Castellóko Espadan mendilerroan jokatu zen larunabtean Merrell Skyrunner World Series zirkuituko azken proba, SkyMasters finala: Marató dels Dements; eroen maratoia, alegia. 42 kilometro, 3.903 metroko goranzko desnibela eta bederatzi igoera eta jaitsiera, zelaigunerik ia gabeko ibilbide harritsu eta bihurrian. Sara Alonso donostiarra zen faborito nagusia, zirkuitu horretan parte hartutako proba guztiak irabaztetik zetorren – Acantilados del Norte, Calamorro, Gorbeia Suzien eta Sobrescobio– eta eroen maratoian ere bera izan zen onena, hasi eta buka (5.30.38).
Alonsok nahikoa zuen lau aurrenekoen artean bukatzea Skyrunner World Serieseko garaipena lortzeko, baina lasterkari donostiarrak itxiera dotorea eman zion zirkuituari, eta Castellóko maratoian ere ez zuen aurkaririk izan. Ia 10 minutuko aldea atera zion Elena Karafilioska mazedoniarrari eta ordu laurdenekoa Greta Garcia espainiarrari. Nabarmentzekoak izan ziren Oihana Zubillagak lortutako zazpigarren postua eta Ainara Alcuazek lortutako hamargarrena. Skyrunner World Serieseko sailkapen nagusian hamaikagarren geratu da Zubillaga.
Gizonezkoetan, sailkapen nagusia irauli zuen Manuel Merillas leondarrak (Espainia). Marató dels Dementseko probaren atarian Jose Manuel Quispe perutarra zen sailkapen nagusiaren buruan eta Fredéric Tranchand frantziarra zen bigarren. Horrenbestez, Merillasek irabazi egin behar zuen nahitaez, eta Quispe eta Tranchand hirugarren postutik behera geratzea ere behar zuen. Gauzak horrela, hil ala biziko lasterketa egin zuen Merillasek, eta garaipena lortu zuen (4.20.33). Hamabi minututik gorako aldea atera zion bigarrenari, Lucien Mermillon frantziarrari. Marcos Villamuera espainiarrak egin zuen hirugarren. Tranchand zazpigarren izan zen eta Quispe zortzigarren. Justu haien atzetik helmugaratu zen Oier Zubeldia amezketarra (Gipuzkoa), lasterketa bikaina eginda.