Uxue Loizu bigarren izan da mendiko eskiko Espainiako txapelketan, bai bertikalean eta bai lineakoan

Eskiatzaileak asteburu bikaina osatu du Panticosako eski estazioan. Aitor Ugarte bigarren izan da, azkenean, Espainiako Kopako sailkapen nagusian.

Uxue Loizu, Ares Torra eta Claudia Gutierrez, podiumean. ANDREA ZARRANZ
Uxue Loizu, Ares Torra eta Claudia Gutierrez, podiumean. ANDREA ZARRANZ
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 4a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko eskiko Espainiako Txapelketak jokatu dira joan den asteburuan, Aramon Formigal-Panticosako eski estazioan (Aragoi, Espainia); larunbatean bertikala jokatu zuten, eta igandean, lineakoa. Euskal eskiatzaileetan, Uxue Loizu bikain aritu da: bertikalean eta distantziakoan, bietan bigarren izan da Iruñeko eskiatzailea. Bi probetan Ares Torra kataluniarrak irabazi du.

Espainiako Kopako azken proba puntuagarria ere bazen igandeko lineako lasterketa, eta, zortzi probetako emaitzak kontuan hartuta, Aitor Ugarte (Aramaio, Araba, 2002) bigarren izan da sailkapen nagusian.

Larunbateko bertikalean, eskiatzaileak estazioaren oinarritik abiatu ziren (1.150 metro), eta Puntal de los Petros eremura igo (1.850 metro). Ibilbideak 5.500 metroko luzera eta 760 metroko goranzko desnibela izan zuen. Ares Torra irabazleak 40.49.09ko denbora egin zuen, eta Uxue Loizuk minutu eta erdi eskas gehiago behar izan zuen (42.09.09). Claudia Gutierrez espainiarra izan zen hirugarren (43.00.09). Gizonezkoetan, Jordi Alis kataluniarra izan zen garaile (30.35.07).

Euskal ordezkariei dagokienez, nabarmentzekoa izan zen 23 urtez azpikoen mailan Jon Razkinek lortutako garaipena. Espainiako Kopako sailkapen nagusian hirugarren izan da Razkin. 16 urtez azpikoetan, Ane Rubio nafarra ere hirugarren izan zen; eta 14 urtez azpikoetan, Kai Lopez nafarra bigarren.

Igandean, lineako edo distantziako proban, 150 eskiatzaile lehiatu ziren, 1.500 metroko desnibeleko ibilbidean. Gaueko tenperatura hotzen ondorioz elur gogorra eduki zuten eskiatzaileek, eta horrek zaildu egin zituen jaitsierak, eta erorikoren bat edo beste ere eragin zuen. Lineako proban, Ares Torra eta Nil Cardona izan ziren garaile. Torraren atzetik, Uxue Loizu izan zen bigarren, eta Claudia Gutierrez hirugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.