Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Mendia
Kazetaria, mendiko gidaria eta alpinista
Oscar Gogorza: «Tabernan garagardoak kontsumitzen diren moduan kontsumitzen da mendia»
Oscar Gogorza kazetari eta mendiko gidariak bere lehen liburua ondu du. 'El País' egunkarian argitaratu izan dituen lanetan sakondu, eta zirrara eragin dioten istorioak bildu ditu lan horretan, alpinismoa zer den esplikatzeko ahaleginean.
Oscar Gogorzak (Irun, Gipuzkoa, 1972) miretsi egiten du Walter Bonatti, eta, hark bezala, alpinismoa eta kazetaritza uztartzen ditu. «Baina ni ez naiz Bonatti, gero!», apaldu du bere burua. Mendi gidaria da, Kiroleneko irakaslea eta El País egunkariko mendiko berriemailea. Maite ditu bi lanbideak. Ondo uztartzen direla dio: «Beste kirolen aldean, alpinismoak badu zerbait desberdina: kontakizuna, literatura... Alpinismoa, ez bada esplikatzen, zaila da ulertzeko. Zer zentzu dauka mendi batera joateak, gailurrera igotzeak, jaisteak eta bidean lepoa jokatzeak?». Alpinismoa zer den esplikatzeko ahalegin horretan, pasio hori bizi izan duten hainbaten bizipenak eta kontakizunak bildu ditu Montaña. Luz y oscuridad camino de la cumbre liburuan (Debate argitaletxea).
Izan gidari lanetan, izan kazetari lanetan, mendiari loturik urte asko egin ondoren argitaratu duzu lehen liburua. Zergatik?
Presioa: Alex Martinez Roig, El País Semanal-eko zuzendari izandakoa, Kiroletako burua, Debate argitaletxean ari da gaur egun, eta luzaroan aritu zait esan eta esan liburu bat idatzi behar nuela, eta azkenean amore eman dut. Urteetan markatu nauten istorioak kontatzea izan da helburua, nire erara, erraz, alpinismoaz ulertzen ez duenak ere ulertzeko moduko lengoaia batean.
Liburuan asko aipatzen duzu Walter Bonatti. Gehien inspiratu eta harritu zaituen alpinista izan da?
Harritu izan nau mendian egin zuen guztiak, noski, baina batez ere 35 urterekin mendia erabat uzteko gai izateak, horrek harritu izan nau gehien. Niretzat pilotaria izan eta beso bat ebakitzea bezala da, edo txirrindularia izan eta zango bat anputatzea bezala. Zure artearen gailurrean zaude, horretara emana bizi izan zara, ikaragarri sufritu duzu, ez duzu ibilbide erraza izan, jende askoren bekaitza jasan baituzu, eta, bat-batean, mendia uztea eta bizimodua aldatzea erabakitzen duzu, jakinda zein zaila den bizitzan pasio bat aurkitzea. Bizitzan hartutako jira hori da, niretzat, egin duen gauzarik harrigarriena, igoera guztiak baino gehiago, espiritu eta inkonformismo menderakaitza erakusten baitu.
Liburuan kontatutako istorioren batek zirrara berezirik eragin dizu, sakondu ahala?
Zirrara berezia eragin zidan Takeyasu Minamiura japoniarraren istorioak: Trangoko Dorrearen gailurrera bera bakarrik iritsi, eta parapentean jauzi egin zuen handik. Hegaldia ez zen ondo atera, eta zintzilik geratu zen hormatik. Entzuna nuen zerbait, baina ez nuen istorio osoaren berri, eta sinesgaitza da. Hark esaten duen moduan, Hollywoodeko gidoilaririk onenari ere ez litzaioke horrelakorik bururatuko. Xehetasunen berri jakiteak zirrara berezia sortu zidan.
Vincendon eta Henryren Alpeetako istorioa ere ez da makala.
Harrigarria hori ere, bai. Aspaldi, erreportaje baterako, Alpeetako erreskate zerbitzua nola sortu zen arakatzen aritu nintzen, eta istorio horrekin egin nuen topo. Yves Balluren liburua irakurri nuen, harrigarria, eta istorioa, egia esan, oso gogorra da, ileak lazteko modukoa. Jende askok esan dit hunkitu egin duela kontakizun horrek.
«Mendira joateko bultzada ergel samarra da egun: sarean jartzeko argazki bat izatea. Mendian gidatu izan ditudan hainbat bezerorekin ikusi dut hori: askori ez diot ikusten mendiaren maitasun izpirik»
Lionel Terrayk alpinismoaren etika eta zimenduak aipatzen ditu alpinismoari buruzko bere definizioan. Bizirik irauten dute oinarri horiek?
Baietz uste dut. Alpinismoaren etika, azken batean, idatzi gabeko arauen multzo bat da. Kirol gehienetan, arau batzuk daude, eta epaile bat. Alpinismoan, norbera da epaile norberaren jokoan. Hau da, nork bere etika izan dezake. Nire etika askoz laxoagoa izango da Jordi Corominasek duena baino, baina horrek ez dit eragozten alpinismoaz bete-betean gozatzea. Etika, niretzat, besteei eta geure buruari iruzurrik ez egitea da; egiteko gauza izan ez zaren zerbait ez saltzea ez duzulako onartu nahi ez zarela iristen konpromiso maila jakin batera. Etika oso loturik dago onartu nahi duzun konpromisoarekin. Etikarik ez balego, ez litzateke kontakizunik egongo; hau da, alpinista handiek ez balizkiote beren buruari arau zorrotz horiek ezarriko, ez legoke etikarik, ez legoke aurrerapausorik, ez litzateke egongo gaur egungoa bezain alpinismo aberatsik. Beraz, etikaren oinarriak zutik daude, baina aldatuz doaz urteen joanean.
Aldaketa horretan, zer eragin izan dute sare sozialek, berehalakotasunak eta halakoek?
Mendia oso modan dago orain. Tabernan garagardoak kontsumitzen diren moduan kontsumitzen da mendia. Egia da, hala ere, jende gehiena mendi berberetan pilatzen dela, eta mendiaren kontsumo hori beti izan dela, baina orain izugarri areagotu da. Eta mendira joateko bultzada ergel samarra da egun: sarean jartzeko argazki bat izatea. Mendian gidatu izan ditudan hainbat bezerorekin ikusi dut hori: askori ez diot ikusten mendiaren maitasun izpirik; behar absurdo bat besterik ez dute gailurreko argazki bat izateko, eta esperientzia bat bizi izan dutela esateko, baina egiaz bizi gabe, ez baitira gai paisaiari arreta jartzeko, ez baitute jakin-minik bide edo mendi horren historia ezagutzeko...
Gailurreko argazkiaren trofeoa nahi du jendeak, beraz?
Lehen, alpinista onek liburuak idazten zituzten. Gaur egun, askok Instagramen argazki bat jarri eta hamaika lerro idazten dituzte, eta hor kontakizuna galtzen ari da. Alpinista asko ontzat ematen ari da hori izatea komunikatzeko modua, babesleek eskatzen baitiete sare sozialetan hau eta hura jartzeko, baina egiaz ez dira bizipenak kontatzen ari. Hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait mendiko aldizkariak egotea, mendiko kazetaritza egitea eta mendiko liburuak idaztea, bestela jende askoren inspirazio iturria galtzen ari gara. Horregatik, beldurra ematen dit berehalakotasun horrek alpinismoaren egiazko kontakizuna prostituituko ote duen. Norbaitek sare sozialetan Jannu gailurreko argazkia jartzeak, igo dela eta oso pozik dagoela esateak, berez, ez du ezer esaten; estali egiten du atzean dagoen bizipen harrigarria. Alde horretatik da arriskutsua berehalakotasun hori.
«Erabat libre izatea oso zaila da, bidesari asko daude, eta ni liluratu egiten ninduen Iñakiren [Otxoa de Olza] aske izateko gaitasun horrek. Karisma izugarria zuen»
Liburuko kontakizun asko dramak, biziraupen istorioak, odiseak dira. Kapituluz kapitulu egiten dira betiko galderari erantzuteko saiakera batzuk: zergatik arriskatzen du jendeak bizia mendi batera igotzeko?
Jolas bat delako, eta jolas horretan inork ez duelako uste huts egingo duenik. Inork ez du pentsatzen mendian hilko denik. Alpinista handiak muga-mugaraino prestatzen dira, dena lotuta edukitzen saiatzen dira, baina mendian ezinezkoa da hori, arrakalak daude, serac-ak eta harriak erortzen dira, elur jausiak gertatzen dira... Joko horretan batek ahalegina egiten du ahalik eta jokalari onena izateko, baina onartu behar du arrisku batzuk ezingo dituela inoiz kontrolatu. Annapurnaren hego horman 500 metro goragotik Alex MacIntye britainiarrari buru gainera harri bat erori izana zer da? Hori patua da, besterik ez. Seguruenera dena ondo egingo zuen, baina hori ezin zuen kontrolatu. Alpinistak ez dira suizidak; kontrolagaitza den zerbait kontrolatzen saiatzen dira, eta hor dago arazoa, gauza asko ez daudela gure esku.
Mugak zabaltzeko ahalegin horretan, ez al zaizu iruditzen zenbaitetan jarduerak oso muturrera eraman izan direnik?
Ni txirrindularitzan ibili nintzen, eta haluzinatu egiten nuen alpinistekin, ez baitziren entrenatzen: eskalatzera joaten ziren, eta jarduerak egiten zituzten, baina entrenatu ez. Pentsatzen nuen: jendea benetan prestatzen hasten denean, jauzi handi bat izango da, eta hori ari da gertatzen. Belaunaldi gazte harrigarri bat iritsi da –Kilian Jornet bera, adibidez, goitik beherako alpinista, nire iritziz–, benetan entrenatzen hasi dena. Eta lehen pentsaezinak ziren gauzak egiten. Adibidez, Benjamin Vedrines frantziarrak egin dituenak. Jorasses horma sei orduan eskalatu, Chamonixetik eskiekin hurbilduta, eta gero gailurretik hegan egin. Zoragarria iruditzen zait. Eta ez da suizida bat, maila tekniko eta fisiko handia baitu, eta ezagutza ikaragarria. Horregatik ari da gauza harrigarriak egiten: bere ahal fisikoari esker lehen ezinezkoak ziren jarduerekin amestu dezakeelako. Ados, alpinismoa ez da kirol bat, bizitzeko modu bat da, baina eboluzioa izateko, alpinistek beren aldetik ere jarri behar dute, eta entrenamendu serioak egin. Eta hori irudimenarekin eta alpinismoaren historiaren ezagutzarekin konbinatu behar dute. ‘Zer ekarpen egin dezaket nik?’, galdetu behar diote beren buruari. Adibidez, Kilianek Alpeetan egin duen zeharkaldia horrela iritsi da.
Baina jarduerak muturrera eraman nahi horretan alpinista on asko joan da: Ueli Steck, Kazuya Hiraide...
Ueli Steck Nuptsen hil zen, ez dakigu nola, baina ez zen muturreko ezer egiten ari. Kazuyari dagokionez, ez dut ulertzen nola sartu zen K2ko bide horretan baldintza haietan. Zerbaitek huts egin zuen: pertzepzioak, ukiezinak zirela sinesteak... Bideari erreparatu, eta ohartzen zara hortik erortzen dela guztia, eta uda hartan jausi asko izan ziren goitik. Ez nuen uste sartuko zirenik, eta atzera egin zutelako albistearen zain nengoela, haien heriotzaren albistea iritsi zen. Voytek Kurtyka-eta, bide horretan sartu zirenean, ez ziren 6.500 metrora iritsi, suizidio hutsa baitzen. Eta Kurtyka bazen nor. Nolanahi ere, alpinismoa ziaboga batean dagoela uste dut, autopropultsioan, jendea ohartzen ari baita zenbat eta maila tekniko handiagoa izan orduan eta amets handiagoak izan daitezkeela. Hildakoak izango direla? Seguru, historiarekin batera doa, baina ez dut uste desbiderik dagoenik. Hori dena literaturaren bidez ondo esplikatzeak, horrek kezkatzen nau: kontatzeak puntan dabiltzan horiek nor diren, zertan ari diren, zer sentitzen duten egiten dutenean... Hori egitea zoragarria litzateke, eta ez Instagramen soilik geratzea.
«Alpinistak ez dira suizidak; kontrolagaitza den zerbait kontrolatzen saiatzen dira, eta hor dago arazoa, gauza asko ez daudela gure esku»
Liburuan izen propio asko daude, baina ezagun da Iñaki Otxoa de Olzak utzi dizun arrastoa.
Arrastoa utzi zidan, ordura arte ez bainuen ezagutzen askatasun espiritu hori. ‘Nik nire bizitzan eragin nahi dut, ez bizitzak nigan eragitea. Bizimodu hau aukeratu dut, badakit zer kenduko didan, baina badakit zer emango didan ere, eta emango didan horixe da nik nahi dudana. Askatasuna mendian eta mendirako bizitzeko, nahiz eta diru sarrerarik ez izan, nahiz eta Txantrean pisu kaskar batean bizi behar izan...’, hori zen haren pentsamoldea. Egun guztiak festa moduko bat ziren harentzat, eta horrek marka utzi zuen nigan. Erabat libre izatea oso zaila da, bidesari asko daude, eta ni liluratu egiten ninduen Iñakiren aske izateko gaitasun horrek. Karisma izugarria zuen, istorioak kontatzeko gaitasun harrigarria ere bai, narratzaile bikaina zen, Campo base aldizkariko zuzendari izan nintzenean zutabe ederrak idazten zizkigun... Asko irakurtzen zuen, maite zuen literatura. Iñakirekin denetariko gauzez hitz egiten nuen; gutxien, mendiari buruz.
Kilian Jornet aipatu duzu lehen. Azken urteotan, alpinismoaren ordez trail running-a bihurtu da bai mendiko industriaren eta bai mendiko informazioaren arretagune nagusia. Mendiko berriemaile moduan nola bizi izan duzu fenomeno hori?
Gizartean, oro har, zero arriskurako joera dugu. Estatu Batuetatik datorkigu dena kontrolpean eduki nahi hori. Seme-alaben heziketan ikus daiteke. Lehen, kalera ateratzen ginen, eta gurasoek ez zuten jakiten zertan genbiltzan. Orain, seme-alaben unez uneko jarraipena egiten da; are, kalera ere askoz gutxiago ateratzen dira. Kontrol hori inposizio modu bat da. Eta mendira ere iritsi da. Gero eta jende gehiagok hartzen du gidari bat gidaririk behar ez den jardueretarako –alde batera, primeran, nire lanbiderako ona baita hori–, gero eta jende gehiago dago sufritu nahi ez duena, esperimentatu nahi ez duena... Hiperbabestuta egoteko halako joera bat dago. Hortaz, mendiko lasterketena ez da harritzekoa: bidezidor batean korrika ibiltzea ez da arriskutsua berez; jendearen begietara, eskalatzea da arriskutsua, plano bertikalean jartzea. Desbide bat da, argi. Atxarten, duela urte batzuk, auto gehienak eskalatzaileenak ziren; gaur egun, kalkulatzen dut autoen %20 eskalatzaileenak direla eta %80 paseatzaileenak. Nik uste dut alpinismoa aurrerantzean ere existituko dela baina nitxo gero eta txikiagoa izango dela. Horren erakusgarri, gazte alpinisten taldea osatzeko deialdietan, hamar edo hamabost hautagai baino ez dira aurkezten. Trail runner-en talde bat osatzeko probak eginez gero, hautagaiak bostehun lirateke.
LIBURUAREN FITXa
MONTAÑA. Luz y oscuridad camino de la cumbre. Egilea: Oscar Gogorza