Dmitri Golovtxenko alpinista errusiarra G-IVan desagertu da

Sergei Nilov sokakideak jakinarazi duenez, lagunak istripua izan zuen, Gasherbrum IV (7.925 m) mendiaren hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean bide berri bat zabaltzen ari zirela. Munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten.

Dmitry Golovtxenko alpinista errusiarra. DMITRY GOLOVTXENKO
ramon olasagasti
2023ko irailaren 6a
10:44
Entzun

Hainbat egun batere berririk gabe egon ondoren, albisterik beltzena heldu da Gasherbrum IV menditik (Karakorum, Pakistan): Dmitri Golovtxenko alpinista errusiarrak istripua izan du, eta desagertuta dago. Sergei Nilov sokakideak, oso ahulduta eta zenbait atal izoztuak dituela, kanpaleku nagusira iristea lortu du, eta berak eman du albistea, Errusiako Mountain Ru atariko Anna Piunovak baieztatu duenez. Oraingoz, ez dago berri askoz gehiagorik. Helikopteroak prest dira abiatzeko eta airetik Golovtxenko bilatzen saiatzeko, baina eguraldi txarrak ez du aireratzeko aukerarik ematen.

Bi alpinista errusiarrak Gasherbrum IVko (7.925 m) mendiaren hego-ekialdeko ertza eskalatzen ari ziren. Munduko mendirik eder eta zailenetako bat da G-IV, eta ertz hori inork eskalatu gabe zegoen oraindik. Estilo alpinoan, arin, ezinbesteko materialarekin ari ziren eskalatzen, ohi duten moduan. Bateriari eusteko, komunikazio laburrak baino ez zituzten egiten satelite bidezko telefonoarekin. Abuztuaren 30ean egin zuten azken komunikazioa. Geroztik, ez zen albisterik, eta, egunak aurrera joan ahala, kezka areagotzen ari zen. Nilov eta Golovtxenko denboraldiz kanpo ari ziren eskalatzen; Karakorumeko mendietan geratzen ziren azkenak ziren.

Gasherbrum IV. mendiaren hego-ekialdeko ertzaren ikuspegia. Alpine Journal

Bi errusiarrek abuztuaren 18an utzi zuten kanpaleku nagusia. Egun pare baten buruan, izotz jauzi erraldoi bat gainditu, eta hego-ekialdeko ertzaren oinarriraino eraman zuten denda, beharrezko guztiarekin. Abuztuaren 21ean ekin zioten ertza eskalatzeari. Abuztuaren 22an lehen gaua igaro zuten, 7.000 metroz goitik. Hurrengo egunetan, ertzaren zailtasun handiak zirela-eta, pixkanaka joan ziren metroak irabaziz. Ekaitzak ere harrapatu zituen tartean, eta zenbait egun egon ziren beren denda txikian mugitu ezinik. Azken komunikazioa, esan bezala, abuztuaren 30ean egin zuten.

Dmitri Golovtxenkok eta Sergei Nilovek munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten (mendian ematen duten garaikur nagusia da urrezko pioleta): bata, Thalay Sagar mendian 2016an zabaldutako bide berriagatik (Dmitri Grigoriev izan zuten sokakide); eta, bestea, 2012an, Muztagh Tower mendiaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen igoeragatik (Alexander Lange lagun zutela). 2019an, berriz, berealdiko ahalegina egin zuten Jannu mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. Jaitsiera hil edo bizikoa, epikoa, izan zen. Espedizio hartatik film bikaina sortu zen: The Wall of Shadows (Itzalen horma). Hemen ikus dezakezue trailerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.