Itsasora menturatu da bat, Mikel Urdangarin kantaria (Zornotza, Bizkaia, 1971); eta itsaso izoztura, Mont Blanceko Mer de Glace glaziarrera bestea, Jesus Mari Lazkano margolaria (Bergara, Gipuzkoa, 1960). «Mugarik gabeko naturan» barneratu dira biak, hotzak ospeldutako eskuekin arkatzari eutsiz; olatu kolpeen artean Aitzaki ontziko sokei gitarrarenei baino irmoago helduz. Deserosoa baita natura, sarri. «Libertatea eta erosotasuna kontrajarriak dira», dio Urdangarinek. «Libre izan nahi baduzu, etxetik atera egin beharko duzu, normalean toki deseroso batera». Ez dira beraiek ere bertan goxo egin zaleak: oraingoan, ohikoa duten sormen esparrutik lekutu, eta zinemaren munduan menturatu dira. Lazkano, gainera, Urdangarinen filmean agertzen diren ahotsetako bat ere bada. Mendi Film jaialdian, Euskalduna jauregian, aurkeztuko dira bien pelikulak: ostiralean, 19:30ean, Urdangarinen Itsasora, eta abenduaren 8an, 19:45ean, Lazkanoren Natura fugit, animaziozko filma.
Irudietan, marinel bat ageri da kareletik itsasoari beha, begiak berunezko infinitu kulunkarian galduta. Behatze hutsaren opariaz gozatzen. Unai Basurko da, munduari itzulia eman zion portugaletetarra. Duela sei urte ezagutu zuten elkar Urdangarinek eta Basurkok: batek txundituta erreparatu ziola bestearen mundu birari, eta besteak lagun duela bataren musika itsasaldi bakartietan... Eta elkarrekiko miresmenaren aitortzaren ondotik nabigatzeko gonbita. «Geroztik, hainbat itsasaldi egin ditugu elkarrekin, hemen inguruan, Galiziako kostaldean... Behin aitortu zidan pena bat daukala, mundu bira hura liburu batean kontatu ez izana. Nire artean pentsatu nuen: liburu batean ez, baina nire erara kontatuko dut. Eta beste era hori da pelikula hau». Itsasora ez da, ordea, Basurkoren balentrien alabantza. Itsasora da magnetismo baten sakoneran murgildu nahia, «zer indarrek erakartzen gaituen modu ia ulertezinean itsasorantz, alegia arriskurantz». Itsasora da «nabigatzaile bakartien arima kontatzeko ahalegina», Urdangarinen hitzetan.
Irudietan, ibiltari bat ageri da lainozko itsasoari beha. Caspar David Friedrich margolariaren lan ezagunenaren pertsonaia da, Friedrich bera, menturaz. Friedrichek, Alemaniako erromantizismoaren ordezkari gorenetako batek, Mont Blanceko Mer de Glace glaziarra margotu zuen 1824an, eta berrehun urteren buruan, Lazkanok berrinterpretatu egin du paisaia hura, dramaren aurrean jelatuta: «Aurrez ere egona nintzen, 23-24 urterekin Mont Blanceko inguru haietan ibilia nintzen, eta gogoan nuen glaziarra orduan nola zegoen. Eta orain ikusi dudanean, arima bera ere pitzatu egin zait. Sekulako drama da».
«Natura gara»
Denbora dezente igaro du Lazkanok Mer de Glaceri beha, patxadaz eserita —«naturarekiko komunikazio hori lortzea beharrezkoa da»— udan eta neguan, marrazten eta marrazten, paisaia nolakoa den ulertzen, soinuak, argiak, espazioak memorian gordetzen eta bere ikuspegia koadernoetara eramaten. «Luzea izan da filmaren prozesua, lau urteko bidea, ia 3.000 marrazki egin ditut, eta ez txikiak, formatu handikoak baizik, baina ederra izan da». Ederra prozesua, samina Mer de Glaceren garrasi isila: marrazki batetik bestera, ur-negar batean, urtzen, odolusten doa glaziarra, Lazkanoren filmean. Natura fugit.
«Aurrez ere egona nintzen, 23-24 urterekin, Mont Blanceko inguru haietan, eta gogoan nuen glaziarra orduan nola zegoen. Eta orain ikusi dudanean, arima bera ere pitzatu egin zait»
JESUS MARI LAZKANO Margolaria
Alde horretatik, margolaria ez da behaketa hutsera mugatu, barneratu egin da glaziarraren zaurietan. «Gure bizimodua, gero eta gehiago, asfaltoari eta pantailei loturik dago, eta iruditzen zaigu natura kanpoko zerbait dela, baina ez da horrela, gu ere natura gara. Bizimodu digitalak naturatik kanpo kokatu nahi gaitu, baina ez, gu, benetan, natura gara, eta bere erritmoa eta arima oraindik gure barnean daude, nahiz eta galtzen ari garen poliki-poliki. Film honen helburuetako bat hori da: sentimendu horretara itzularaztea jendea».
Urdangarinen filmean ere, ozeanoaren hondotik azaleratzen da mezu hori. «Planeta gehiena itsasoa da, itsasoa gara, eta, hala ere, bizkar ematen diogu gehienok. Ni, film honen bidez, saiatu naiz aurrez aurre begiratzen, sakontasunez. Unai [Basurko] da harreman eta begirada horren katalizatzailea eta haren alter ego-ak, Gerardo Markuleta poeta, Galo Iturraspe arrantzalea, Lazkano bera eta Unai Urresti nabigatzailea, Basurkoren ahots hori osatzera datoz, azaltzeko zerk bultzatzen gaituen itsasora. Eta niretzako, arrazoirik sakonena naturaren magnetismoa da. Parte garelako».
Mundua finitua da
Denboraren eta espazioaren koordenatuak lerrokatzen direla sentitzea «indar handiko sentimendua da», Jesus Mari Lazkanoren esanetan. Margolariak, duela ez asko, Atlantikoaren erdian nabigatzen ari zela sentitu zuen lehen aldiz. «Bidaia luzeak egiten ditugunean, oso disruptiboak izaten dira: denbora laburrean distantzia ikaragarriak egiten ditugu. Duela lau urte, Atlantikoa zeharkatu nuen belaontzi batean, 22 egun izan ziren, eta bidaia hartan, itsasoaren kulunkan, denbora eta espazioa batera zihoazen: sentitzen nuen, argi eta garbi, distantzia nolakoa zen. Eta kontzientzia hartu nuen Lurraren benetako neurriez. Lehen aldiz nire bizitzan, 60 urterekin. Belaontzi txiki batean eta itsasoaren erdian». Eta jabetu zen benetan «oso txikia dela Lurra». Eta kontzientzia hori hartzean, «are larriagoa bihurtzen da dena», Lazkanoren arabera. «Ohartzen zara oso erraza dela gure lur txiki hau txikitzea, apurtzea».
Bere azal zartatuan itsas milia asko dituen jendeak oso barneratua du mezu hori Urdangarinen ustez, eta Itsasora filmean ere «egiazkotasun handiarekin» azaleratzen da. «Itsasoak sorrarazten dizkigu daudenik eta adjektibo potoloenak, begiak ez duelako ahalmenik dimentsio erraldoi haiek neurtzeko. Paisaia neurtezina da. Eta aldi berean itsasoan jabetzen zara munduaren txikitasunaz, eta uste dut hori baino emozio larriagorik ez dagoela. Unai konturatzen da zer hauskorra eta finitua den mundua. Bukaera du, mugak ditu, eta izaeraz hauskorra da».
Eta, aldi berean, espazio mugagabe horietan «zein ezdeusak garen» ere ohartzen dira bi-biak. «Itsasoan, ezin zara bertatik atera, normalean. Beste dimentsio bat da. Horregatik askok ez dute joan nahi izaten itsasora. ‘Zertara?’ diote, ‘ni hemen oso eroso nago’. ‘Nire oinek behar dute lurra zapaldu’. Esaera hori: oinak lurrean... Itsasoan ez dago oinak lurrean edukitzerik. Itsasoan, itsasontziaren kulunka horretan, badakizu horrelako zabalera batek [hatzekin zentimetro pare bateko tartea irudikatu du] bereizten zaituela itsasotik eta heriotzatik. Pentsamendu hori oso potentea da», Urdangarinen arabera.

Basurkoren nabigazio koadernoko hausnarketak dira hauek, pelikulan jasoak: «Urak batu egiten gaitu. Lurrak, berriz, banandu. Ibai, laku, itsaso, ozeano guztiak elkarri loturik daude. Mugak, ia beti, lehorrean daude». Gerardo Markuletak Itsasora filmean dioen moduan, poesia dira Basurkoren gogoetak. Eta, ondotik, bere poesia labur bat errezitatzen du Markuletak: Erlojua. Denbora biribiletik erorian tanta bi, bata zu eta bestea ni.
Lotuta daude glaziarrak eta itsasoa ere. Mer de Glace bera, Mont Blanceko magalean sortzen da, baina, tantaka-tantaka, itsas zabaleraino iristen da, Arveyron errekaren besoetan lehenik, Arve ibaiaren arroan gero eta Rodanoren abaroan azkenik, Mediterraneoraino. Itsasoraino. Naturarekiko mira eta kezka horrek batzen ditu Urdangarin eta Lazkano, eta bien filmak ere halaxe izan daitezke: tanta bi, batzen dituen itsasorantz, kezka eta ametsetarantz. Gisa berean, Itsasora filmaren bidez adierazi nahi izan duen mezuaren peskizan, pelikulan agertzen direnak ere «itsaso berera» doazela dio Urdangarinek: «Galo [Iturraspe] arrantzalea errekatxo bat da, Xabi Urresti nabigatzailea beste bat, Gerardo [Markuleta] beste bat eta Jesus Mari [Lazkano] beste bat, eta ibai berera doaz denak, eta ibai hori Unai da, eta Unai errekatxo horiek guztiak da aldi berean. Eta denak doaz itsasora».
Mer de Glace hezur eta azal geratuz doan hein berean ari da gainezkatzen itsasoaren maila. Naturan eragiten ari garen desoreka islatzen duten tanta bi ere badira itsasora eta Natura fugit filmak. Urdangarin: «Naturari, gure izanari, gure esentziari bizkarra emanda bizi gara. Zapaltzen dugun lur honekin ez dugu konexiorik, askotan, eta hortik datoz gaitz asko». Ildo berean, Lazkanoren filmak ere, distopiatik harago, azaleratzen du aldarri edo uste bat: «Naturak egunen batean aginpidea hartuko du, ez dakit nola, baina bere tokia hartuko du, eta gu desagertuko gara, ez dakit noiz, baina desagertuko gara. Gu ez gara ezer». Urdangarin: «Mundua lehertu aurretik gu lehertuko gara».

Emozioak: artearen lekua
Sormenak, musikak, pinturak, zinemak... hau da, arteak emozioen ozeano edo glaziar horretan du «bere lekua eta ardura», Lazkanoren eta Urdangarinen ustez. Lazkano: «Emozioei kosk egiteko amuak bota behar ditu arteak. Akuilu izan behar du, zirikatu egin behar du, arrakalak zabaldu behar ditu, galderak sortu. Zer egiten dugu ingurumenaren arazoari aurre egiteko? Zer egiten duzu zuk? Zer egiten dut nik? Natura fugit pelikularen arrazoietako bat hori da, nork bere buruari galdetzea zer ari den egiten, nola aldatu dezakegun gaur egungo joera». Urdangarinek gehitu du «eraldatzailea» izan behar duela sormenak, eta zentzu estetikoaz harago beste zentzu bat ere izan behar duela. «Artea zerbait bada, sormena zerbait bada, transmisioa, komunikazioa, zerbait sentiaraztea da. Konexioaren bila goaz, eta hori, artean, emozio onen bidez lortzen da».
Pertsonaren izaera erromantikoa ere aldarrikatu dute hala Urdangarinek nola Lazkanok, «kolektibotasunak bizi gaituen honetan, garrantzitsua da norberaren baitako ni hori sentitzea, bizialdian nork bere istorioa osatzea, jaio eta hilko garen tarte honetan, zerbait kontatzea, zerbait ekartzea», dio Urdangarinek. Izan ere, Lazkanoren iritziz, «erantzun guztiak ez daude zientzian, erantzun batzuk norberak bilatu beharrekoak dira, esperientzia pertsonaletatik abiatuta».
«Zer indarrek erakartzen gaitu modu ia ulertezinean itsasorantz, alegia arriskurantz. Hori azaltzeko saiakera da Itsasora, nabigatzaile bakartien arima kontatzeko ahalegina»
MIKEL URDANGARIN Kantautorea
Itsasoratu dira bi proiektuak, filma jendaurrean erakusteko garaia da orain. «Nik beti esaten dut arteari amaiera jendeak ematen diola. Zuk proposamen bat egiten duzu, baina gero bakoitzak, norberaren begietatik, bere proiekzioa egiten du eta nahasketa hori sortzen den lekua, hori da, egiaz, artearen tokia. Gure lana jende barik ez da ezer, osatu egin behar da jendearen ikuspuntuarekin, eta hortik beti gauza onak sortzen dira, desberdinak, berriak. Prozesu horretan, nik, egile naizen aldetik, asko ikasten dut. Jendeak beste geruza bat ematen dio arte piezari», Lazkanoren irudiko.
Urdangarini dagokionez, lema tinko gobernatu beharreko itsasaldia izan da film hau egitea. Gidoia, zuzendaritza lana, soinu bandaren konposizioa, berak hartu ditu bere gain, Amura ekoiztetxearen anparoan. Eta itsasaldi horretan «sufritu» egin duela onartu du kantautore zornotzarrak. «Filmaketa gogorra izan da, denboraleak izan ditugu, horrelako produkzio batean sortzen diren zailtasunak... Baina gaizki pasatuagatik ere, berriro egingo nuke, berriro sartuko nintzateke horrelako putzu batean». Iturraspe arrantzaleak dioen moduan, itsasoa maite duenak, sormena maite duenak, denborale guztien gainetik maite du, «eta nabigatzen segitu nahi du».