Mendiko bizikleta

Errege Bardea, basamortu bat Euskal Herrian

Bardea Zuria eta Bardea Beltza hartzen ditu ibilbideak, eta lotu egiten ditu seinaleztatuta eta bizikletan egiteko moduan dauden bi pista.

Balsa de Nemesia, Bardeetan
Balsa de la Nemesia, ibilbideko urmaeletako bat. IVAN RUIZ ROTAETXE
bardeak web bid
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Bardeako Informazio zentroa, Nemesiaren baltsa, Maltrapateko baltsak, Castildetierra
  • Distantzia: 67,5 km (460 m+)
  • Iraupena: 4 ordu
  • Ingurunea: Bardeak
  • Estekak: Bardeak
Ivan Ruiz.
2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako hegoaldean, Tuteratik gertu, hainbat telesail, film eta iragarkitan agertu den basamortua dago: Errege Bardea. UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen 2000. urtean; horregatik, harritzekoa da armadaren tiro zelai bat egotea parkearen erdian. Halere, horrek ez du eragotzi arranoek, putreek, hontzek, basoiloek, azeriek, basakatuek eta bestelako animalia batzuek bizitokia egin izana Bardeako sastraken, zuhaixken, gatz lurren eta espartzuaren artean.

Errege Bardea hiru gunetan banatuta dago, iparretik hegoaldera: El Plano, laborantzarako ordoki handia; Bardea Zuria, higadura handiena jasan duena; eta Bardea Beltza, hegoaldean, erliebe horizontalen multzo bat, pinudiz eta sastrakadiz estalitakoa. Azken biak hartzen ditu gure ibilbideak. Lurra nahiko hauskorra da higadura dela-eta; horrenbestez, parkeak araudi zorrotza du, eta hura bete beharra dago, beraz, mendi bizikleta erabiltzeko seinaleztatuta dauden bideak soilik har ditzakegu. Horrela, tiro eremuaren itzulia eta La Nasatik Plana de Sagastira doana lotuko ditugu.

Bardeako informazio zentroan du hasiera gure ibilbideak (318 metro); Arguedas herritik irits daiteke hara. Errepidean gora eginez, behatokitik igaro eta behera jarraituko dugu, tiro eremuko kuartelera iristeko, Bardea Zurian. Eraikuntzaren aurrean garela, tiro eremuaren itzuliaren legarrezko pista hartuko dugu, hego-ekialderantz. Orokorrean honen antzekoak izango dira bide guztiak; errazak, beraz, teknikarik eskatzen ez dutenak.

Tiro eremua inguratzen ari garela, hegazkinek euren praktiketan jopuntu moduan erabiltzen dituzten beste hegazkin eta elementu batzuk ikusi ahalko ditugu. 10. kilometroaren inguruan, eskumara, Bardena Handia ibilbideko lurrezko pista hartuko dugu. Bide horretatik aurrera eginda, Loma de La Madera ezagunera iritsiko gara. Balsa de la Nemesia urmaelean (453 metro) ikusiko dugu hurrengo bidegurutzea. Eskumara joko dugu, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan, eta Bardea Beltza inguratuko dugu, La Nasatik Plana de Sagastira doan ibilbideari segituz. Hala, atzean utziko ditugu abeltzainen eraikuntza txikiak, Rotaren borda, Sagastiren eskorta, Gregorio Resaren borda eta Los Aguados borda, esaterako.

Balsas de Cabezogancho inguruan gaudenean (22 kilometro), ezkerreko bidetik jarraituko dugu, NA-125 errepidearekin bat egiteko. Zenbait metro mendebaldera jarraituta, Fustiñanara daraman bidea topatuko dugu, La Junquilla sakanean aurrera doana. Hurrengo bidegurutzean (396 metro), ipar-ekialderantz egingo du ibilbideak, eta alde batera geratuko zaizkigu Loma Negra mendiaren labarrak. Maltrapateko urmaelen ondotik igaro ondoren, NA-125 errepidera bueltatzea izango da hurrengo pausua. Hura zeharkatu, eta Cabezogancho mendia inguratuko dugu, La Nemesiara bueltatzeko.

Gero, aldapan behera abiatuko gara Loma de la Maderatik, tiro eremuaren itzulira bueltatzeko. Ibilbide hori bukatuko dugu, praktika zelaia erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan inguratuta. Laster, ibilbideko atal ederrenetako batera iritsiko gara, Bardea Zuriko protagonistak diren Rallon, Ralla eta Piskerra mendiak agertuko baitzaizkigu aurrean; ederrak dira benetan haien «lehortasunaren lerroak».

Kilometro batzuk aurrerago, itzulia bukatzeko zorian garela, Castildetierra agertuko zaigu aurrez aurre, Errege Bardeako ikur nagusia. Ez dugu hemendik alde egingo argazkia egin gabe. Azkenik, bidean aurrera jarraituko dugu, hegoalderantz, eta lau kilometro inguru besterik ez zaizkigu faltako informazio zentrora iritsi eta ibilbide eder honi amaiera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.