amaierara arte, nahiz eta tarte ikaragarririk zabaldu ez. Del Perok, bost ordu eta erdi eskasean (5.23.25) jo zuen Vielhako helmugako kanpaitxoa. Lau minuturen buruan, Gianluca Ghiano herrikideak gurutzatu zuen helmuga (5.27.42), eta Anthony Felber frantsesak osatu zuen podiuma (5.29.50).
Asier Labairu iruindarra izan zen lehen euskal korrikalaria gizonezkoen artean, 14. helmugaratuta (5.53.51), eta bigarrena, Jon Durana; hogeigarren izan zen (6.06.57). Labairuk Aran ibarreko proba zuen trail denboraldiko helburu nagusi, eta meritu handiko postua eta denbora lortu ditu, munduko korrikalaririk onenetako batzuk baino lehen helmugaratuta.
Aran ibarreko PDA probako sailkapen guztiak, esteka honetan.

Euskal korrikalariak sasoi betean daude. Hala erakutsi zuen atzo Sara Alonsok, Aran ibarreko proban. Hala erakutsi du oraindik orain Malen Osa oñatiarrak ere, Italiako Dolomitetako Lavaredo 50K lasterketan (2.600 m+) garaipena lortuta. Beraz, udazkeneko denboraldia ikustekoa izango da Golden Trail World Series egutegiko azken probetan eta nazioarteko beste lasterketa batzuetan. Haien aurkari nagusietako batek ere, Tove Alexandersson suediarrak —Zegama-Aizkorriko maratoian aurretik izan zuten—, berriki agerian utzi du sasoi ikaragarrian dagoela, garaipen ikusgarria lortu baitu Mont Blanceko maratoian, orain arteko marka birrinduta (3.55.07). Ikusi beharko da datozen hilabeteetan zer egutegi eta jomuga finkatzen duen bakoitzak. Alonsok jakinarazi du hurrengo helburua UTMB World Serieseko finala izango duela, abuztuaren amaieran, Chamonixen (Frantzia).
Maitane Melero eta Javi Menta garaile Bortzirietako Kopako lehen proban
Etxetik gertu, aurreko asteburuan hasi zen mendi lasterketen Bortzirietako Kopa. Lesakako Zubigaineko Kros Herrikoiaren zazpigarren ekitaldia izan zen lehen proba, Beti Gazte taldeak antolatua. Maitane Melero iruindarra eta Javi Menta andoaindarra (Gipuzkoa) izan ziren garaile. Taldeka, berriz, Eziñin izan zen lehen sailkatua (100 puntu), Zerbezeruk bigarren (95) eta Azken Dinosaurioak hirugarren (90).
Txiki, gazte eta heldu, guztira 112 korrikalarik parte hartu zuten Lesakako lasterketan. Nagusiek sei kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten eguzki galdatan. Meleroren atzetik, Ane Elzaurdia izan zen bigarren, eta Elzaurdiaren herrikide Nahia Pikabea hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Iñigo Macias heldu zen bigarren, eta Gwendal Larque hirugarren.

Gazte mailan, Angela Moreno eta Ulises Sarasua izan ziren irabazle; juniorretan, Telmo Lertxundi; kimuetan, Maddi Goizueta eta Xabat Gajate; benjaminetan, Enea Mitxelena eta Julen Zozaia; benjamin aurrekoetan, Aia Perotxena eta Oihan Mitxelena, eta txikien mailan, Arane Taberna eta Ibon Telletxea.
Zubigaineko Kros Herrikoiaren sailkapenak Kronoak webgunean daude, eta Bortzirietako Kopakoak, berriz, Bortzirikopa webgunean.
Bortzirietako Kopako hurrengo lasterketa Alkaiaga Trail izanen da, uztailaren 25ean. Bi distantzia izanen dira: 14 urte beherakoek hiru kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta gainerakoek, zazpi kilometrokoa. Horrez gain, haurrentzako lasterketak ere izanen dira. Hirugarren proba Berako Gau Krosa izanen da: abuztuaren 1ean egingo dute, 22:00etan. Bi horietarako izena eman daiteke jada.