Lapurdira lehenengoz bertaratzen den edonor kolore zuri eta gorriz jantzitako herriez eta nortasunez beteriko mendiez maiteminduko da istant batean; lurralde ederra da, duda barik. Mendi horien artean, Artzamendi dugu garaiena, 926 metrokoa; erraz bereiziko dugu urrunetik, radar erraldoi bat baitu gailurrean. Ibilbide honetan, Lapurdiko sabaira igo, eta Bizkarluzeko mendilerroa zeharkatzen da, Latseko errekaren sakana inguratuz.
Itsasu (85 m) izango dugu ibilbide honen abiapuntu, bere gerezi beltzengatik ezaguna den herri txikia. Ekainaren lehenengo igandean ospatzen dute fruitu horren inguruko jai erakargarria. Trinketaren biribilgunean, hegoaldera abiatuz, Errobi auzoa zeharkatzuko dugu lehenengo pedalkadetan, izen bereko ibaiak irekitako arroilaren bila. Igarobidea estutzen denean, Atekagaitzeko begia ageri da asfaltozko pistaren eta ibaiaren artean. Kondaira batzuek diote Karlomagnoren ordezkari izandako zaldun horrek ezpata kolpe batez ireki zuela bidea, eta beste batzuek, aldiz, haren zaldiak ireki zuela, ostikoz. Nolanahi dela ere, xarma handiko txokoa da.
Errobi ibaia bidelagun dugula, aurrera egingo dugu auzo errepide gorabeheratsuan, baso eta larreen artean baserri solteak topatzen ditugula. Hamabi kilometro inguru izango ditugu hankak ondo berotzeko, Bidarraiko Olha auzora iristen garen arte. Hemen benetako igoerari ekingo diogu, Ohateko lepoa (330 m) lehenengo jomuga izanik. Gakoeta mendiaren hego magalean dago lepo hori.
Grande Traversee du Pays Basque mendi bizikletako ibilbidearen seinaleak segituz, hondar gorrixkako xendak Mehatse lepoa baino metro batzuk gorago gidatuko gaitu, Artzamendira daraman pistarekin bat egiten dugun arte. Azken kilometroan, batez besteko %15eko maldari aurre egin ostean, Lapurdiko sabaiko radar esferikora iritsiko gara: Artzamendi (926 m). Ikaragarria da zer panoramika ikusten den handik, Latseko sakanetik hasita Bizkaiko golkoa, Frantziako lautada eta mendi nabarmenak ikusiko baititugu, hala nola Baigura.
Hurrengo jaitsierak Mehatse lepora garamatza, non Burdin Aroko nekropoli garrantzitsu bat dagoen, Nafarroaren, Nafarroa Beherearen eta Lapurdiren arteko mugan bertan. Iduzkimendi inguratu ondoren, Ahatxemendiko lepora (531 m) jaitsi eta Gorospilgo lepora igoko gara. Orain Bizkailuzeko mendilerro gozagarria segituko dugu, eta Gorospilgo gailurretik gertu etzandako menhirra topatu.
Xenda estu eta harritsu batek Zuharretako lepoan utziko gaitu. Hor, berriro ere aldapan gora gogor egin eta Urrezti mendia inguratuko dugu, mendebaldeko magalean dagoen iturrian geldiunea eginda. Muino hori gaindituta, Mondarrainera iritsiko gara, betiere bizikleta metro batzuk beherago utzita. Gotorleku erromatar bat izan omen zen gailur horretan (749 m).
Bizikleta hartuta, mendebaldeko magala inguratu, eta bidezidor bat hartuko dugu Amezketako lepoan, Legarreko leporaino. Ondoren, Atharri mendiaren ipar magala zeharkatuz, Itsasura bueltan eramango gaituen bidea topatuko dugu. Jota lehiaketa egiten ari dira herrian gu iristerakoan, baso bat Euskola edaten gelditzeko aitzakia bikaina!
Laburbilduta, igoera luzea eta jaitsiera teknikoak dituen ibilbidea da, bizikletazale eskarmentudunentzako aproposa, eta ederra, ederra oso, Ipar Euskal Herri osoa bezalakoa.