Elurrik ezean, probarik ere ez

Elur garaia kaskarra izaten ari da, eta mendiko eskiko eta iraupen eskiko hainbat proba bertan behera geratzen ari dira elur faltagatik. Blokeo antiziklonikoa, tenperaturen gorakada eta prezipitazioen aldakortasuna dira arrazoietako batzuk.

Mendiko eskiko Bandres-Karolo Memoriala 2023
Joan den urteko Bandres-Karolo mendiko eskiko probaren irudi bat. BANDRES-KAROLO MEMORIALA
ramon olasagasti
2024ko otsailaren 16a
14:15
Entzun

Neguan udaberria egiten ari duen honetan ezin jakin gero udaberrian negua egingo duen, baina ordurako berandu izango da. Hilabeteotan Pirinioetan antolatzen diren mendiko eskiko edo iraupen eskiko proba asko eta asko bertan behera geratzen ari dira, edo atzeratzen, ez dagoelako elurrik edo elur nahikorik. Bertan behera geratu den azkena Bandres-Karolo Memoriala izan da. Otsailaren 24-25 asteburuan jokatzekoa zen proba bertan behera geratu da, gaur-gaurkoz ez dagoelako elurrik batere Lakhura eta Belagua inguruko mendietan, eta datozen egunetarako iragarpenetan ere ez delako elurte handirik datorrenik ikusten.

Asteburu honetan bertan, iraupen eskiko Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak jokatzekoak ziren Larra-Belaguako pistetan, baina, elur falta dela eta, atzeratu egin dituzte. Aurrez, mendiko eskiko edo elurretako beste hainbat proba ere bertan behera utzi beharrean izan dira antolatzaileak: Causiat Extreme, Altitoy, Bielsa inguruan egiten den Cumbres de Ruego zeharkaldia, Andorra Skimo, Eski alpinismoko Pirinioetako Kopa, Erronkaribarreko neguko triatloia... Eta aurrera begira ere, aurreikuspenak ez dira batere onak. Martxoaren 2-3ko astebururako, adibidez, mendiko eskiko Belaguako Goi Ibilia dauka antolatuta Nafarroa Kirol Elkarteak, 52. aldia aurten, baina jada aurreratu dute «goi ibilirik» behintzat ez dela izango; izatekotan, mendiko eski irteera soil bat izango dela. Betiere elurrik balego.

Bandres-Karolo Memoriala mendiko eskiko Euskal Herriko Txapelketa izatekoa zen, baita Euskal Herriko Kopako bigarren proba ere. Horrenbestez, Kopa horretako hiru probetatik bi (Causiat eta Bandres-Karolo) bertan behera geratu dira. Hirugarrena, Europako Mendietan egiten den Regil Proba, martxoaren 16-17an da. Ea ordurako neguak zer joera hartzen duen.

Blokeo antiziklonikoa, tenperaturaren eragina...

Elur garai negargarri eta kezkagarri hori berrestera datoz datu enpirikoak ere: azken 24 urteotako elur geruzarik txikiena neurtu da aurten Pirinioetan, eta mendiko eskiatzailerik beteranoenek, Belen Eguskizak adibidez, ez dute halako elur garai kaskarrik oroitzen. Arrazoi zientifikoen bila hasita, Eñaut Izagirre Estibaritz (Elgoibar, 1990) glaziologoak eta gaur egun Pirinioetako Ekologia Institutuko CryoPyr ikertaldeko ikerlariak, azken urteotan gertatzen ari den «blokeo antiziklonikoa» edo NAO indize positiboa aipatu du. «Atmosferan aire-masak zer jokotan ari diren adierazten du NAO indizeak (North Atlantic Oscillation). Batetik Azoreetako antizikloia dugu, eta, bestetik, Islandiako borraska. Masa horien portaeraren arabera, fronte gehiago edo gutxiago sartzen zaizkigu Kantauri isurialdean eta Pirinioetan, eta azken urteotan blokeo handi bat sortzen ari da: Azoreetako antizikloiak Iberiar penintsula osoa hartzen du, eta, horren eraginez, fronteen sarrera askoz iparrerago gertatzen ari da: Irlandan, Eskozian, Norvegia mendebaldeko kostaldean... Leku horietan sekulako elurteak egiten ari dira». Hortik, beraz, azken bi urteotan elur prezipitazioak hain urriak izatea.

2024ko elur geruzaren grafikoa Pirinioetan
Pirinioetako 2024ko elur geruzaren grafikoa. SIMON GASCOIN

Bestalde, altueraren eta tenperatura gorakadaren eragina nabarmendu du Izagirrek. Nabarmena da elur gabeziarik handiena Pirinioetako altuerarik baxuenetan dagoela, eta altuerarik gorenetan askoz ere leunagoa dela aldaketa hori; alegia, tenperaturen gorakadak batez ere beheko kota horietako elur geruzan duela eragin zuzena. «Gure eski estazio gehienak beheko kota horietan daude, 1400-1500 metro inguruan Abodikoa, Iratikoa eta 1.700 metrora arte Larra-Belaguakoa. Hori dela eta, kotarik baxuenetan gero eta elur geruza murritzagoa dugu. Normalean, Kantauri isurialdean eta Pirinioetan, neguan elur geruza jarraitua izaten zen 1.500 metrotik gora, baina muga hori, pixkanaka, gora egiten doa, eta lasterketa batzuk egiten diren eremua, Bandres-Karolo adibidez, muga horretan dago. Hori dela eta, ziurgabetasun gero eta handiagoa sortzen da probak egin ahal izateko».

Goragoko eremuetan. 2.500 metrotik gorako mendiguneetan, tenperaturaren eragina ez da horrenbestekoa Izagirreren esanetan, 0ºC-ko isoterma, neguan, hortik behera egoten delako normalean. Beraz, goiko kota horietan dagoen elur kantitatea lotuago dago prezipitazioei eta ez horrenbeste tenperaturari. «1990. urtetik gaur egunera arteko prezipitazioen datuak hartuta, ez da ikusten joera jakin bat esateko prezipitazioak gutxitzen ari direnik. Aldagai oso aldakorra dira prezipitazioak: urte batzuetan elur gehiago egiten du, eta beste batzuetan, gutxiago. Hau da, ezin da esan elur gutxiago egiteko joera dagoenik. Aldiz, neguaren amaierako eta udaberriko tenperaturetan, bai, joera nabarmen bat ikusten da: martxoan eta apirilean, tenperaturak altuagoak izaten ari dira azken urteotan, eta horrek eragin zuzena du elurraren urtzean. Eta, noski, urtze hori askoz nabarmenagoa da 1.500-2.000 metro arteko eremu horietan».

«Normalean, Kantauri isurialdean eta Pirinioetan, neguan elur geruza jarraitua izaten zen 1.500 metrotik gora, baina muga hori, pixkanaka, gora egiten doa, eta lasterketa batzuk egiten diren eremua muga horretan dago».

EÑAUT IZAGIRREGlaziologoa eta Pirinioetako Ekologia Institutuko CryoPyr ikertaldeko kidea 

Etorkizunari begira, zer? Klima aldaketaren testuinguruan, hainbat proiekzio klimatiko egin dituzte Pirinioetako Ekologia Institutuko CryoPyr ikertaldeko kideek, eta gas isurketen murrizketa zenbatekoa den, egoera bat edo beste izan daiteke. «Baina, gaur egun gabiltzan moduan, businnes as usual jarraitzen badugu, hemendik 4-5 hamarkadara 1.500 metrotan izan dezakegun elur geruza %70 galdu daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.