360º

Alluitz Atxartetik

Urkiolako inguruneko mendi liluragarria dugu Alluitz. Atxartetik abiatuko dugu igoera.

jarraia224566
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Alluitz, Atxarte, Urkiola.
  • Distantzia: 2,7 km
  • Iraupena: ordu 1 eta 30 min
  • Estekak: Treckview
2023ko otsailaren 21a
09:00

Durangaldeko hegoaldean kokatzen den Urkiolako parkean, Anbotoko mendilerroa irmo ageri da inguruko bailaren zaindari. Anboto bada ere mendilerroko mendirik garaiena, lerroaren beste puntan dagoen Alluitz ez da bigarren maila batean geratzen, ezta gutxiago ere.

Anboto bezala, Alluitzek badu bere nortasun propioa, xarma eta historia ere. Izan ere, euskal alpinismo eta eskaladaren eredu eta erreferente askok, Atxarteko horma, ertz eta ezproietan eman dituzte lehendabiziko urrats bertikalak.

Gaurkoan, Atxarteko alde hau ezagutzeko ibilbide ederra dakarkigu, Atxartetik hasi eta Astxiki eta Alluitz mendien artean igaroko gara, Artolako lepora. Bertatik, ipar-ekialdeko mazelan barneratuko gara, goialdera irten eta azkeneko metroak ertz eder zein dotoretik gailurreraino ibiliz.

Mendiaren ikuspegia aparta da benetan, Sollubetik Beriainera eta Herniotik Castro Valnera ingururaino eta lanbrorik ez bada, urrutiraago ere. Gutxi balitz, Anbotoko mendilerro guztia ikusgai dugu eta nola ez, Infernuko Zubia bertatik bertara.

Urkiolako ingurune eder honetan finkatutako mendi liluragarria dugu Alluitz, aitzakia gutxi behar dituena bertara gerturatu eta berarekin gozatzeko.

Atxarte-Artola

Txakurzuloko bidean dagoen aparkalekura iritsi aurretik, zolatutako pistaren ezker aldean, atzean ataka bat duen seinale-tantaia baten parean jartzen gara ibilbideari hasiera emateko. Bertan, Genzelai aldera bideratzen gaituen mendi-bidea hartzen dugu, IE norabidean gora egiten duen arrapala txiki batetik. Ataka igaro eta eskuin aldera bira egiten dugu aztarna txuri eta horiei jarraituz, mendi-bidean HHE norabidean emeki zuhaiztira iritsi arte.

Pagadia atzean utzi eta baso mistoa hasten den eremuan, ezker aldean ataka duen hesi batek bidea gurutzatzen du. Gutxira, bidea adartu egiten da. Ezker aldera doan bideak zedarri bat du ondoan. Bide hau, Artolako lepora Astxikiko ezproien ondotik doa eta erabiliena da Alluitz mendira igotzeko (jaisteko bide hau erabiliko dugu). Bide nagusitik joatekotan, basoaren irteeran, elektrizitate zurtoin baten ondotik ezkerretara egin eta lineari jarraitzen dion bidetik ere iritsi daiteke lepora. Hala ere, bada hirugarren bide bat, basorik modu zuzenago batean ateratzen gaituena. Zedarriaren bidetik gertu, bideak eskuin aldera bira bat hasten duen gunean, ezkerretik bidea uzten dugu ekialderantz zuhaitzen artetik sigi-saga basoaren goiko mugara iritsi arte.

Basotik at, ekialderantz jarraitzen dugu, zuhaitz bakarti baten ondotik igaro eta zedarridun bidearekin egiten dugu topo. Metro gutxi batzuk bertatik egin eta Genzelaiko bidearekin bat egiten dugu bidegurutzean, elektrizitate linearen azpian. Ezker aldera egin eta Astxiki mendiaren hegoaldeko kontrahormaren ondotik ipar norabidean jarraitzen dugu, malda ertaineko ageriko bidetik metroak azkar irabaziz.

Ekialderantz bira zabal bat egin ondoren, Artolako lepora iristen gara, berriro ere elektrizitate linearekin bat eginez.

Artola-Alluitz

Lepoko seinale-tantaiaren eskuin aldera egiten dugu, ezproi nagusiaren ezker aldean altxatzen den txikiagoari eusten dion kontrahormaren etengunerantz, HHE norabidean. Bidea, etengunea osatzen duen azpiko hormaren eskuin aldetik sigi-saga txiki bat egiten du, honen goialdearen mailara iritsi arte. Ezkerretara zeharkatuz, kontrahormaren beste aldera igarotzen gara.

Ipar isurialdean gaudela, hegala zeharkatzen dugu kanaleko hartxingadira iritsi arte. Hartxingadiaren goiko mugatik metro batzuk jarraitzen ditugu, kanalean sartu arte. Bideak hartxingadiaren beste aldera egiten du eta kanalaren ezker aldetik sigi-saga egiten du malda gogor batetik. Gaurkoan bezala, bidea bustita badago, ondo neurtu beharko da emandako urrats bakoitza irrist ez egiteko, batez ere jaitsieran. Kanalaren azpiko aldea harritsua bada ere, gogortutako hondar bustiak eta harri aske anitzek gehiegi ere ez dute eusten eta goialdean harri handiagoak egon arren, lokatz gehiago dago.

Kanaletik irten eta eskuin aldera begiratzen dugu, ertzaren eskuin aldeko muinoaren ondoan, ezkerretara dagoen zuhaitz bakarti baten bila, hau baita igoeraren erreferentzia nagusia. HM norabidera bira egin eta aldapan gora hasten gara harkaitz azaleratzeen artetik, alde batetik bestera, ertzaren eskuineko muinoa eta aipatutako zuhaitz bakartiaren arteko pasarterantz.

Ertzera gerturatu ahala, malda gogortu egiten da eta pasabideren batean eskuak erabiltzea ere komeni, leundutako kareharri busti eta lokaztuak ez diolako boten zolari nahi bezala eusten. Zuhaitz bakartiaren azpira iritsi, eta eskuin aldera diagonal txiki bat egiten dugu ertzera irtetzeko.

Gailur aldera bira egin, bastoiak esku bakarrean hartu eta ertzetik mugitzen hasten gara. Lehenengo metroak estuak dira eta eskuin aldera nahiko “aereoak”, hala ere, ez dago inolako zailtasun teknikorik aurrera egiteko. Ertzak ezker aldera bira txiki bat egiten du estugune bat igarotzeko. Estugunea atzean utzi eta ertza zabaldu egiten da maila txiki baten aurretik. Maila zuzenean gainditu daiteke, ezker aldera sartzen den arrapala medio, edo eskuin aldetik doan esekitako erlaitz belartsutik.

Maila igo eta azkeneko muinoa belarretatik igotzen dugu gailurreraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.