Hunkiturik, malkotan gurutzatu du Zeanuriko (Bizkaia) helmuga Sara Alonso korrikalariak, Ida Amelie Robsahm Asics taldeko kidea gogoan, haren argazki bat eskuetan zuela. Aurreko astean zendu zen lagunari eskaini nahi zion Gorbeia Suzien probaren garaipena lasterkari donostiarrak, eta bete du helburua. Nola gainera, bere lehen parte hartzean: hasiera-hasieratik hartu du aurrea, eta, garaipena lortzeaz gain, iaz Lide Urrestarazuk lortutako errekorra (3.34.16) ia 13 minutu hobetu du Alonsok: hiru ordu, 21 minutu eta 31 segundoan osatu du Skyrace lasterketa (32 km, 2.400 m+). Bigarren Denise Dragomir errumaniarra izan da (3.34.45), eta hirugarren, Natalie Beadle britainiarra (3.36.16). Nabarmentzekoa izan da Oihane Zubillaga anoetarraren (Gipuzkoa) laugarren postua ere (3.41.11). Bosgarren Alice Bausseron frantziarra izan da (3.43.30).
Lasterketaren osteko adierazpenetan ere Ida Amelie Robsahm izan du gogoan Alonsok: «Oso lasterketa garrantzitsua zen niretzat. Lehen metrotik nahi nuen azkar korri egin, errekorra nahi nuen, eta lortu dut. Garaipena Idarentzako omenaldi bat izan da. Espero dut errekor honek asko irautea eta harentzat izatea».

Gizonezkoetan, Alain Santamariak lortu du garaipena, eta hark ere nabarmen ondu du duela hiru urte berak ezarri zuen errekorra: errioxarrak 2023an baino 6 minutu eta 44 segundo azkarrago osatu du lasterketa luzea. Beraz, puska ederra jan dio Gorbeiako markari. Santamariak hasiera-hasieratik egin du apustua, eta aurre hartu die lehiakideei. Aitor Ajuria iazko irabazleak hurbiletik jarraitu dio hasierako kilometroetan, baina gero ezin izan dio erritmo bizi horri eutsi. Gorbeiako tontorretik 2023an baino lau minutu lehenago igaro da Santamaria, eta helmugaraino hegan joan da gero. Manuel Merillas espainiarrak atzetik aurrerako lasterketa egin du, eta irabazlearengandik 1.43ra gurutzatu du helmuga. LoĂ¯c Robert frantsesak osatu du podiuma (2.53.11). Marcos Villamuera kantabriarra izan da laugarren (2.55.21), eta Aitor Ajuria otxandiarra (Bizkaia) bosgarren (2.56.20). Azpimarratzekoa da bost aurrenekoek hobetu dutela aurreko errekorra. Ajuriaren atzetik, seigarren, Ibai Larrea antzuolarra (Gipuzkoa) izan da.
Skayrace probako sailkapen guztiak, esteka honetan.
Lasterketa laburrean (21 km, 1.200 m+), Dalia Alonso alacantarra (2.13.45) eta Biel Sagues kataluniarra (1.49.44) izan dira irabazleak. Emakumezkoetan, Emma Mendez galiziarra izan da bigarren (2.15.38), eta Marian Torio espainiarra hirugarren (2.18.10). Gizonezkoetan, berriz, bigarren Marcos Lopez Galera espainiarra izan da (1.52.46), eta hirugarren, Yannick Memheld frantziarra (1.53.35).
21K lasterketako sailkapen guztiak, esteka honetan.