360º

Aizkorri Arantzazutik

360 graduetako irudien teknologia baliatuz, Arantzazuko santutegitik abiatuta, Aizkorri mendiaren igoera grabatu dugu..

jarraia224564
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Aizkorri, Aketegi, Urbia, Arantzazu.
  • Distantzia: 8,1 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 19 min.
  • Estekak: Treckview
2023ko otsailaren 21a
09:00

Gogortutako elurretan ibiltzeko aukera asko ez da izaten Nafarroako Pirinioetatik at dauden euskal mendien artean, besteren artean, transformazio prozesua ematen denerako, elur gehiena urtu izan ohi baita gurean. Hala gertatzen ez denean, eguraldi onari eusteak eta hauek jai egunetan emateak ere badute zer ikusirik aukera-leihoak mugatzen dituen elementuen artean.

Hala ere, noiz baino noiz, faktore guztiak lerrokatu egiten dira mendizaletasunaren mesedetan, eta nola ez, bestelako konpromisorik tarteko ez bada, aitzakia gutxi behar dira trasteak hartu eta goialdeetara hurbiltzeko.

Gaurkoan Oñati aldera gerturatu gara 360 graduetako irudien teknologia baliatuz, Arantzazuko santutegitik abiatuta, Aizkorri mendiaren igoera grabatzeko.

Arantzazuko baso mistoetan hasiko dugu ibilbidea, emeki garaiera hartuz. Enaitz mendiaren hego-mendebaldeko magaleko pagadian gora egin eta Elorrola lepoko sarbidea medio, Urbiaraino iritsiko gara. Bertatik, Iraule mendiaren hegala gaindituz, Aitxuriko gainaren azpialdean kokatu eta Aketegi atzean utzita, ertzera gerturatuko gara, ibilaldiari bukaera ematen dion pasabide ederrean murgiltzeko, Aizkorri mendiaren gailurrera iritsi arte.

ARANTZAZU-URBIA

Klasiko baten abiapuntua

Santutegiko aparkalekuan hasiera ematen diogu gaurkoari, atariaren ondotik igaro eta aurrera jarraitzen duen errepidetik. Bide nagusitik atera gabe, kalearen bukaeraraino jarraitzen dugu. Bertan, ezker aldean aparkaleku bat kokatzen da, eta zuzen eginez, ekialderantz, marka txuri, gorri eta horiekin seinaleztatuta, jarraitu beharreko bidea.

Pistak baso mistoan barneratzen gaitu, emeki garaiera hartzen dugun heinean. Gutxira, eskuin aldean aparkaleku bat duen bihurgune batera iristen gara. Bide nagusia utzi eta ekialderantz jarraitzen duen bidea hartzen dugu, atearen beste aldean. Pista honek berehala HE norabidea hartzen du eta Urbiara iritsi arte, joera hori mantenduko du.

Bidegurutzetik kilometro eskas egin dugunean, eskuin aldera egiten duen ageriko bihurgunearen ezker aldean, bidetik metro batzuk aldenduta dagoen zuhaitz baten azpian, Errotiko iIturria kokatzen da. Malda gutxinaka bada ere, handituz doa eta bidea estutu egiten da aurrerago. Hala ere, erosotasunik ez dugu galtzen, gehienbat, pilatu eta gogortutako elurrak zorua nahiko uniforme utzi duelako eta boten zolek ere eragozpenik gabe aurrera egiteko trakzio nahiko dutelako.

Elorrolako lepotik

Enaitz eta Gorostiaran mendien artean pagaditik irteten gara eta hegoalderantz bira egiten dugu Elorrolako Haitzera gerturatzeko, Elorrolako lepora sarbidea ematen duen azkeneko aldapa bi mendien artean kokatzen baita. Ekialderantz bira egin eta maldari ekiten diogu, bukaeran lepoa zain dugula.

Lepoaren beste aldean, norabiderik aldatu gabe aurrera egiten dugu aldapan behera, bisitariek lainoa dagoenean bidea ez galtzeko landatutako bi pago ilaren artetik. Zuhaitzek, Urzabal errekaren ondotik Andra Mari baselizaraino eramaten gaituzte, haren eskuin aldetik igaro eta HE norabideari jarraituz, Urbiako Fondara iritsi arte. Bertan, atariaren beste aldean, bidearen eskuin aldean, iturri bat dago. Ekialderantz egiten dugu, zuhaitzetatik at, seinale tantaiararen aurrean kokatu arte.

URBIA-AIZKORRI

Atsedenerako leku paregabea

Seinale tantaia aurrean dugula, zuzen jarraitzen dugu Arbelaitz mendiaren magalaren norabidean. Zuhaitz zerrenda igaro eta norabidea galdu gabe, erreka zeharkatzen dugu beste aldetik ekialderantz jarraituz.

Arbelaitz mendiaren hegalera iritsi eta HE norabidera bira egiten dugu, aldapan gora emeki, Arbelar saroira iritsi arte. Etxolen artean zeta bat egin eta Irauleko hego magala zeharkatzen hasten gara diagonal luze bat eginez malda areagotzen den heinean.

Zeharkaldia bukatu eta mazelak maldarik garaiena duen lekuan, arroken artetik doan sigi-sagaren azpian kokatzen gara. Bertan elur gogortuak trakzio arazoak ekarriko dituelakoan, kranpoiak janzten ditugu igoeraren segurtasuna bermatzeko.

Sigi-sagaren bihurgune guztiak lotu eta goiko larreetan ekialderantz murgiltzen gara, Aitxuri gailurra aurrean dugula, magalari izena ematen dion pago bakarra erreferentzia lez. Zuhaitzaren azpitik igaro eta norabideari eutsiz, hurrengo mailaren sarbidea adierazten duen haize-orratza gertu ikusten dugu.

Urratsei jarraituz, gorantz jarraitzen dugu, hegalaren erditik zeharkatu baino, Aitxuriko tontorraren oinetik HE norabidean bira egin eta Aketegiko gainaren azpialdetik igarota, ertzera gerturatu ahal izateko. Biraren erdian metro batzuk galtzen ditugu magalaren malda aldaketak sortzen duen terraza zabaletik eroso ibili ahal izateko, berriro ere bide ofizialarekin bat eginez.

Aizkorrirantz zeharkatuz

Aitzabal aurretik ertzera irteten gara, hain zuzen ere, kanal Haundi korridorearen irteeraren inguruan eta ageriko lehen muinoaren oineraino jaisten gara, azken hau mendebaldetik inguratuz. Pasarte honetan, bidea zeharo estutu egiten da eta etengabe gora eta behera egiten du haitz eta muinoen artean pasarterik egokienak bilatuz, betiere, ertzetik gertu.

Gailurra atzean utzi eta maila txiki bat jaisten dugu berriro ere ertzean kokatuz. Hegoalderantz metro gutxi batzuk egin eta ezker aldeko hegalaren aldapa labur eta gogorra zuzen igotzen dugu Aizkorriko gailurraren oinaren aurrean kokatzeko. Sarbidea eskuin aldean dagoen estugune betetik egin eta ekialderantz jarraitzen dugu gailurreko gurutzea eta buzoia parean izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.