Mendi ibilaldia

Askorriagako punta, Armintzatik

Ibilaldi lasai bat egingo dugu itsasertzean, Armintzaren eta Plentziako badiaren arteko labar landarez josietan barrena.

Askorriagako punta. GORKA LOPEZ
Askorriagako puntarantz oinez. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Askorriaga punta
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Armintza, Ermua mendia, Gorlizko itsasargia, Askorriaga punta
  • Distantzia: 12,5 km (620 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 15 minutu
  • Ingurunea: Bizkaiko itsasbazterra
  • Estekak: Ibilbidea
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko itsasbazterreko ibilbide hau ezin hobea da lasai-lasai ibiltzeko, asmo handirik gabe. Are, oso aproposa da umeekin egiteko. Oro har, edonorentzako modukoa da. Izan ere, nahiz eta maldaren bat edo beste dagoen, pixkanaka-pixkanaka igotzen dira, eta ez dira oso aldapatsuak; beraz, ez dago ahalegin handirik egin beharrik. Bestalde, itsasbazterreko ikusmira zoragarria da, eta, gainera, marinel herritxo batean —Armintzan— kalerik kale ibiltzeko aukera izango dugu. Horrez gain, eukalipto basoen eta jatorrizko artadien arteko kontrasteaz gozatuko dugu.

Ermua mendian gora

Armintzako sarreran biribilgune bat dago, eta, iristen ari garela, ezkerrean, gorantz doan errepide bat ikusiko dugu. GR-123 Bizkaiko Bira ibilbidearen seinaleak ditu; ibilbide hau egiteko, Plentziako norabideari jarraitu behar diogu. Horrenbestez, ibilbideari ekingo diogu: errepidean gora joango gara hegaletik, eraikin batzuen artean sigi-saga; Armintza gainera igoko gara, eta mendi bide batean sartu, zeina autoentzat itxia baitago hesi batez. Metro batzuk aurrerago, eukalipto baso itxi batean sartuko gara; hala ere, tartean-tartean, itsasoa ikusteko aukera izango dugu zuhaitz adarren artetik. Bidea zabala da, eta malda leuna du gorantz; ez dago malkarrik. Bidea bitan banatzen denean, GR-123 ibilbidearen seinaleek argi adierazten dute bidea zein den.

Urtzuniagako sakanaren gaineko mendi hegal zabal batean zehar ibiliko gara. Basoan, parte batzuetan zuhaitzak moztuta daude, eta, halako batean, eukaliptoak ezkutatu eta pinuak agertzen dira, eta bide zabala bidezidor estu bihurtzen. Argintxeko basoan aurrera jarraituko dugu; bidean, eukaliptoak eta pinuak nahasten dira, eta, era berean, arteak agertzen dira han eta hemen. Hala, bidegurutze batera iritsiko gara; zenbait seinale daude, eta eskuinera joko dugu, GR-123 ibilbidean betiere, Ermua mendirantz. Artadia eta ondorengo garo saila zeharkatuko ditugu, eta erortzear dagoen txabola batera iritsiko gara. Erpin geodesiko bat du teilatuan: horrexek zehazten du Ermua mendia non dagoen.

Gorlizko labarrak

Itsasora makurtutako Ermuko pendizetik, landarez barra-barra betetako magal batean zehar, Billao harrizko uhartea ikusiko dugu, olatuek gogor jotzen dutelarik. Artadian barneratzen den bideari helduko diogu, zeina aurretik igarotako basoak baino are itxiagoa den, eta beherantz abiatuko gara, Ermuaren kontrako bidetik. Pixkanaka, basotik aterako gara, eta Plentziako badiaren zati bat ikusiko dugu, baita Gorlizko auzoak ere ezkerreko zelaien atzean.

Legorrariko muino belartsuen segida laburra zeharkatuko dugu, beste artadi bat gurutzatu, eta labarren gaineko terraza batean barrena joango gara. Malda handiagoa jaitsiko dugu, otezko eta garozko marea batean zehar, zeinak bunker bat ezkutatzen baitu azpian. Berehala, Gorlizko itsasargira iritsiko gara. Ezkerraldeko bide asfaltatu estuan aurrera egingo dugu, Kukulluko lurretan zehar, Billao lurmuturraren eta Gurbizaurreko bihurgune harritsuaren arteko itsaslabarren gainean. Ibilaldi lasai honek aukera ematen du Bizkaiko kostaldeko luze-zabala ikusteko, mendebaldeko zeruertzerantz. Hala, saihesbidera iritsiko gara lehenbailehen —eskuinean dago, eta GR-123 ibilbidearen seinaleak ditu—, eta Larragan muino berdera doan bidearekin bat egingo dugu.

Ikusmira zoragarria aurrean izanda, non itsasaldea eta barruko mendiak batzen diren, beste aldetik jaitsiko gara, tontor arteko bihurgune bateraino. Hor panel didaktiko bat dago Askorriaga gailurrari buruz, kostako defentsa bateria izan zen garaiari buruz, eta inguratzen gaituen naturari dagozkion beste alderdi batzuei buruz. Pare horretan, alde batera utziko dugu GR-123 ibilbidea, eskuinera joko dugu, eta Askorriaga puntara joateko paseo laburrari ekingo diogu, bi aldeetatik itsasorantz doazen pendizetan barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!