Giro bero eta hunkigarriarekin jokatu zen Txirrita Mendi Lasterketaren laugarren aldia, igandean, Donostiako Altza auzoan. Eguraldi iragarpenetan bero handia aurreikusten zutela eta, antolatzaileek ordubete aurreratu zuten irteera ordua, korrikalarien segurtasuna bermatzeko. Bete-betean asmatu zuten erabakiarekin. Hala, goizean goizetik, lasterkariz, boluntarioz eta ikuslez bete ziren Altzako kaleak eta Txoritokietako eta San Marko inguruko bideak. Andoni Uzkianok eta Nerea Amibiliak irabazi zuten lasterketa.
Lasterkariek 17 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten —720 metroko desnibel positiboa zuen—. Ibilbidean, mendi lasterketetan ohikoak diren aldapa eta jaitsiera teknikoak izan zituen, eta sailkapenean ez zen ezustekorik izan. Uzkiano auzoan lehiatu zen. Laugarren aldia zuen lasterketan, eta aurreko hiruretan laugarren sailkatu zen. Hasieratik bizi-bizi korritu zuen, eta pixkanaka aurkariak atzean utzi zituen. Helmugan 1.17.52ko denbora egin zuen. Uzkianok ondo ezagutzen ditu inguruko mendi eta bidezidorrak, eta horrek ere lagundu zion lasterketako unerik erabakigarrienetan aldea kudeatzen. Atzetik, Mikel Usandizaga (1:21:02) eta Iker Ormaetxea (1:21:47) iritsi ziren, hurrenez hurren.
Nerea Amibilia sendo aritu zen lasterketa osoan, eta horri esker irabazi zuen. Erritmo bat ezarri, eta ondo eutsi zion lasterketan zehar. Horri esker, azken kilometroetan ondo kudeatu zituen aldeak. 1.40.21eko denbora egin zuen. Irribarretsu helmugaratu zen. Igandean 139. txapela jantzi zuen aiarrak. Podiumean, Nerea Gargall (1.41.04) eta Nerea Ayape (1.41.58) izan zituen eskuin-ezker.
Gainerako irabazleak eta sailkapenak, esteka honetan.
Baina Txirrita Mendi Lasterketa lehiatik harago doa. Hasieratik izan du auzoarekin, kulturarekin eta komunitatearekin lotura estua, eta aurten ere halaxe izan da. Lasterkariek Txoritokieta eta San Marko inguruko parajeak zeharkatu bitartean, boluntario sare zabal batek bermatu zuen probaren martxa ona. Anoa postuetan, bidegurutzeetan eta helmugan dozenaka lagun aritu ziren lanean, urtez urte ekitaldia posible egiten duen herritarren mugimenduaren erakusgarri.
Hala ere, eguneko unerik bereziena helmugako ekitaldian iritsi zen. Sari banaketa amaitutakoan, Uzkiano lasterketaren garaileak omenaldi hunkigarria egin zion Eñaut Elizalde lagunari. Isiltasunak hartu zuen une batez plaza, eta, Uzkianok eskainitako bi bertsoen ondoren, txalo zaparrada bero batek bete zuen ingurua. Senideak, lagunak eta korrikalariak elkartu ziren omenaldia egitera.
Emozioz beteriko ekitaldia izan zen. Hitz gutxi baina esanguratsuak esanez gogoratu zuten Elizalde, eta bertaratutako askok ezin izan zioten negarrari eutsi. Txirrita Mendi Lasterketak sorreratik aldarrikatu izan duen komunitate izaera agerian geratu zen berriro ere: mendian korrika egitea baino gehiago dela, pertsonak elkartzeko eta oroitzapenak partekatzeko gunea ere badela.