Oliver Laxek, Sîrat filmaren zuzendariak, dualtasun hori azaleratu du egunotan elkarrizketa batean: gaur egun hainbeste gurtzen den nortasunaren –maskara berbatik datorren kontzeptua– eta giza esentziaren edo izatearen artean dagoen dualtasun hori.
«Nortasunaren mintz hori —bere beldur eta egoekin— hazi eta hazi egiten da, eta gero eta gehiago urruntzen gara esentziatik», dio Laxek, eta horren ondotik, hauxe gaineratzen du: «Bizitzak, krisiaren bidez, nortasunaren kanpoko mintz hori zeharkatzera garamatza, eta esentziarekin konektatzera».
Eta nork bere krisiaren mugalde hori gainditu duenaren begirada sakon horrekin, hala galdetzen dio bere buruari Laxek: «Nortasunari/egoari atsegin emateko egiten dut lan.... ala esentziarekin konektatzeko?».
Xabier Ormazabal izan zen elurretako lehoinabarraren titulua lortu zuen lehen euskal mendizalea –Sobiet Batasun ohiko bost zazpimilakoetara igotzen zirenei ematen zitzaien ohorea–, Shisha Pangmara eta Cho Oyura igo zen 2004an, eta azken mendi horretatik behera hil zen.

Ezbeharrak familian sortu zuen minarekin eta hutsunearekin enpatizatzen saiatzea handitxo geratzen zait, ez baitzait niri egokitu arrakala sakon horretan erortzea. Baina badakit familia horrek jakin duela krisia bereizten, bahetzen eta hari aurre egiten: mintz hori zeharkatzen, beldurrei, nahigabeari, are amorruari begiz begi begiratzen, eta, ondoren, Xabierren legatua jasotzen, eraldatzen eta gorpuzten. Sentiarazten, biziberritzen.
Neolitikotik, euskal lurretan sinetsi eta praktikatu izan da Animismoa. Gorputza hilkorra, esentzia hilezkorra. Erleek ilargiraino eramaten zuten esentzia hori, eta ondoren itzuli egiten zen, biziberritzeko. Eta horrela betidanik eta betiko.
Ez dut asmorik eztabaida filosofiko-espiritualetan sartzeko. Egia iritsi ezina da. Baina Urretxun, Xabier Ormazabal mendi festan eta bekan, zerbait desberdina sentitu daiteke, berezia, fisikoa. Andonik, Xabierren anaietako batek, bultzatu zuen nahas-mahas eder hau –galde diezaiotela, bestela, Batirtzeri–; izan ere, Andonik, bere esentziatik, dardara egiten du bere baitan eta argia sortzen du kanporantz. Argi irisgarria, ikus daitekeena.
Maiatzaren 23an, mendi festan, haurrak, gazteak, mendizaleak, eskalatzaileak, sukaldariak, zinema, musika, pintura, eskalada... nahas-mahas horretan batuko dira berriro, oraindik ere bizi-bizirik dagoen mendiaren ikuspegi humanista horretan. Batasuna, soka, adiskidetasuna, laguntasuna, emozio partekatuak... horiek guztiak dira Urretxuko ekitaldiaren esentzia.
Adiskide eta senideen soka sendotzen joan da urteen joanean, eta lankidetza sare handi bat bihurtu da: Urretxuko Udala, Euskal Mendizale Federazioa, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, WOP Fundazioa... batu dira urteotan bekaren diru-ekarpena sendotzeko, eta 25 urtetik beherako gazteei mendiko lehen urratsetan laguntzeko, ateak eta mintzak zeharka ditzaten, eta beren ametsetako pasaietara irits daitezen, mendiko, lurpeko, basamortuko edo harkaitzetako beren paisaia amestuetara.
Amets hori bete nahi dutenek martxoaren 26ra arteko epea dute beren proiektuak aurkezteko. Urretxuko Udalaren webgunean daude oinarriak.
Oinak lurrean, beste mundu horietara leihoak zabaltzeko ahalegina, elurretako lehoinabarraren esentziari bizirik eusteko arnasa, hori da Xabier Ormazabalen oroimenezko mendi festa eta beka. Aurten maiatzaren 23an izango da, inoiz baino sendoago eta biziago.
Denborak ontzen baititu intxaurrak.
Han ikusiko dugu elkar!