Bidearen datu batzuk
Luzera: 250 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Juan eta Patxi Lasarte anaiek, 2001. urtean.
Zailtasuna: 6a+ (V+ derrigorrez). Luzez luze: 1ºL: V+ (50 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: IV+ (35 m), 4ªL: V (40 m), 5ºL: 6a+ (45 m) eta 6ºL: III+ (40 m).
Orientazioa: Hegoaldea.
Ura: Eginoko iturrian.
Materiala: hainbat luzeratako 10 express zinta, zinta motz eta luze harkaitz zubi, orratz eta bilguneetarako, eta friend sorta bat.
Deskribapena
Lehen luzea, 50 metro, V+. Plaka makurtu bat hasieran, tentetuz doana bertikal bihurtu arte. Sabai itxurako harlauza alderantzikatu bat eskalatu ondoren, luzea bertikala da (V), sabaitxo batera ailegatu arte. Eskuinetik inguratzen da sabai txiki hori. Diedro itxurako horma bertikal bat dator ondoren, eta, handik, iltze batez babestutako sabaitxo batera iristen da. Sabaitxoa eskalatu, zeharkaldi bat eginez ezkerrerantz eskalatzen jarraitu, eta, arte batzuen artetik igaro ondoren, bilgunea dagoen erlaitz harritsura iritsiko gara.
Bigarren luzea, 40 metro, IV+. Gainean dugun ezproiaren ertzetik jarraituko dugu, eta haren eskuinean dagoen orratz itxurako harkaitz bloke handi bat eskalatu. Orratza gainditu, eta ezkerrean dagoen zuhaixkara joko dugu: ezproiaren beste aldera horizontalean pasatu, eta diedro batera iritsiko gara. Diedroa eskalatuta ezproiaren ertzera itzuli eta, plaka bat eskalatuz, bilgunera ailegatuko gara.
Hirugarren luzea, 35 metro, IV+. Plaka bat eskalatuko dugu, eta, sabai txiki batera iritsitakoan, eskuinean dagoen tximinia belartsu bat gainditu. Tximiniatik atera, eta parean dugun ezproira igo beharko dugu. Horretarako, plaka tente bat izango dugu hasieran, eta sabai bat ondoren. Sabaia eskuinetik inguratuko dugu. Bilgunea ezproiaren gainean dago.
Hirugarren bis bilgunera iristeko, ezproiaren amaieraraino joan, eta monolito baten oinera jaitsiko gara, 25-30 metroko zeharkaldia eginez.
Laugarren luzea, 40 metro, 5b. Laugarren luzeak monolitoa zeharkatzen du, zuzen eta erditik. Monolitoaren ezkerrean katez osatutako bilgune bat dago, eta paraboltez babestutako beste bide bat. Kontuz hor, ez baitzaio horri jarraitu behar. Laugarren bilgunea monolitoaren gainean topatuko dugu.
Bosgarren luzeak zeharkatzen duen monolitora iristeko, 100 metro ibili beharko ditugu; ez da zaila monolitoa zein den bereiztea, eskuinean haritz handi bat du eta.
Bosgarren luzea, 45 metro, 6a+. Bertikal bihurtzen den plaka etzan bat eskalatzen hasiko gara lehen parabolteraino, zeina 12-15 metro ingurura dagoen. Bidearen pasagunerik zailena eskalatuko dugu ondoren, pasagune motz bat, heldulekurik gabekoa, baina artifizialean —A0 moduan— eskalatu daitekeena. Horren ondoren, ezkerrerantz doan kanal itxurako bat eskalatuko dugu, erlaitz eroso bateraino. Erlaitz horretatik eskuinerantz jarraituko dugu sabai txiki baten azpira iritsi arte. Sabaia eskuinetik eskalatu eta parabolt batera ailegatzean, ezkerrean izango dugun plakara pasatuko gara. Plaka horren amaieran dago bilgunea.
Seigarren luzea, 40 metro, III+. Bilgunearen gainetik, plaka makurtu bat eskalatuko dugu gainean izango dugun pinakuluraino. Beste pinakulu bat eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara.