Ezarian. Mendia

Udaberriarekin batera hasi dira espedizioak Himalayan

Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasaban mendizaleak Himalaya bidean dira, nor bere proiektuarekin

Juanito Oiarzabal, Annapurna mendiaren gailurrean, 14 zortzimilakoak lortu zituenean. JUAN VALLEJO.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Udaberriko espedizioen denboraldia hasi da jada, eta Himalaya jomuga duten espedizioek azkeneko prestakizunak egiten dihardute. Katmandu munduko hainbat lekutatik iritsitako mendizaleen espedizioz betea dago, eta nabaria da mugimendua. Tramite burokratikoak bete behar dituzte espedizioek Nepalgo hiriburuan mendian gora igo aurretik.

Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasabanek kanpaleku basean elkar ikusiko dute ziurrenik. Proiektu desberdinek eraman dituzte Himalayara, eta bakoitzak bere bidea hartuko du behin igoerako prestakuntzak beteta.

Lhotse (8.516 m) munduko laugarren mendirik garaiena igotzen saiatuko da Oiarzabal. Carlos Pauner, Carlos Soria, Javier Perez eta Juanjo Garra izango ditu espediziokide mendizale arabarrak. Gastuak, logistika, kanpaleku nagusia eta baimenak partekatuko dituzten arren, mendizale bakoitza bere kabuz eta bere estrategiarekin igoko da. Ongi bidean, maiatz bukaeran lortuko dute tontorra. Hirugarren kanpalekura arte, bideak konplikazio handirik ez duela esan du Oiarzabalek, baina, hortik gora, elurrak eta izotzak bidea zaildu dezake, nahiz eta udaberria izan.

Lhotse ez da aurtengo Oiarzabalen zortzimilako proiektu bakarra. Aurreikuspenak betez gero, Lhotsetik bueltan, etxean aste pare batez deskantsatuko du Oiarzabalek, Pakistanera abiatu aurretik. Han Nanga Parbateko (8126 m) gailurra zapaltzen saiatuko da.

Proiektu handia du esku artean Juanito Oiarzabalek. 2x14 proiektuan dago murgilduta gasteiztarra, hamalau zortzimilakoak birritan igotzea helburu. Hamalau zortzimilakoetatik zortzi errepikatu ditu jada, eta falta zaizkion seiak 2013. urteko udara bitartean igotzea da mendizalearen asmoa. Munduko hamalau mendirik garaienak bi aldiz igotzen lehenengoa izatea du xede arabarrak.

Everest oxigenorik gabe

Edurne Pasaban aste honetan atera da Everestera (8.848 m) bidean. 2001. urtean igo bazuen ere munduko gailurrik garaiena, oraingoan oxigeno artifizialik gabe igotzeko helburuarekin doa. Horretarako aklimatatze lana beharrezkoa izango du tolosarrak, eta haren espedizioa osatzen duten Asier Izagirre, Ferran Latorre eta Nacho Orvizek. 8.000 metrora igo eta berriz beherako bidea hartu beharko dute gorputza altuera horietara ohitzen joateko. Garai hauetan Everesten bilduko den espedizio kopuruak arriskuan jar lezake Pasabanen eta haren taldekideen proiektua. Bidean mendizale askorekin topatuz gero martxa moteltzeko arriskua dute, eta izozteak pairatzeko arriskua handitu. Maiatzaren erdialdetik aurrera aurreikusi dute gailurra lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.