Mendiko bizikleta

Badaia, neguko jolastoki

Gasteiz eta Kuartango arteko mendilerroa “ezinbesteko” bihurtu da azken urteotan mendi bizikleta zaleontzat. Ibilbide zirkular honek ia Badaia osoa zeharkatzen du.

Mendiko bizikletan Badaia mendilerroan
Loiateko putzutik Trespondera doan bidean. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Badaia, neguko jolastoki
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Oteros, Ganalto
  • Distantzia: 43,2 km
  • Iraupena: 3 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Badaia mendilerroa
  • Estekak: Badaia.GPX
Ivan Ruiz.
2024ko urtarrilaren 31
05:00

Indarra hartu du azkenaldian Badaiako mendilerroak euskal bizikleta zaleen artean. Arabako hiriburutik gertu egoteaz gain, bidezidor asko ditu, eta ura erraz iragazten duen zorua ere bai, eta, horri esker, aproposa da edozein urtarotan bisitatzeko. Trailforks aplikazio ezagunean, gainera, mendilerroko ia bide guztiak daude erregistratuta, beren deskribapen eta zailtasun mailarekin, eta erraza da, oso, gure neurriko ibilbide bat diseinatzea. Oraingoan, ia Badaia osoa zeharkatzen duen ibilbide zirkularra prestatu dugu, hango txoko eta gailur garrantzitsuenak ezagutzeko modua emango diguna.

Otogoien herriko (545 m) sarreran badugu aparkaleku txiki bat: hortxe gure abiapuntua. Herria zeharkatuz, Otobarrenera joango gara, eta Ubarriaraneko baseliza bisitatu bertan. Mendebaldera, mendian gora doan bideari jarraituko diogu, eta, Loiateko putzuaren ondoan gaudela (702 m), ezkerrera dugun bidetik segituko dugu. Aurrerago GR-25arekin bat egiten du: maldan behera Tresponderaino gidatuko gaitu, bidean Larrinzaiko muinotik eta Lautadako behatokitik igarota.

Hainbat bidezidor

Tresponden, zubi erromatarreraino jaitsi behar dugu. Kontrako isurialdean Iruña-Veleiako aztarnategia dago, baina guk so egingo diegu Santa Katalinako lorategi botanikora daramaten seinaleei. Gaur egun itxita dago, berriztatzeko lanetan; horregatik, lorategira sartu baino lehen, gora egingo dugu aurrean dugun porlanezko pistan. Jarraian, Cape Epic bidezidorretik jaitsiko gara. Ur hodi handi batekin topo egitean, hura zeharkatu eta Egurginak zidor zakarretik jarraituko dugu, Longana mendiaren hormatzarraren azpian amaiera polita duena. Langraiz Okako kartzela zaharra aurrean dugula, Zadorra ibaiaren ibilbide berdetik segituko dugu. Bidean, XIX. mendean Bolengo bainuetxea izandako San Jose ikastetxea utziko dugu alde batera.

El Torco harrobiaren parean, Badaiako parke eolikoaren pista hartuko dugu, karlistadetako El Encinal dorrea inguratuz. Artadian gora eginez, Badaiako lautadara iritsiko gara (1.020 m) lehenengo haize errotekin topatu ostean. Orduan, ezkerrera Oteros gailurrera iritsiko gara (1.036 m), eta eskuinera Lorritxora (1.024 m).

Ganaltoko gurutzea
Ganaltoko gurutzea. Iñaki Elejaldek egin zuen, eta 2003an ipini zuten gailurrean. IVAN RUIZ ROTAETXE

Jarraian, errota artean eta hegotik iparrera mendilerroa zeharkatzen duen pistari jarraituz, Askiegiko batzar etxetik igaro, eta Ganaltoko gurutzera (898 m) joango gara: Atxabaleko haitzen begiratoki ezin hobea da.

Hortik, azken jaitsiera falta zaigu bakarrik. Lehenik, hegoaldera Santa Marina baselizara daraman bideari jarraituko diogu. Santutegia atzean utzita, 300 metro beherago dagoen bihurgunean, bidea utzi eta Pony bidezidorrari jarraituko diogu zuzen. Bidezidor estua da, koskaren bat duena, kontuz ibiltzekoa lehen metroetan. Bide zabalera irteterakoan, zidorrak jarraipena du metro batzuk gorago. Pony + izena du zati horrek, eta likenez eta goroldioz estalitako baso itxian zehar eramango gaitu, Goros kobazulotik oso hurbil. Gomendagarria da horri bisita egitea.

Azkenik, bide zabalera aterako gara berriz, eta, sakanaren ekialdera jarraituz, Otogoienera bueltatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.