Mendiko bizikleta

Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea

Mahastien artean, bi gurpilen gaineko bidaia bat historiaurrera.

Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea
Sorginaren Txabola trikuharria. Elezaharraren arabera, San Joan goizetan abesten zuen sorgin bat bizi zen bertan. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Arabako Errioxa
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Villa-Lucia, Laguardia, Bilar, Sorginaren Txabola trikuharria, Layaza trikuharria, El Montecillo trikuharria, El Sotillo trikuharria, Laguardia
  • Distantzia: 57 km (1.170 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Arabako Errioxa
  • Estekak: Arabar Errioxako Trikuharrien ibilbidea
Ivan Ruiz.
2026ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Errioxa aipatzen dugunean, ardoa eta mahastiak dira burura datozkigun lehenengo gauzak, baina historiaurreko ondare aberatsa ere badu lurralde honek. Ondare horren lagin, ibilbide honek zortzi trikuharri ezagutzeko aukera emango digu. Aproposa da gravel bizikletan egiteko, bideak orokorrean hartxintxarrezko eta asfaltozko pistak baitira. Euskadiko Turismo Sailak sustatua izan arren, ez da seinaleztatutako ibilbidea eta GPS arrastoa (track-a) eramatea komeni da.

Guardia hiribilduko Villa-Lucia jatetxea hartuko dugu abiapuntu. A-124 errepidea gurutzatu eta Guardiako aintzira-gunearen biotopoa zeharkatuko dugu jarraian. Carralogroño aintzira hipergaziak zoru zuri eder bat janzten du lehor dagoenean. Errepidea gurutzatuko dugu beste behin, San Gines sakanean behera lehenengo, eta ondoren Quintanillako sakanean gora. Halaxe iritsiko gara Elvillarrera. Herriaren ekialdean, kilometro eskas batera, El Encinal trikuharria bisitatuko dugu, eguneko lehenengoa. Zazpi harlauzaz osatuta dago, eta tumuluak 12 metroko diametroa du.



Kripanerako noranzkoan, aldapa gora jarraitzen du ibilbideak, San Tirsoko Bonetea mendilerroa aurrean dugula. Herria zeharkatu eta A-3228 errepidea baliatuz, Los Llanos trikuharria bisitatuko dugu. Megalitikoko eraikin horretan ehun bat pertsona ehortzi zituzten mila urtean. Pistan aurrera jarraituz, laster ezkerrera biratu eta jaitsiera labur batek Sorginaren Txabolara eramango gaitu. Hauxe da guztietan trikuharri ezagunena, Elvillarretik gertu. Elezahar batetik datorkio izena. Antza, San Joan goizetan kantatzen entzuten zen sorgin bat bizi omen da bertan. Egia ala gezurra izan, tokia magiaz beteta dagoela aitortu beharra dut.



Mendebaldean dugun sakanaren kontrako isurialdean, Alto de la Huesera trikuharria dago muino batean. Duela 5.500 urte inguru eraikitako megalito horretan 130 bat lagunen gorpuzkiak topatu dira. Ondoren, ibilbide ofizialetik metro batzuk desbideratuko gara, La Hoya erromatarren aurreko herrixka bisitatzeko asmoarekin. Herriak jasandako bat-bateko erasoak sortutako geldiuneari esker, Burdin Aroko objektu asko topatu ziren bertan.



Sartalderantz bost kilometro inguruko legarrezko pistari jarraituz, Herrerako portuaren errepidearekin bat egingo dugu. Mendatean metro batzuk gora egin eta Layaza trikuharrira daraman xenda topatuko dugu. Behatoki ederra dugu hauxe.

Legarrezko pista utzi dugun bidegurutzera bueltatuko gara, Samaniegorako noranzkoan hartxintxarrezko bideari jarraitzeko. Herrian garela, hego-ekialdera bidea eginez, El Montecillo trikuharria bisitatuko dugu jarraian. Ibaola harrien eskulturen artean dago eraikin hori, Eskuernagatik oso gertu. Arabako Errioxan aurkitu zen azkeneko trikuharria dugu hauxe. Haitz-dolare bat ikusteko aukera ere badugu inguruan.  



Bide ezberdinak lotuta, Lezara garamatza ibilbideak. Salas sakanaren ekialdeko isurialdetik gora egiten duen bidea baliatuko dugu El Sotillo trikuharrira iristeko. Ibilbidea amaitzen ari da, Paganosera iristeko pare bat pista elkarlotuko ditugu, eta, behin herrira iritsita, bi aukera ditugu. Bata, A-124 errepidera desbideratzea San Martin trikuharria ezagutzeko, eta bestea, Guardia zuzenean aldapa gora egitea eta bere alde zaharreko kaleetan barna galtzea. Gure aukera, bigarrena, merezi du eta.

Bisitaren ostean, ekialdera dugun Prao de la Paul aintzirara jaitsiko gara; bere ertza jarraitzen duen bideak Villa-Luciara gidatuko gaituko, trikuharrien ibilbide borobil interesgarri hau itxita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA