Tobillas herrian hasiko gara ibilian. Ler gorriek osaturiko baso trinkoek lagunduta, Arabako ekialdeko ibarren gainean gailentzen den Arrayuelas mendira igoko gara ibilbide honi segika. Gaubea eta Valderejo natur parkeak bereizten dituen mugara hurreratzeko bidean, Tobillas herrira gerturatuko gara, nahiz eta ohiko ibilbideak Lalastratik eta Bovedatik abiarazten diren.
Herri xumea bezain interesgarria da Tobillas. San Roman eliza da herriko elementurik deigarriena. Zaharberritze eta indusketa lanak abiarazi zituzten XXI. mendea hasteaz batera eta, Agustin Azkarate eta Luis Caballero Zoreda adituek egindako behin-behineko ikerlana oinarri hartuta, Tobillasko tenpluaren sorrera aspaldi-aspaldikoa dela ondorioztatu da. Aldare nagusiaren aldeko hormetan soa iltzatzea besterik ez da elizaren antzinakotasunaz ohartzeko. Oñako Kartularioaren dokumentazioari jarraiki, Tobillasko monumentua IX. mendearen hasierakoa dela ohartarazten digute ikerlariok, garaiko monasteriorik bikainenetakoa izan zela.
Bovedara bidean
Tobillasko monumentua behiala altxatu zeneko paisaia bertatik bertara ezagutze aldera, herriko plazan emango diogu hasiera ibilbideari. Plazatxoan eskuinera egin eta Bovedara doan bideari oratuko diogu. GR 1 bide seinalea eta marka zuri-gorriak lagun, kale bereko 3. zenbakia daraman eraikinera iritsiko gara bizkor-bizkor. Ezkerrera hartu eta ekialderako urratsak egiten hasiko gara. Ibilian hasi eta berehala, Tobillasko haitzulo artifizialak ikusteko aukera eskainiko digu bidexka batek. Harpeok ezagutu ezean, bisita sosegatua gomendagarria da. Bestela, nekazari bide zabaletik jarraituko dugu, baratx-baratx, galsoroak alboan direla.
Arrayuelas eta Carrias mendiek osatzen duten gailurreria bete-betean harrapatuko dugu. Izan ere, kareharrizko malkar distiratsua aurrez aurre azalduko zaigu, ipar isurialdeko mazelak jantzarazten dituzten ler gorrien eta pago lirainen gainetik. Bideak bitan banatzean, eskuinetik segitu eta ehunka metro egin ostean, alanbre batera helduko gara. Baimenik gabeko autoentzako debekua irakurriko dugu bertan, berariaz jarritako seinale batean. Alanbrea gurutzatu eta, ez bat eta ez bi, ler gorrien eremuan barneratuko gara. Leun eta bigun jarraituko dugu koniferoen abaroan, magalari kilimak egingo bagenizkio bezala. Beste alanbre batera helduko gara ziztuan. Hura ere zeharkatu eta zuzen jarraituko dugu, belarrez jantzitako bidea besalagun. Canto errekastoa igaroko dugu laster, eta, soilgunera helduta, larre zabala alderik alde zeharkatu eta bidebanatze batekin egingo dugu topo.
Cuetotik Arrayuelas tontorrera
Bide seinaleak ohartaraziko digu Bovedara doan GR 1 zidorra eta Sierrako atakara igotzen den bidea banandu egiten direla bertan. Ezkerrera egin eta aspaldi markatutako PR A-3 zidorrari men egingo diogu. Hegoaldera begira jarrita, goratasuna hartzen hasiko gara. Ler gorriek bidea emango diete pago lerdenei. Hurrengo desbideratzera heldutakoan, eskuinetik doan basabidetik jarraituko dugu. Aldats pikoa izaki, soseguz eta patxadaz hartuko dugu, hatsanka ibili gabe. Igoera xumeak belarrez jantzitako basabide batera eramango gaitu. Eskuinetik segitu eta ehunka metro zehar-zehar ibili ostean, GR 282 zidorrarekin bat egingo dugu. Lalastra aldera eginda, ler gorrien artetik gora egiten segituko dugu. Aho zabalik geratzeko moduko paisaia zabalduko zaigu orain: pago sendoak eta deigarriak sakabanatuko dira han, Cuetoko malda harritsuan barrena. Sierrako atakara helduta, Lalastra eta Valderejoko ibarra inguratzen duten lerro eta gain sonatuak deskubritzeko aukera dago: Recuenco, Vallegrull eta Santa Ana, besteak beste.
Goiko lepoan, ezkerrera hartu eta Cuetoko antena altxatzen den tokira bideratuko ditugu gure pausoak. Gero, lerroan aurrera jarraitu eta ekialdeko muturrera helduta, arteak, erkametzak, hurritzak eta pagoak altxatzen diren muinoan Arrayuelas mendiko postontzia eta erpin geodesikoa topatuko ditugu. Paisaiaz bapo gozatuta, Tobillas herrira itzuliko gara.