Ibilbide honek aukera ematen du hainbat paraje ederrez gozatzeko, ikusgai geratzen baitira Durangaldeko mendien alde horretatik, Urkiolako mendatetik, hain zuzen. Hala, bista paregabeak izango ditugu bidean zehar: Mugarra, Untzillatx, Alluitz eta Anboto bera, baita eskualdeko inguruen ikuspegi zabalak ere; hain zabalak, ezen gailur leun samarrak ere ikus baitaitezke, Udalatx eta Gorbeia mendietakoak, esaterako.
Osteratxoa Asuntzara
Urkiolatik abiatuko gara, santutegia eskuinean utzita, eta bide bat hartuko dugu: GR 38 ibilbidearen eta GR 12aren artekoa, hain justu —lehenbizikoa Otxandiora doa, eta bestea, Urkiolagirrera—. Mendi mazelan aurrera egingo dugu, larreak eta urki lerroak zeharkatuta, eta patxadaz igoko gara, suabe-suabe. Gero, konifero baso batean sartu, eta pistan aurrera jarraituko dugu; zuhaitzen adarren artetik Gorbeiaren magal handia ikusiko dugu urrutira.
Aurrera segituko dugu zailtasun handirik gabe, Urkiolagirreren magaletik, eta atzean utziko dugu konifero basoa. Hala, larre batzuetara iritsiko gara, eta hantxe aurkituko dugu Pol-pol iturria, Elgoin mendiko harkaitzen oinean. Bidean gora egiten hasi eta berehala, pistak eskuinera joko du Asuntzako mendatean, eta orduan bidea utzi, eta ezkerrera joko dugu. Zeharka gora doan bidea hartu beharrean, hesi bateraino jaitsi, eta mendizaleentzat irekitako gunetik igaroko gara, hesia gurutzatu eta PR BI 85 ibilbidea hartzeko, Guenzelai eta Atxartera doana, alegia.
Alluitzen magalean aurrera, Astxikiren tontorrera
Gutxinaka-gutxinaka jaitsiko gara, tarteka pagadian sartuz, tarteka handik ateraz, eta Larranoren eta Alluitzen gailur nagusiaren artean zabaltzen diren haitz bertikalen ondotik ibiliko gara. Baso misto trinko batek estaltzen du harana, eta Untzillatx mendiaren hormek zedarritzen dute; Mugarraren arrokazko kaskoa ageri da horma horien atzean. Ikus daitekeen irteera bakarra Atxarte inguruko igarobidea da.
Hurritz baso baten gainetik igaro, eta mendi magalean aurrera egingo dugu, parte lauak eta jaitsierak tartekatuta. Pagadi bat zeharkatu, eta Infernuzubi igarobide beldurgarriaren azpitik pasatuko gara, Alluitzera iritsi aurreko gandorrean dagoen horretatik. Artadi batean barrena tarte batez ibili ondoren, Astxikiko tontor txikiena ikusiko dugu, PR BI 85 ibilbideko bidegurutze batera iritsi aurretik. Eskuinera joko dugu bidegurutzean, Artolako leporantz joateko.
Hala, hesi bateraino iritsi, irekigunetik pasatu, eta gorako bidea hartuko dugu. Alluitzeko eta Astxikiko haitzen artean zabaltzen den hegal berdetik igoko gara, eta Artolako lepo panoramikora iritsiko. Ezkerrera joko dugu, Alluitzi bizkarra emanda, eta Astxikirako igoera sigi-sagatsuari ekingo diogu, eremu harritsu batean aurrera eginda. Eskuinera Udalatx ikusiko dugu, eta ezkerrera, Untzillatx. Zailtasun handirik gabe, beste bi tontorren arteko igarobide batera iritsiko gara; ezkerrekoa da Astxiki.
Urkiolara itzultzea
PR BI 85 ibilbideko bidegurutzera jaitsiko gara. Iritsi eta segituan, eskuinera joko dugu, eta baso batean sartuko gara Atxarterantz joateko. Beherako bidean aurrera egingo dugu, eta, lehenengo bidegurutzean, ez dugu eskuineko bidea hartuko, ezta bigarrengoan ezkerrekoa ere, eta, hala, haranaren hondora iritsiko gara zuzenean, Astxikiren pareten oinera. Pista batera iritsi, eta PR BI 86 bidearekin bat egingo dugu. Bide horri jarraituko diogu, eskuinetik, ehuna metro egingo ditugu beheraka, eta ezkerrera joko dugu. Kristoandako ermitara iritsi aurretik, ordea, ibaia gurutzatu, eta PR eta GR 229 bideetan gora egingo dugu, Txakurzulorantz.
Gero, basoz estalitako hegal aldapatsua igo beharko dugu, eta ikusiko dugu zuhaitzak aldatu egiten direla gora egin ahala. Zenbait malda piko igo eta gero, errepide bazterrean dagoen baserri batera iritsi, GR 38 bidea hartu, eta ezkerretik igoko gara. Txakurzuloko pista zeharkatu ondoren, PR BI 86 ibilbidea utzi, eta GR 38tik aurrera jarraituko dugu. Hala, laster iritsiko gara Urkiolako santutegira.