Ibilaldi luze eta gorabeheratsua egingo dugu Oilarandoi magalean zehar, Baigorriko eta Aldudeko lurren gainean, Adartzako gailurrerako bidea zabalduko digun bidezidor bat aurkitu arte. Mendiaren kokapena dela eta, tontorretik ikusmenean izango ditugu Pirinioetako mendilerro nagusiaren eremu handi batzuk eta haien inguruak. Hori bai, bidearen zati batzuk asfaltatuta daude.
Oilarandoiko hegaletan barrena
Baigorriko plazatik abiatuko gara, eliza dagoen tokitik. Kale nagusitik, erdiguneko beste plazara joko dugu, udaletxea dagoen plazara. Horra iritsi aurretik, ibaiaren gaineko zubiaren inguruan —ez dugu gurutzatuko zubia—, bide bat dago eskuinean, GR10 bideko seinale zuri-gorriz markatua, Donibane Garazirako norabidean. Pirinioetan zeharreko ibilbidean sartuko gara, errepide nagusiaren azpiko tunela gurutzatuko dugu, eta eskuinera jo, Baigorri atzean utzita.
Hartu berri dugun bidea Oilarandoira ere iristen da. Hain zuzen ere, mendi horren beheko hegaletan barrena goaz, larre eta baso artean. Bidegurutze batera iritsiko gara, eskuineko bidea hartuko dugu, eta maldan gora abiatuko gara. Behean, Baigorriko eraikinak ikusiko ditugu, eta nola hazten diren haien gainean Iparlako gailur harritsurako hegiak. Borda batera iritsitakoan, ezkerreko bidexka hartuko dugu, eta haritzek, gaztainondoek eta iratzeek erabat hartutako bide batean barneratuko gara.
Zuhaitzez eta gorosti ugariz inguratutako bidean aurrera, lurrezko bidexka batera helduko gara, eta Oilarandoi mendiaren silueta esferikoa agertuko da bidearen gainean. Oilarandoiko hegaletan gora goazela, orain larreetan barrena, gero zuhaiztiak hazten diren bideetan zehar, ikusmira zoragarria izango dugu Baigorri aldera.
Malda gogor baten ostean, asfaltatutako errepide baten parera helduko gara, baina, hortik joan beharrean, eskuinera joko dugu, eta, hala, Oilarandoiko mendebaldeko hegalaren gaineko bideari jarraituko diogu. Ikuspegi paregabea izango dugu Hauza aldera, haranaren beste aldean dagoen mendira. Magalaren gainean bata bestearen segidan kateatutako zenbait aldapa igo ondoren, asfaltatutako bidera iritsiko gara berriz. Oraingoan bai, errepideari jarraituko diogu eskuinetik, hegoalderantz. Errepide horretan gutxinaka egiten da gora, eta, pixkanaka, Oilarandoiren hegiak inguratuko ditugu. Hegoaldera heldutakoan, Adartza ikusiko dugu hondoan, eta Aldude harana behean, eskuinaldean.
Azken malda, gogorra
Ez dugu eskuineko bidea hartuko, beherantz baitoa, eta Ahartzako lepora helduko gara, hormigoizko artegietara. Oilarandoi atzean utzi, eta eskuineko bidean gora abiatuko gara, GR10 ibilbidean. Bide horretatik, zeharka gurutzatuko dugu Munhogaineko ekialdeko hegala, eta Leizartzeko lepora iritsiko gara. Ezkerreko ertzean, GR10 ibilbidearen zutoin bat dago, eta horri jarraituko diogu.
Hortik argiago ikusiko dugu Adartza nola agertzen den Arrolako harriko harkaitzen atzetik. Hortaz, aipatutako bidean aurrera, magal txiki bat zeharkatuko dugu, eta Urdantziako lepora helduko gara; hortxe bertan, izen bereko iturburua jaiotzen da. Oraingoan bai, behingoz alde batera utziko dugu GR10 ibilbidea, eta GRT6 bideari helduko diogu, eskuineko errepideari segituta. Lehenbiziko muinoa gaindituta, errepidea pista bihurtzen da, eta hortik Arrolako harriaren azpiko artegira helduko gara. Pista eta GRT6 bidea utzi, eta harkaitzen ezkerreko aldetik igoko gara, goialdea inguratuz.
Hala, Arrolako harriaren gain harritsua inguratuta, eta, bidexka estu batean, ondorengo punta txikiak gaindituta, Adartzaren iparraldeko hegal maldatsuaren beheko aldera iritsiko gara: ia-ia zutik dagoenez, txirrista berde bat dirudi. Bidea agerian dago: pausoz pauso igo behar da magalaren gorenera. Igotakoan, ezkerrera joko dugu, eta, mendebaldeko Pirinioen ikusmira zoragarriaren artean, Adartzako tontorreraino geratzen den bide laburra ibiliko dugu.