Sayed Alishah Farhang errefuxiatu afganiarrak jasoko du 2026ko WOP Mendi Film saria, ‘Champions of the Golden Valley’ film arrakastatsuko protagonistak

Sorterrian, talibanen altxamenduek gogor zigortutako Bamyan eskualdean, mendiko eskiko txapelketa bat sendotzeko ahalegina egin zuen urte luzez, eskiaren bidez osasuna, aisia eta genero berdintasuna sustatzeko. Gaur egun Alemanian bizi da, erbesteratuta.

Sayed Alishah Farhang errefuxiatu afganiarra
Sayed Alishah Farhang errefuxiatu afganiarra. CHAMPIONS OF THE GOLDEN VALLEY
ramon olasagasti
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sayed Alishah Farhang errefuxiatu afganiarrak jasoko du aurten WOP Mendi Film saria. Afganistandik ihesi, Alemanian bizi da gaur egun Farhang, eta iaz Bilboko Mendi Film jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen Champions of the Golden Valley filmeko protagonista nagusia da.

Sayed Alishah Farhangek bere sorterrian, Bamyan eskualdean, mendiko eskiko txapelketa bat antolatu eta sendotzeko ahalegina egin zuen urte luzez. Talibanen erasoek eta gatazkek gogor zigortutako eskualde batean, mendiaren eta eskiaren bidez osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero berdintasuna sustatu nahi izan zituen.

Eski entrenatzailea eta mendi gidaria ere bada Farhang, eta Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko hautagai izandakoa. Hamabi urtez Ski Club Bamyan elkartea koordinatu zuen, eta haren baitan antolatzen zen The Afghan Ski Challenge txapelketa bultzatu zuen. Lehiaketa hark jatorri eta etnia askotako partaideak biltzen zituen, emakumeen parte hartzea sustatzen zuen, gazteen artean ilusioa eta etorkizunerako aukerak pizten zituen, eta haraneko haurrei parte hartzearen, berdintasunaren eta elkartasunaren balioak helarazten zizkien.

Alabaina, 2021ean talibanek Afganistango gobernuaren kontrola eskuratu zutenean, Sayed Alishah Farhangek herrialdea utzi behar izan zuen emaztearekin eta bi seme-alabekin, eta geroztik Alemanian bizi dira, erbesteratuta.

Champions of the Golden Valley filmak Sayed Alishah Farhangen eta eski txapelketa horren istorioa azaltzen du. Ben Sturgulewskik zuzendu eta AEBetan ekoitzitako pelikula Tribeca jaialdian estreinatu zuten 2024an, eta 50 sari baino gehiago irabazi ditu geroztik, tartean 2026ko Emmy nazionala kirol dokumental onenaren kategorian eta 2025eko Mendi Film jaialdiko sari nagusia. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak filmaren eskubideak eskuratu zituen Milango eta Cortinako 2026ko Neguko Olinpiar Jokoen aurretik, eta gaur egun doan ikus daiteke Olympics.com plataforman.

The Walk On Project Fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bultzatzen duten sariak mendizaleen gizarte konpromisoa eta balioen transmisioa aitortzen ditu, «eta biak ala biak bikain islatzen ditu aipatutako filmak», bi eragileen hitzetan.

WOP Mendi Film Sariaren ekitaldia abenduaren 12an, larunbatean, egingo da, 17:00etako saioan, Euskalduna Jauregian. Sari horren hamahirugarren ekitaldia izango da aurtengoa. Hauek dira orain arteko sarituak:

2026: Sayed Alishah Farhang
2025: Catherine Destivelle
2024: Euskadiko eta Nafarroako Mendi Federazioak
2023: Edurne Pasaban Lizarribar
2022: Eduardo Martinez de Pison
2021: Sebastian Álvaro
2020: Baltistan Fundazioa
2019: Nives Meroi - Romano Benet
2018: Juanjo San Sebastian
2017: Peter Habeler
2016: Sir Chris Bonington
2015: Josep Manuel Anglada
2014: Drawn

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA