Uztailaren 4an izango da aurten Tolosaldea Ultra Trail Erronka, «karrera handi bat herri txikiei begira»

Alegian hasi eta bukatuko da bigarren aldia, eta eskualdea saretzeko ahaleginean, 10 herritatik eta 11 tontorretatik igaroko da. Neurriak: 82 kilometro, iaz baino 8 gehiago, eta 4.830 m+. Distantzia horretako EMFren Txapelketa izango da aurten.

Tolosaldea Ultra Trail (UTT) Erronka lasterketaren aurkezpena
Alberto Rey, Irati Azkue BERRIAren ordezkaria, Imanol Zubillaga eta Regina Sorarrain Alegiako alkatea, aurkezpenaren osteko argazkian. GORKA RUBIO / FOKU
ramon olasagasti
Alegia
2026ko ekainaren 18a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren 4an, Alegian (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko da aurten Tolosaldea Ultra Trail Erronkaren bigarren ekitaldia. Iaz egin zen lehena, Iruran (Gipuzkoa) hasi eta buka, eta eskualdeari saretzeko ahalegin horretan, aurten Alegiak hartuko du lekukoa. Hain zuzen, herriko alkateak, Regina Sorarrain Lasak, Tolosaldea osatzen duten herrien izaera hori azpimarratu du gaurko aurkezpenean: «Karrera handi bat herri txikiei begira jarri da. Izan ere, hainbat herri txikitatik igarotzen da proba, eta guk, gure aldetik, gure laguntza osoa emango dugu. Boluntario talde bat lanean ari da dagoeneko, eta egunean bertan gehiago izango dira».

«Karrera handi bat herri txikiei begira jarri da. Izan ere, hainbat herri txikitatik igarotzen da proba, eta guk, gure aldetik, gure laguntza osoa emango dugu»

REGINA SORARRAIN LASA Alegiako alkatea

Iaz baino sei kilometro gehiago izango ditu lasterketak, 82 guztira. «Hori izango da aldaketa nagusia. Uzturreko gailurreria ez da egingo aurten; Uzturretik zuzenean Ibarrako Izaskun auzora jaitsiko dira korrikalariak. Hain zuzen, Izaskunen, ibilbidearen erdi parean, egongo da bizitza gunea –otordu sendoa egiteko lekua– eta bertan egingo da lekuko aldaketa ere errelebokako modalitatean», azaldu du Imanol Zubillaga antolakuntzako kideak. Iaz bezala, 7:00etan izango da irteera, eta korrikalariek hamabost orduko epea izango dute bukatzeko. «Aurrekoan kopetako argiak piztuta amaitu zuten batzuek, eta aurten ere hala izango da seguruenera. Erreleboka, bigarren txandan korrika egingo dutenek derrigorrez eraman beharko dute kopetako argia», azaldu du Zubillagak.

Aurten, Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) Ultra Txapelketa izango da UTT Erronka, eta izen-emateak martxa onean doaz. Iaz halako bi daude izena emanda dagoeneko, 200 korrikalaritik gora, errelebokako bikoteak kontuan hartuta. Izan ere, banaka eta erreleboka har daiteke parte, eta erreleboak emakumezkoenak, mistoak ala gizonezkoenak izan daitezke. Hil honen 26ra arte dago izena emateko aukera, probaren webgunean. Iaz irailean izan zen lasterketa, oporralditik bueltan, eta aurten uztailean izateak «jende gehiago» animatu duela azaldu dute antolatzaileek. «Horrez gain, Ehunmiliak proba ere data bertsuetan izaten zen, eta aurten Ehunmiliak ez egoteak jende gehiago erakarri du gurera. Aurrera begira ere gustatuko litzaiguke data honi eustea», azaldu dute Imanol Zubillaga eta Alberto Rey antolakuntzako kideek.

«Uzturretik zuzenean Ibarrako Izaskun auzora jaitsiko dira. Hor egongo da bizitza gunea eta hor egingo da lekuko aldaketa errelebokako modalitatean»

IMANOL ZUBILLAGA UTT Erronka probaren antolakuntzako kidea

Lasterketaren jatorrian, mendi korrikalari bat oroitzeko asmoa dago: David Delgado traileko entrenatzaile madrildarra, hain zuzen. Alberto Reyren lagun mina zen Delgado –almeriarra da Rey, baina aspaldi Tolosaldean bizi da–, eta elkarrekin askotan ibili ziren Tolosaldean korrika. Harritu egin zen Delgado, ez zegoelako eskualdean ultra lasterketarik, eta gaiari bueltaka hasi ziren. 2021ean mamitu zuten ideia. Baina Delgado hil egin zen mendiko istripu batean, 2022an. Haren omenez egin zuten aurrera, eta sortu zuten Ultra Trail Tolosaldea erronka. Hasieratik hori izan da helburua: herri txikiei ikusgaitasuna ematea.

Ibilbidean, korrikalariek hamar herri eta 11 gailur lotuko dituzte. Herrien artean, aurten Hernialdetik ere igaroko da proba, baita Ibarratik ere, Izaskun auzotik hain zuzen. Hala, Alegia, Albiztur, Hernialde, Irura, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Altzo eta Ibarra izango dira aurten lasterketaren igaroleku. Gaindituko beharreko gailurrak, berriz, honako hauek: Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorentzo, Ipuliño, Erroizpe/Larte, Otsabio, Intxurre, Ubeltz eta Herniozabal.

«Tolosa da hiriburua, baina inguruko herri txikiak dira eskualdearen arima, eta proba hau hori balioan jartzera dator, herri txikiek eta auzolan horrek egiten dutela eskualdea»

IRATI AZKUE BERRIAren ordezkaria

BERRIAk ere hasieratik bat egin du lasterketarekin, hedabide babesle moduan, txikitik eragiteko filosofia hori dagoelako oinarrian. «Tolosa da hiriburua, baina inguruko herri txikiak dira eskualdearen arima, eta proba hau hori balioan jartzera dator, herri txikiek josten dutela ingurua, eta auzolan horrek egiten duela eskualdea. Horregatik egiten du bat BERRIAk UTT Erronkarekin», nabarmendu du Irati Azkuek, BERRIAren ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE