Mendi ibilaldia

Baljerrira, Lanzas Agudastik

Baljerriko tontorra (1.606 m) Ordunteko mendilerroan dago, Karrantza eta Mena haranak banatzen dituen mendikatean.

Baljerri mendia eta Lanzas Agudasko zelai uhinduak, Karrantza haranean
Baljerri mendia eta Lanzas Agudasko zelai uhinduak, Karrantza haranean. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Baljerri Lanzas Agudastik
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Lanzas Agudas, Basoa, Bidebanatzea, Erreka, Baljerri
  • Distantzia: 10,6 km (690 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Ordunteko mendilerroa, Karrantza eta Mena haranak
  • Estekak: Ibilbidea
2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karrantza haranerantz zabaltzen den aldean, baso ikusgarri batek estaltzen ditu Baljerriren mendi hegal gehienak. Baso trinkoa partez zeharkatu ondoren, beste mazela batera pasatuko gara, eta mendi hegalean gora joango gara, Peñarandako sakan ederra behealdean dugula. Portillo de Brenara iritsiko gara, Ordunteko mendilerroaren gailur lerrora bertara, eta, gero, Baljerriko tontorrera heltzeko bidean dauden muinoak gaindituko ditugu. Ikuspegi panoramiko zabalak izango ditugu gozagarri bidean, bai Bizkaiko lurrenak eta bai Burgoskoenak.

Baljerriko basoan barrena

Lanzas Agudas auzoan sartu eta hilerriaren azpitik pasatu eta gero, kurba batera iritsiko gara; eskuinetara bide bat ikusiko dugu, eta panel bat ondoan, Karrantza inguruko plano kartografiko bat duena. Bide hori hartu, eta zenbait etxeren artetik pasatuko gara, seinale batzuk ikusi arte: GR-123ra eta PR-BI-122 bidetik Kolitzara joateko pista erakusten dute. Pista hori hartuko dugu, eta Peñarandako sakan oihantsurantz abiatuko gara; haren gainean dago Peñahorada tontorra (1.124 m), triangelu formakoa, Ordunteko mendilerroaren alde horretako gailur nagusia.

Bidegurutze batera iritsiko gara; ezkerretara jo eta, sakana bizkarrean utzita, hegalean gora doan bidea hartuko dugu. Haraneko ikuspegia zabalduko zaigu, eta pixkanaka gora joango gara, pinu, haritz, gorosti, pago eta lizar artean. Hala, basoan barneratuko gara berehala, eta aldapa arindu egingo zaigu, iratzeak eta sasiek osatutako oihanpea agerian dela. Desnibel handiko malda batean gora joango gara berriz, eta pista bitan banatuko da: guk ezkerretik jarraituko dugu. Beste berrehun metro inguru egin, eta eskuineko lur zidorra hartuko dugu, GR-123 eta PR-BI-122 bideen seinaleekin markatua.

Peñarandako sakanaren gainetik

Haritz eta pago artean goazela, malda gora egin eta mendi hegala gaindituko dugu; basotik aterako gara, eta saroi bat utziko dugu ezkerrean. Hura inguratzen duen harrizko hesiaren ertzetik ibiliko gara, eta eskuineko pista baztertu egingo dugu, ezkerrean dagoen bidezidorra hartuko baitugu. Baljerriren magaletik ibiliko gara, Peñarandako sakanaren behealdeko basoa azpian dugula. Gorago, beste bidexka batekin bat egingo dugu eskuinetik, eta, hala, mendi magaleko bideari ekingo diogu.

Terraza belartsu bat pasatu eta gero, bidezidorrak mendi magalean marrazten dituen bihurguneei jarraituko diegu, eta gorago egongo gara berehala; mendi magal berdean ibiliko gara berriz, eta aurrera egingo dugu pixkanaka. Ia zuhaitzik gabeko eremu batetik pasatuko gara, pago eta haritzen bat edo beste baizik ez dagoela, eta erreka batera helduko gara; hor, zutoin batek dio ezkerretara hartu behar dela Portillo de Brenara joateko. Hala, erreka gurutzatu eta gora joango gara diagonalean; gero, eskuinera hartu, PR-BI-122 bidea ezkerrean utzi, eta GR-123 bidean gora segituko dugu Portillo de Brenara iritsi arte. Hor ez dago ez bidexkarik eta ez segitu beharreko markarik, baina guk ezkerrera egingo dugu, eta hegalean gora abiatuko gara, belar artean aurrera goazela eta ikuspegi zoragarriak inguratzen gaituela. Lehenengo goragunera helduko gara, eta mugarri bat topatuko dugu; atzeko laugunetik ibili, Baljerriko tumulutik pasatu, eta aldapa handi batetik igoko gara. Hortik Baljerriren tontorrera helduko gara: erpin geodesiko baten hondarrak aurkituko ditugu, baita dagokion gutunontzia ere. Panorama paregabeez gozatu, eta bide beretik bueltatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA