Mendiko bizikleta

Basaburuko oinarrizkoak

Auzolanaren indarrak, ‘trailbuilding’ edo bidezidorgintzaren bitartez, mendiko bizikletarako paradisu bihurtu du Nafarroako eskualde hori.

Basaburuko xendak
'Jentilak' xendaren hasiera. Basaburuan ez dago izenik gabeko biderik. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Basaburua
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Oso zaila
  • Tontor eta leku izenak: Jauntsarats, Beruete, Seanbe, Arrarats, Begaña, Ormalabaki
  • Distantzia: 28,5 km (1-300 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 40 minutu
  • Ingurunea: Basaburua
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako iparraldean, Lekunberritik ez oso urrun, bada auzolanaren bitartez mendiko bizikletazaleon helmuga bihurtu den eskualde eder bat: Basaburua. Bertako auzokideek, Manu Alvarez Ipartrails-en gidaritzapean, salto, egurrezko pasabide eta goragunedun xenda jostagarriak sortu dituzte, pago, haritz eta gaztainondo basoetan. Hala, Euskal Herriko enduro modalitatearen gune azpimarragarrienetako bat bihurtu da Basaburua. Gainera, asteburupasa ederra egiteko beharrezko diren zerbitzu guztiak daude bertan: jatetxeak, landetxeak, autokarabana gunea eta bizikletak garbitzeko tokia. Oraingo honetan, Alvarezen gomendioei jarraituz, Basaburuko oinarrizko xendak biltzen dituen ibilbide borobila egingo dugu; motza, gogorra, baina jostagarria bezain ederra.

Ibilbideak Jauntsarasko Oihanzabal eskolaren ondoko aparkalekuan du hasiera (556 m). Amaitutakoan, bizikleta garbitzeko aukera izango dugu hemen. Hasi eta metro gutxira, Kisulabe haritza bisitatuko dugu, hamar metroko perimetroa duen zuhaitz puska. Ikusgarria! Eskolaren atzealdetik xenda batek Jasokundearen elizara gidatuko gaitu, non Beruetera daraman errepidearekin bat egingo dugun. Pixkanaka berotzeko aproposak dira Usarra errekaren aldameneko lehenengo kilometro hauek. Beruetera iritsitakoan (690 m), hegoaldetik iparraldera zeharkatuko dugu, hango baserrien handitasuna miresten dugun bitartean.

Ur biltegiaren bidegurutzera iristerakoan, Arrarasbidetik aldapa gora jarraituko dugu, Karateko lepora (840 m) iritsi arte. Hegoaldera biratuz, pagadian barrena gora egin eta Arrabio xenda hartuko dugu, sigi-saga Seanbe mendira daraman erremontea. Gailurrari bisita egin ostean (1.023 m), Iratxo xenda teknikotik behera jarraituko dugu. Zidor hezea eta tentea da, eguneko jaitsierarik zailena agian.

Jaitsiera neketsuaren ostean, Izabal erreka zeharkatuko dugu, eta, pistan gora, Arraratsera joko dugu (672 m). Herri polita da hau ere, frontoi eta guzti. Elizaren ondoan Otsolako bidearekin bat egingo dugu. Begaña mendiaren hego magalean gora eginez, izen bereko larreetara (900 m) darama bideak. Ur jauzi eder bat ikusteko aukera dugu bertan.

Argazki pare bat egin, eta bagoaz gora berriro, Abarketako lepora (995 m). Hemen ere pagadian barrena murgilduko gara, Begaña mendiaren gailurrera daraman erremontearekin bat eginez. Baso eder batek estaltzen du gailurra (1.104 m), eta postontziaren ondoan bertan egurrezko seinale erliebedun batek Sorginak jaitsieraren hasiera adierazten du. Hau bai xenda jostagarria, flow-a duten horietakoa, goragune eta guzti!

Arraratsera bueltan eramango gaitu bideak. Beraz, abiadura mantsotu eta herrian behera jarraituko dugu. Ondoren, Izabal ibaia zeharkatu eta Arañalde mendia ekialdetik inguratzen duen bideari jarraituko diogu. NagiNi xendaren seinalea topatuko dugu tarte honetan: Seanbe eta Ormalabaki mendien ekialdeko magalean gora eramango gaitu goranzko zidor honek. Mendi bizkarrera iristerakoan, iparraldera biratu eta Ormalabakiko gailurrerantz abiatuko gara (864 m). Aldapa gogor baten ondoren, Jentilak jaitsiera bidearen hasierarekin egingo dugu topo. Xenda tekniko honetan egurrezko pasabide eder bat igaroko dugu.

Amaitutakoan, sagardotegien pistarekin bat egiten du xendak, eta Iturrondoko antenetarantz jarraituko dugu, Lauburu xendaren hasierarekin bat egin arte. Nahiz eta sarrerak itxura arriskutsua izan, hau ere oso jaitsiera bizkorra eta dibertigarria da, goragune txikiekin. Hark Jauntsaratsera bueltan eramango gaitu, ibilbide bikain honi amaiera emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!