Mendi ibilaldia

Gotorlekuz gotorleku

San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak, Jaizkibelen dagoen San Henrike gotorlekuarekin batera, muga zaintzeko eta karlisten altxamenduetatik babesteko eraiki zituzten. Haiek bisitatuko ditugu txango honetan.

San Marko gotorlekua
San Marko gotorlekutik ikusmira ederra Jaizkibelgo badiara. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Gotorlekuz gotorleku
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Tontor eta leku izenak: Zamalbide, Kutarroko gotorlekua, San Markoko gotorlekua, Txoritokietako estazio megalitikoa, Txoritokietako gotorlekua, Aitzetako Txabala trikuharria
  • Distantzia: 7 km (285 m+)
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 minutu
  • Ingurunea: Oarsoaldea
  • Estekak: Gotorlekuz gotorleku
mikel arrizabalaga
2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errenteria, Astigarraga eta Donostiako udalerrietako lurretan hedatzen da Lau Haizeta parkea, eta kultura-ondare gisa izendatutako elementu asko daude bertan. Horien artean, XIX. mendean altxatu ziren San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak. Bien magaletan, zenbait trikuharri daude, baita estazio megalitiko bat ere, zutarri batez osatua. Ibilaldi honetan, hiru udalerriek bat egiten duten mendigune honetako gotorlekuak lotuko ditugu.

Zamalbide auzoan emango diogu hasiera ibilbideari. Elizaren parean dagoen aparkalekutik abiatu, eta bide-seinale zuri eta berdeek (SL-GI 4) erakusten duten norabidean beteko ditugu lehen metroak. Asfaltozko bidetik igotzen hasi eta berehala, San Marko gotorlekura doan beste bide seinaleztatu batekin (SL-GI 3) egingo dugu bat. Azken horretan metro batzuk bete eta berehala, eskuinetik ur-biltegi batera doan bideari jarraituko diogu. Hesia inguratu, eta xenda batek gorago dagoen beste ur-biltegira igotzen lagunduko digu. Aldapa motz eta bizia atzean utzita, San Marko gotorlekuaren magala zeharkatzen duen pista zabala hartuko dugu.

Bide erosoan zehar kilometro bat bete eta gero, Kutarroko bateria eta urmaelera iritsiko gara. Muino horretan, San Marko gotorlekuko babes bateria bat altxatu zuten, eta bertan, guardiako gorputza edo kuartela, artilleriako hiru plataforma eta lubakiak ikusi ahal izango ditugu. Gaur egun atsedengune txiki bat dago. Metro batzuk beherago dagoen urmaela anfibioen eta narrastien bizilekua da.

Bidegurutze nagusira itzuli, eta aurrez aurre ikusiko dugun lurreko aldapa pikoa igotzeari ekingo diogu. Gotorlekuaren ondora iritsi, eta hura inguratzen duen pistatik sarrerara gerturatuko gara. San Marko Bizarain mendian dago, eta, gaur egun erabilpen militarrik ez badu ere, esan behar da XIX. mendean eraiki zenetik 1970. urtera arte armadak okupatu zuela. Gaur egun, behatoki aparta da Oiartzualdeko herri eta lurrak ikusteko. Gotorleku hau, eta Txoritokietakoa, Luis Nieva ingeniari militarrak diseinatu zituen. Bi gotorlekuak, Jaizkibelen dagoen San Henrike gotorlekuarekin batera, muga zaintzeko eta karlisten altxamenduetatik babesteko eraiki zituzten.

Sarrera nagusiaren ondotik jaisten den lurreko bidea hartuko dugu, eta, bidegurutzera ailegatzean, estazio megalitikora doen xenda utzi, eta Txoritokietarantz abiatuko gara. Pistan metro gutxi batzuk bete ostean, eskuinetik marrazten den xenda batetik baso txiki batean murgilduko gara. Zuhaitz, landare eta haitzek osatzen duten bidexka estuak mendiaren magala zeharkatu, eta Txoritokietako gotorlekura gerturatuko gaitu. 1890ean eraiki zuten Txoritokietako gotorlekua San Markoko gotorlekua indartzeko eta, beharrezko izanez gero, hura babesteko. 

Etorritako bidetik atzera egin, eta Txoritokietako monolitoa edo zutarriaren ondora jaitsiko gara. Sagarrondoen artean dago megalito hau, eta 1,95 metroko altuera du, eta, batez beste, 0,95 metroko zabal eta 0,25 metro lodi da. Bidera itzuli eta seinaleztatutako bidetik Txoritokietako estazio megalitikoaren eremura itzuliko gara. Neolito garaiko Aitzetako Txabala trikuharriaren ondora ailegatuko gara. Tumuluak 12 metroko diametroa eta 0,80 metroko altuera du. Ganbara errektangularra du, 4 harlauza eta estalki batez eratuta. Gertu, karobi zahar baten aztarnak daude. Abiapuntura heltzeko SL-Gi 4aren bide-seinale zuri eta berdeek erakutsiko diguten norabideari jarraitzea besterik ez dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!