Munduko hainbat txokotatik etorritako eskalatzailerik onenetako batzuk bildu dira asteburuan Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako Klimb Masters Euskadi Basque Country proban: haietako batzuk, gaur egun munduko txapelketetan punta-puntan lehiatzen ari diren eskalatzaileak. Zarauzko probak jada nazioarteko maila duela esan daiteke; lehiakideen eta ekipatzaileen kalitatea eta antolakuntza horren erakusgarri. Besteak beste, hauek lehiatu dira aurten: Sohta Amagasa japoniarra, gaur egun munduko sailkapeneko laugarrena; Hannes Van Duysen belgikarra, zazpigarrena; Laporte Corentin, Sam Richard, Kito Martini, Guille Peinado, Chloe Caulier eta Geila Maçia iazko irabazlea.
Geila Maçia katalana, esaterako, 2025eko abuztuan 19 urtez beherako munduko boulder txapeldun eta zailtasunean txapeldunorde izan zen Helsinkin. Mundu osoko izen handi horiekin batera, Euskal Herri osoko eta beste hainbat tokitako eskalatzaile amateur ugari aritu dira lehian, tartean gazte asko.
Txapelketako antolakuntza ere lehiakideen parekoa izan da. Klimb Zarautz rokodromoko ekipatzaileekin batera, gaur egun routesetter lanetan munduko erreferentzia diren zenbait eskalatzaile aritu dira blokeak prestatzen: Sergio Verdasco madrildarra izan da ekipatzaileen burua, Olinpiar Jokoetako ekipatzaile izandakoa; eta harekin batera aritu dira Juan Antonio Jimenez Portillo, egun nazioarteko txapelketetan ekipatzaile diharduena, eta Hori Tsukuru japoniarra, Munduko Kopako probetako ekipatzaileen burua, eta gaur egun mundu mailako routesetter preziatuena, askoren iritziz.
Proba larunbat goizean hasi zen, eta lehiakideek 30 bloke izan zituzten gainditzeko. Guztira 105 eskalatzaile bildu ziren (80 gizonezko eta 25 emakumezko), lau txandatan banaturik. Haietako 20 gizonezkok eta 20 emakumezkok finalaurrekoetara iristea lortu zuten, eta, igande goizean finalaurrekoak izan ondoren, sei gizonezko eta sei emakumezko sartu ziren igande arratsaldeko finalean.
Emakumezkoetan, sei hauek aritu ziren finalean: Selma Mimoune frantsesa, Chloe Caulier belgikarra, Geila Maçia katalana, Lia Castillo venezuelarra, Sara Sanmartin nafarra eta Sofia Parrado kolonbiarra.

Txapela Selma Mimounek lortu zuen, bigarren Chloe Caulier izan zen, eta hirugarren Geila Maçia. Kanporaketan eta finalaurrekoetan izan ziren emaitzen ondoren, final estua espero zen, baina Selmak nagusitasun handia erakutsi zuen. Aurtengo ezustekoa Sara Sanmartin lizarratar gazteak eman zuen, finalean sartuta. Sara benetan pozik agertu zen maila horretako eskalatzaileekin finalean aritzeko aukera lortu zuelako.
Gizonezkoetan, Hannes Van Uysen belgikarra, Kiot Martini frantsesa, Guillermo Peinado madrildarra, Sotha Amagasa japoniarra, Samuel Richard frantziarra eta Corentin Laporte frantsesa sailkatu ziren finalerako. Gizonezkoen artean estuagoa izan zen finala, eta, nahiz eta Sotha japoniarra izan faboritoa apustuetan eta Hannes izan indartsuena finalaurrekoetan, finalerako azkena sailkatu zenak erdietsi zuen txapela, Corentin Laportek, hain zuzen. Ondoena eskalatu zutenek lortu zuten txapela. Finala benetan ikusgarria izan zen, eta azpimarratzekoa benetan ekipatzaileen lana.
Eskalatzaileek eta antolatzaileek Klimb Zarautzen azken urteetan antolaturiko ekitaldien modukoen beharra azpimarratu zuten. Kirol eskalada eta boulderra jende askorentzat «kirol ezezaguna» dela adierazi zuten, eta nabarmendu horrelako lehiak «ezinbestekoak» direla harrobia lantzeko eta gazteek kirol horiek egoki praktikatu ahal izateko.
Europako zenbait lekutan ohituak daude kirol eskaladako txapelketak ikusten, eta Euskal Herrian antzeko ekitaldi gehiago ikusteko urratsa izan daitekeela aipatu dute. «Horrelako txapelketek eta ekitaldiek bultzada ezinbestekoa ematen diote kirol honi», antolatzaileen esanetan. Alde horretatik, babesleen, sustatzaileen eta hedabideen inplikazioa eskertu dute, baita ETBk finala zuzenean emateko egindako apustua ere. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zarauzko Udala izan dira babesle nagusiak.
SAILKAPENAK
Emakumezkoak:
1. Selma Mimoune
2. Chloe Caulier
3. Geila Maçia
4. Lia Castillo
5. Sofia Parrado
6. Sara Sanmartin
Gizonezkoak
1. Corentin Laporte
2. Samuel Richrad
3. Hannes Van Duysen
4. Guillermo Peinado
5. Kito Martin
6. Sohta Amagasa