Mendi ibilaldia

Las Cañas urmaela

Txori txikien lehen txorrotxioak, hegazti migratzaileen hegaldiak, haien ohiturak... Vianako hezegune kozkorra bizirik dago eguneko ordu guztietan.

Las Cañas urmaela
Hegaztien ohiturei buruz ikasteko leku egokia da Las Cañas urmaela. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Las Cañas aintzira
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Cuevasko Ama Birjinaren ermita, Donejakue bidea, hegaztien behatokia
  • Distantzia: 7,2 km (32 m+)
  • Iraupena: 1 ordu eta 55 minutu
  • Ingurunea: Lizarrerria
  • Estekak: Las Cañas urmaela
mikel arrizabalaga
2026ko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vianatik Logroñora doan Donejakue bidearen zati bat bete ondoren, Las Cañas urmaela agertuko zaigu. Bi putzuk osatzen dute hezegune kozkor hori, eta ibilbide leun eta erraz bat egingo dugu haien inguruan. Halaber, natura erreserban dagoen El Bordon hegaztien behatokitik urmaelean bizi diren edo beren migrazio garaian pausatzen diren hegazti mota asko ikusteko parada izango dugu. Las Cañas urmaela Ramsar zerrendan dago —nazioarteko garrantzia duten hezeguneak biltzen ditu— eta Natura 2000 sarearen barruan —biodibertsitatea kontserbatzeko eremua—.

Cuevasko Ama Birjinaren ermitaren ondoan dagoen atsedenlekuan emango diogu hasiera ibilaldi eder honi. Donejakue bidearen erdi-erdian dagoen ermita hau erromatar garaiaren aurreko Covas herrixkako antzinako eliza izan zen, 1219an Vianarekin bat egin zuena. 1140an Aymeric Picaud frantsesak idatzitako lehen Donejakue gidan, ermita horren izena agertzen zen. Eliza eta kofradia XIV. mendetik dokumentatuta daude. Ermita XVIII. mendean erabat berregin zen, eta gaur egun eraikinak ez du estilo jakinik.

Ermita atzean utzi eta Donejakue bidearen seinaleek erakutsiko digute jarraituko beharreko bidea. Frantses bidetik kilometro eta erdi eskas bete eta gero, Logroñoraino hedatzen den bidea eskuinera utzi eta ezkerretik hedatzen den lurrezko pista hartuko dugu. Beste kilometro erdi bete beharko dugu Las Cañas natura erreserban dagoen behatokiaren aparkalekura iristeko. Gertu, zutarri edo monolito bat ikusiko dugu, eta, haren ondotik ateratzen den eskaileratik, mendixka baten gainean dagoen behatokiaren harrizko eraikinera igoko gara.

Sarrera doakoa da, eta bertan dagoen teknikari batek harrera egiten die bertaratzen diren bisitariei. Urmaelean bizi diren hegaztiak behatzeko dauden prismatiko eta teleskopioak erabili ahal izango ditugu, eta, informazio oso bat edukitzeko, hezegunearen historia, uraren erabilerak eta hegaztien migrazio ohiturak modu grafikoan jasotzen dituzten panelak ditugu.

Behatokia utzi, eta aparkalekura itzuliko gara. Bertan, inguru horretan bat egiten duten hiru bidezidorrak ikusiko ditugu (GR, SL eta urtegirako itzulia). Bidea oso nabarmena izan arren, SL-Na 182A ibilbide balizatuaren marka zuri eta berdeek lagunduko digute bidegurutzeetan norabide zuzena aukeratzen. Pista zabal eta leunetik aurrera eginez, ezker aldean behatoki txiki bat ikusiko dugu. Laster iritsiko gara urmaelaren ertzera. Berez ez da urmael bakarra, bi dira, 80 hektarea inguruko eremuan, eta dike batek bereizten ditu. Urmaelek ez dute beti tamaina bera, urtaroen eta ureztatzeko erabiltzen den uraren arabera aldatu egiten baitira. Salobre izenez ere ezaguna da, inguru hau izen horrekin ezagutzen baita.

Kanaberen ingurune batean, barnean dabiltzan hegaztiei begira denboratxo bat pasatu ondoren, bidegurutzera iritsi eta ezkerretik hedatzen den xendan barrena jarraituko dugu. Bide polit horretatik kilometro pasatxo bete eta gero, dike nagusiaren ondotik pasa, eta GR-99 Ebroko Bide Naturalarekin bat egingo dugu. Metro batzuk aurrerago, bidegurutzera ailegatzean, behatokira doan bide balizatua (SL Na 182A eta GR-99) utzi eta eskuineko pista zabaletik jarraituko dugu. Mahasti eta zereal lurren artean marrazten den bide honetatik erraz helduko gara abiapuntura, ermitaren ondoan dagoen atsedengunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA