Mendia. XII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Zegama-Aizkorri heldu da

Maiatzaren 26an jokatuko dute XII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia; Munduko kopako lehen proba izango da Euskal selekzioko kideek Munduko Kopan parte hartzeko aukera izango dute jokoan

Zegama-Aizkorri heldu da.
2013ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Dena prest dute Zegaman (Gipuzkoa) Euskal Herriko mendi lasterketarik entzutetsuena hasteko. Aurtengoa Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren hamabigarren aldia izango da. Datorren igandean jokatuko da, hots, maiatzaren 26an.

Urtez urte gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da lasterketa, eta antolatzaileek uste dute ikusle asko bilduko dela; betiere, eguraldiak laguntzen badie. Horregatik, ahalik eta bitarteko gehien jarri dute antolatzaileek, ikusleen atseginerako. «Goizeko zortzietan aukera egongo da herritik irteten den autobusa hartu eta gora igotzeko; geraleku ondoan geldituko da autobusa, eta, bertatik, ordubete pasatxoko paseoa emanez, Sancti Spiritura iritsiko dira lasterketako lehen partaideak iristen direnerako», adierazi du Edurne Albizu Zegamako alkateak. Horrez gain, autoak aparkatu ahal izateko eremu bat jarriko dute herriaren inguruko industrialdean. «Aparkatzeko garaian, arazoak izaten ditugu; horregatik, ikusleei ahalik eta goizen mugitzeko gomendatzen diegu», ohartarazi du Ainhoa Txurruka lasterketako zuzendari teknikoak. Ikusle askoren asmoa irteera ikusi eta gorako bidea hartzea izaten da maiz; horrek arazo asko ekarri izan dizkie antolatzaileei, eta, hori saihesteko, galarazi egingo dute Otzaurtetik bederatziak baino geroago pasatzea .

Munduko Skyrunner World Series zirkuituko lehen lasterketa izango da Zegamakoa. Hori horrela izanda, nazioarteko espezialistarik handienak arituko dira Zegama inguruko mendien aldapetan gora eta behera. Izen ezagun asko daude parte hartzaileen artean: Kilian Jornet, Luis Alberto Hernando, Tofol Castanyer, Emily Forsberg, Oihana Kortazar, Nuria Picas, Uxue Fraile... eta beste hainbat. Bostehun korrikalarik parte hartuko dute, guztira. «3.190 pertsonak eman zuten izena, baina, lasterketaren segurtasuna bermatu eta ibilbidearen eremua parke naturala dela kontutan hartuta, ezinezkoa zaigu parte hartzaile gehiago onartzea», azaldu du Txurrukak.

Jornet izango da, aurten ere, irabazteko hautagai nagusia, gizonezkoetan. Maitasun berezia dio Sabadellgoak (Herrialde Katalunak) Zegamako lasterketari. «Etxean bezala sentitzen naiz Zegaman; harrera ezin hobea izaten dut. Berezia izaten da beti, ibilbidearen gogortasuna, lokatza, giroa, Aizkorri eta, batez ere, bertan elkartzen diren milaka ikusleengatik. Zegama Zegama da», adierazi zuen Jornetek iazko lasterketa amaitutakoan. Emakumezkoetan, Kortazarrek defendatu beharko du iazko garaipena. «Entrenamenduak horretara bideratu ditut, eta irabazten ahaleginduko naiz, baina podiumean egotea da garrantzitsuena», dio elgetarrak. «Eguraldi txarra eginez gero, ezinezkoa izango da nire denbora pertsonala hobetzea».

Etxekoek ere ez dute huts egingo; Kortazarrez gain, euskal selekzioko korrikalariak ere bertan izango dira: Aitziber Ibarbia, Elena Calvillo, Nerea Amilibia, Jokin Lizeaga, Hassan Ait Xau, Aritz Egea, Oier Ariznabarreta, Imanol Goñi...

Lizeaga izan zen iaz lehen euskal herritarra, gizonezkoetan. Sailkapen orokorrean, bosgarren kokatu zen; aurten, ez du postu hori hobetzea helburu, bere denbora pertsonala jaistea baizik. «Iaz, prestaketa aldetik nahiko eskas iritsi nintzen Zegamara; aurten, berriz, hobeto iritsiko naizela uste dut, abendutik normal entrenatu ahal izan dudalako», adierazi du Lizeagak. Eguraldi txarra hobeto datorkio azken horri, eta, ikusleentzat hain atsegina ez den arren, esperantza dauka. Iragarpenek euria egingo duela diote, lasterketaren aurreko egunetan, behintzat. «Aurten, oso indartsu daude selekzioko kideak; hainbat lasterketatan parte hartu dute jada, eta guztietan sailkatu dira lehenengo postuetan», adierazi du Oihana Azkorbebeitiak, korrikalari eta euskal selekzioko arduradunetako batek. Azkorbebeitia bera izan zen iazko aldian bigarren emakume euskal herritarra. Aurten, ordea, ezin izango du parte hartu, haurdun dagoelako. «Zegamako maratoia test moduko bat izango da selekzioko partaideentzat; bertan zer egin, horren arabera erabakiko baitugu zeintzuk joango diren Munduko Kopako gainontzeko probetara eta zeintzuk Espainiako Kopako probetara», azaldu du Azkorbebeitiak.

Ibilbideari dagokionez, apenas dagoen aldaketarik. Korrikalariek 42,195 kilometroko luzera eta 5.472 metroko desnibel metatua duen ibilbideari egin beharko diote aurre. Aitxurin hartuko dute garaierarik handiena, 1.551 metro, hain zuzen.

Iaz bezala, gaztetxoen lasterketa ere antolatu dute aurten. «Urtero-urtero jasotzen genituen parte hartzeko eskakizunak 18 urtetik beherako korrikalarien aldetik, baina arauek ez dute horretarako aukera ematen; eskakizun horiei erantzuteko sortu genuen iaz gaztetxoen lasterketa», dio Txurrukak. Salomon enpresak, lasterketaren babesle ofizialak, belaunaldi berriei aukera emateko beharra ikusten du, era berean. Horregatik, iaz antolatu zuten gaztetxoen zirkuitu bera antolatu dute aurten ere. Zegamakoaz gain, Bartzelonan eta Madrilen ere beste bi lasterketa antolatu dituzte. Zirkuitu horretan posturik onenak eskuratzen dituzten gaztetxoek Salomon taldera sartzeko aukera izango dute.

Guztira, 280-300 pertsona arituko dira boluntario lanetan. «Beti esaten dugu Zegamako herritarrengatik ez balitz ezinezkoa izango zela horrelako lasterketa bat antolatzea», dio Txurrukak. «Harro sentitzekoa da herrilana eta herritarren arteko konplizitatea; gosari baten truke, Aizkorriko puntara ur litro asko igotzeko gai dira, esaterako», adierazi du, harro, Albizu alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA