Austriako auzitegi batek zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatu dio Thomas Plamberger mendizaleari (36 urte), duela urtebete pasatxo, 2025eko urtarrilaren 18an eta 19an, Grossglockner mendian (3.798 metro) —Austriako gailur garaienean— Kerstin Gurtner bikotekidearen (33 urte) heriotza eragin zuten gertakariengatik. Bost hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra eta 9.600 euroko isuna ezarri dizkio Innsbruckeko auzitegiak Plambergerri. Norbert Hofer epaileak –esperientzia handiko alpinista bera, eta ez da hutsala xehetasuna– argudiatu argudiatu du gizonak zuela eskarmentu handien eta, beraz, hura zela «igoeraren gidari arduraduna»; arduragabekeriaz jokatzea eta zaintza betebeharra ez betetzea egotzi dio.
Grossglockner mendiaren hego-mendebaldeko ertzetik egin zuten igoera bi austriarrek, neguan zail samarra den bide batetik. Emakumeak snowboardeko bota bigunak eraman zituen, eta ez alpinismoko botak. Gailurrera iristeko 250 metroko desnibela falta zitzaiela, bideko zatirik zailenean, gaua gainera etorri zitzaien. Haranetik ikus zitezkeen haien kopeta argiak, eta, ataka estuan egon zitezkeelakoan, erreskate zerbitzuetako helikopteroa haien bila atera zen. Haizea dezente zakartu zen iluntzean. Helikopteroa haien parera iristean, ordea, Thomas Plambergerrek ondo zeudela adierazi zien sorospen taldekoei, eta Gurtnerrek ere ez zuen laguntzarik eskatu. Beraz, uko egin zioten erreskateari.

Gailurra jo eta mendiaren isurialde errazago batetik etxola bateraino jaisteko asmoa zuten, antza. Kerstin Gurtner, ordea, ez zen etxolara iritsi. Biharamun goizean aurkitu zuten haren gorpua, gailurra baino metro batzuk beherago. Gauean haize ufada zakarrak eta zeropeko 20 graduko sentsazio termikoa jasan behar izan zituen, eta hipotermiak jota hil zen. Plambergerrek Poliziari kontatutakoaren arabera, erreskateari uko egin eta lasterrera, bikoteak «neke zantzu gero eta handiagoak agertu zituen». Plambergerrek erreskate zerbitzuei deitu zien 00:35ean, baina horren harira bi aldeek diotena ez dator bat. Gizonak dio argi utzi zuela laguntza beharrean zirela, eta polizia zerbitzuko kideek diote hori ez zela argi geratu. Nolanahi ere, ordurako baldintzak jada ez ziren egokiak helikopteroak hegan egiteko. Gainera, Plambergerrek ez zien polizia zerbitzuaren deiei erantzun hortik aurrera. Hark azaldu du ez zituela deiak entzun telefonoa isilduta zeukalako.
Plamberger 02:00ak arte egon zen bikotekidearen ondoan, eta, ondoren, laguntza bila atera zen, emakumea gailurraren azpian utzita, manta termikorik edo bibakeko babesik gabe... Fiskaltzak gutxienez bederatzi hutsegite leporatzen dizkio Plambergerri, baita «arduragabekeria larria» ere: berandu abiatzea, eskarmentu gutxiko norbait neguko jarduera exijente batera eramatea material egokirik gabe, baldintzak okertu zirenean atzera ez egitea, erreskate eskaintzari uko egitea, deiei ez erantzutea, bikotekidea babesik gabe uztea... Argudio horietan oinarritu da epaia.
«Inguruabarrak salbuespenezkoak dira, eta, nire ikuspegitik, epai hau ezin da mendiko beste edozein istriputara estrapolatu»
SAIOA VERA RANEA Abokatua
Kasuak eztabaida zabala sortu du nazioartean, lagunarteko mendiko irteeretan esperientzia handiena duen mendizaleek izan dezaketen ardura dela eta ez dela. Saioa Vera Ranea (Bilbo, 1982) abokatuaren arabera, kasua «historikoa» da, horrelako egoerei loturiko aurreko sententzia guztiak zibilak izan direlako eta, beraz, lege aurrekari bat ezartzen duelako. «Epai honen arabera, norberak arriskua hartzeko erabaki batek erantzukizun penala sorraraz diezaioke esperientzia handiena duen adiskideari. Eta mendizaleek mendiko segurtasuna eta elkartasuna kudeatzeko modua alda dezake horrek».
Sonia Casas Torcida goi mendiko gidariak (Bilbo, 1972), aldiz, inguruabar guztiak aintzat hartuta, «arrazoizkotzat» jotzen du epaia. Casasek Rocalia gidari enpresa zuzentzen du, Mikel Zabalza bikotekidearekin batera, eta gidari lanetan egin dituen hogei urteotan, era guztietako jokabideak eta egoerak ikusi ditu. Kasu hau «muturrekoa» dela uste du, eta izan ditzakeen inplikazioak gorabehera zuhurtziaren eta segurtasunaren aldeko aldarria egin nahi izan du. «Mikeli eta bioi behin baino gehiagotan gertatu zaigu, adibidez, Ordesara eskalatzera joan, Gallinero hormara, eta jendeari Cotatueroko iltzeetatik jaisten lagundu beharra, prestatu gabe eta via ferratak egiteko ekipamendurik gabe zihoalako. Askotan lotu behar izan dugu jendea gure sokara, rappel eginez jaisteko. Edo jendea ohartarazi behar izan dugu eskaladako maniobra bat gaizki ari zelako egiten, edo aterpetik oso berandu atera delako jarduera bat egiteko. Horregatik daude gero hainbeste erreskate. Oro har, erreskate asko saihesteko modukoak izaten dira». Horregatik, epai hau gorabehera, mendian zuhurtziaz eta errespetu handiagoz jokatzea ezinbestekotzat jotzen du Casasek.
Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa jasota dago Espainiako Zigor Kodean ere, 142. artikuluan, zehazki. Alde horretatik, Austriako zuzenbidearen oso antzekoa da Espainiakoa. Norbaitek zuhur ez jokatzeagatik beste baten heriotza eragiten duenean aplikatzen da lege hori. Kasu honi loturik, Vera Ranea abokatuaren arabera, hauxe da oinarrian dagoen galdera: noraino da arrazoizkoa bi lagunek (edo gehiagok) arriskuko jarduera bat egiten dutenean eskarmentu handiena duenak bestea zaintzeko betebeharra onartzea? Eta zer ondorio izan ditzake betebehar horrek?
«Sare sozialak direla medio, jendeak nahastu egiten du mendizale ona izatea eta superheroi baten itxurak egitea. Mendia ondo ezagutzen duenak umiltasunez jokatzen du, badakielako zein txikia den mendiaren aldean»
SONIA CASAS TORCIDA Goi mendiko gidaria
Lehen galderari dagokionez, Austriako kasuan, epaileak ontzat jo du fiskaltzaren tesia, alegia, esperientzia handiena duena dela «gidari arduraduna», nahiz eta bi pertsona helduk ahalmen osoz adostutako jarduera izan. «Nire ikuspegitik, horrek infantilizatu egiten du biktima, eta, horrez gain, dinamitatu egiten du mendian edo beste edozein jardueratan norberak duen arduraren printzipioa. Zaintzeko betebeharra, nire ikuspegitik, besteak jada bere ahalmen osoa ez duenean hasten da, baina ordura arte norbera da bere ekintzen arduradun», Vera Ranearen irudiko. Biktimaren amak ere, epaiketan lekukotza eman zuenean, adierazi zuen «mingarria» zaiola alaba «neska inozo gisa» agertzeak, eta «bidegabetzat» jo zuen gizonari ematen ari zitzaion tratua.
Borondate oneko gidaria
Julio Sanchez Gonzalez (Gasteiz, 1979) eskalatzailea eta abokatua da, eta kezkaturik agertu da «merkatuaren inertziek» mendian (ere) zenbateraino alda ditzaketen aurrez beste kode batzuen arabera funtzionatzen zuten lagunarteko harremanak. «Mendiak, badakigu, bere arriskuak ditu, baina, nire ikuspegitik, ez gabiltza zuzen lagunarteko eremu horiek auzitara eramaten, kalte ordainak edo erantzukizun zibilak eskatzen... Adibidez, lagun batek eta biok mendira joatea erabakitzen badugu elurra ari duela, eta lagunari zerbait gertatzen bazaio, horrek ez du esan nahi nik ardura handiagoa eduki behar dudanik esperientzia handiagoa dudalako mendian. Biok erabaki eta onartu dugu baldintza horietan mendira joatea. Kasuak eta kasuak daude, noski, baina, nire ikuspegitik, mendian ere nork bere ardura onartu behar du, hirugarrenei egotzi gabe: taldearen ardura duenari, ibilbidea argitaratu duenari, borondate oneko gidariari...».
Lagunarteko jardueretan sarri izaten den borondate oneko gidariaren rol hori defendatu nahi izan du Sanchezek. «Mendian errespetuz eta lagunartean gozatzeak, arrisku batzuk daudela jakinik, ez lioke bestelako ordainsaririk ekarri behar eskarmentu handiagoa duenari. Mendian zuhurtziak agindu behar du, eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu behar dugu. Baldintzak ez badira egokiak mendiko eskirako, edo gailurrera iristeko azken zatia arriskutsu badago, agian egun horretan eskiak alde batera utzi behar dira, edo ez dago gailurra jo beharrik. Baina zer gertatzen da, adibidez, lauko talde batean batek esaten badu ‘tira, ez dago hain gaizki’, eta bik atzera egitea erabakitzen badute, eta beste bik —borondate oneko gidariak eta beste batek— aurrera segitzea? Besteari zerbait gertatuko balitzaio, borondate oneko gidaria litzateke erantzulea? Nire ustea da biek onartu dutela arrisku hori».
Mendiko profesionalei dagokienez, kontratuzko harreman bat izaten da, eta erantzukizuna profesionalarena da. Horretarako, Sonia Casasek, adibidez, hainbat aseguru ditu: erantzukizun zibilekoa, laguntza eta istripuetarako asegurua, norberaren istripu edo gaixotasunetatik babesteko asegurua... «Mendiko Gidarien Espainiako Elkarteko kide ere banaiz, eta sindikatuta nago. Baina, hala ere, babesgabe sentitzen gara askotan. Nik, zorionez, bezeroekin ez dut inolako ezbeharrik izan, eta, beraz, ez dut asegururik baliatu, baina gertatu zait, adibidez, bezero batzuekin Angel Orus aterpean nengoela aita ZIUn ospitaleratu zutela jakin eta ziztuan joan beharra, eta ondoren aseguruak inolako babesik ez ematea kalte eta galerengatik». Alde horretatik, mendiko auzi horiek guztiak auzitara eramateak «aseguru etxeen munstroa elikatzen jarraitzea» ekar dezakeela uste du Sanchezek.
Segurtasuna, guztiaren gainetik
Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egozteko hainbat baldintza daude: dolorik ez egotea —bestea hiltzeko asmorik ez izatea, alegia—, zuhur ez jokatzea eta zaintzeko betebeharra ez betetzea, jokabidearen eta heriotzaren artean lotura egotea... Alde horretatik, Saioa Vera Ranea abokatuaren iritziz, Austriako kasuak «salbuespenezko hainbat ezaugarri» ditu, eta «oso zaila» da horiek mendiko jardueretan aplikatzea. «Asimetria nabarmena baten ezagueraren eta bestearen ezagueraren artean; haien gainetik hegan egin zuen helikopteroaren sorospenari uko egin izana; akusatuaren eta poliziaren arteko dei arraroak; andregai ohiaren lekukotza mendi berean akusatuak antzera jokatu zuela adieraziz... Inguruabarrak, beraz, salbuespenezkoak dira, eta, nire ustez, epai hau ezin da mendiko beste edozein istriputara estrapolatu».
«Mendiak, badakigu, bere arriskuak ditu, baina, nire ikuspegitik, ez gabiltza zuzen lagunarteko eremu horiek auzitara eramaten, kalte ordainak edo erantzukizun zibilak eskatzen...»
JULIO SANCHEZ GONZALEZ Abokatua eta eskalatzailea
Mendizale askoren ustea da gizarte modernoaren hainbat gaitz mendira ere iritsi direla. COVIDaz geroztik mendiko ingurune asko «superpopulatuta» daudela azaldu du Casasek. «Sare sozialen eraginez, materiala eskuratu, lau tutorial ikusi eta mendira ateratzen da jendea, edo hain modan dauden Insta360 kamerak hartuta ikuspegi panoramikoarekin nork bere burua grabatzera, aitortza sozialaren edo babesleen bila, gaur egun markek horrelako profilak bilatzen dituztelako. Influencer horien eraginez, gauza bera egitera animatzen dira beste asko. Sare sozialak direla medio, jendeak nahastu egiten du mendizale ona izatea eta superheroi baten itxurak egitea. Mendiko kiroletan, ona izateko, mendia ondo ezagutu behar da, eta mendia ondo ezagutzen duenak umiltasunez jokatzen du, badakielako zein txikia den mendiaren aldean».
Iaz, Dolomitetan, udako hilabete bakar batean 83 lagun hil ziren mendian, gehienak irristada eta erorketen ondorioz (%43), eta beste batzuk nekearen eta deshidratazioaren ondorioz (%26). Erreskate taldeetako profesionalek jakinarazi zuten gehienak prestakuntza egokirik gabeko ibiltariak zirela, sare sozialek bultzatuta igo zirenak.
Horregatik guztiagatik, zuhurtziaz jokatzearen garrantzia nabarmendu dute hala Julio Sanchezek nola Sonia Casasek. «Nik neuk —eta ez naiz mendiko gidari guztien izenean ari, nirean baizik—, bezeroekin noanean, zuhurtzia askoz handiagoz jokatzen dut, kontserbadoreago. Eta uste dut kontratatzen nauten pertsonek badakitela nolakoa naizen eta zeri ematen diodan garrantzia. Niretzat, lehenik pertsona dago, eta ondoren gailurra. Nola ez, jardueraren helburu nagusia lortzea bermatu nahi izaten dut, bezeroak pozik bukatzea nahi izaten dut, baina horren aurretik dago segurtasuna bermatzea».
Segurtasuna bermatzea, zuhurtzia eta mendiarekiko eta lagunarteko kodeekiko errespetua, horiek izan dira solaskideek gehien errepikatutako kontzeptuak. Mendian, justiziari baino gehiago gizalegeari loturikoak.