Mendi ibilaldia

Ibilaldi labur bat Barazartik Gorostibakarrera

Ibilbide luzea da joan eta etorri eginez gero, baina ez dauka aparteko zailtasunik. Isurialdeen banalerroan egingo dugu parterik handiena, Bizkaiko lurretan, Araba alderantz.

Gorostibakarreko eta Gorbeiako magalak ortzi mugan
Gorostibakarreko eta Gorbeiako magalak ortzi mugan. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Gorostibakar
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Barazar, Zumeltzagaña, GR 12 ibilbide, Gorostibakar
  • Distantzia: 20,4 km (750 m+)
  • Iraupena: 5 ordu
  • Ingurunea: Durangaldea
  • Estekak: Ibilbidea
2026ko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

GR 12 ibilbideari Euskal Herriko bidea ere esaten zaio, baina berez isurialdeen banalerroari dagokion bidea da. Mendiko muga horrek bi lurralde banatzen ditu: isurialde atlantikoan itsasoratzen diren ibaiena, eta Mediterraneo isurialdean itsasoratzen direnena. Barazar mendatean batuko gara ibilbide horretara, eta Saibi mendiaren magaletaraino joango gara; gero, Leungana multzo karstikora joko dugu, eta bigarren mailako mendi kasko batera igo: Gorostibakarrera (927 m). Mapetan agertu arren, jendeak normalean helmugatzat hartzen ez dituen gailur horietako bat da. Ibilbidean ikusten diren paisaiak zoragarriak dira.

Barazar eta Zumeltza artean

Barazar mendatean, GR 12 bidea hartuko dugu —GR 282 bidea ere igarotzen da bertatik—, Saldropora joateko kontrako norabidean; alegia, Gorbeia mendiguneari bizkarra emanez. Bide batean aurrera goazela, eskuinean pista bat agertuko da, mendiko bizikletaz Otxandiora joateko bidea; hori alde batera utzi, 50 bat metro aurrera egin, eta ezkerreko bidexka hartuko dugu. Bidegurutze batera iritsiko gara, zuzen jarraituko dugu, eta, ordeka batean aurrera, Anboto mendigunea agertuz joango da parez pare. Ur biltegi baten parera iritsitakoan, eskuineko bidea hartuko dugu.

Zuhaitzez jositako amildegien eta magal biribilduen artean ibiliko gara, malda txiki batzuetan gora eta behera. Zeanurirantz doan PR BI 1 bidea ikusiko dugu, baina hura ezkerrean utzi, eta pago, gorosti eta koniferoen artean egingo dugu aurrera. Luze gabe, Zumeltzagañako belardiak zeharkatzen dituen errepidera iritsiko gara.

Saibiren inguruan

Errepidea gurutzatu, eta aurrera joango gara, Zumeltzako haitzulo aldera. Eskuinean utziko dugu La Tregua film luzerako eraikitako kontzentrazio esparrua, eta, bidexka batean zehar, basoan murgilduko gara, Saibirantz argi eta garbi; hango gurutze bereizgarriak agerian uzten du non dagoen. Arkaola baserrira iritsi, eta bide estu batean barrena segituko dugu, zuhaiztian. Bidegurutze batera helduko gara, eta seinaleei begiratu. Eskuinean utziko dugu GR 12 ibilbidea, eta, Urkiolarako norabidean, ezkerreko bidea hartuko dugu, Iturriotz eta Akalarra aldera.

Basoko bidexka estuan goazela, Saibiren mendebaldeko magalean zehar ibiliko gara. Alde batera utziko dugu eskuinean dagoen bidexka; bihurgunez betetako bide batetik jaitsiko gara, eta erreka bat gurutzatuko dugu. Errekaren ertz batetik bestera igarota, goranzko lerro zuzen bat marrazten duen bidea hartuko dugu. Malda gogor bat igo, eta mendi bizkar batera iritsiko gara. Pinudi batean egon arren, argi eta garbi ikusten da Saibiko gailurra, baita gurutzea ere, eskuinean.

Ezkerrean bidexka bat ikusiko dugu, baina zuzen jarraituko dugu. Gora joango gara, pinuz eta gorostiz inguratutako bide batean. Bidegurutze batera heldu, eta ezkerreko bidea hartuko dugu; bidexka batean ehun bat metro egingo ditugu, pista batera iritsi arte. Ezkerretik joango gara, Saibiri bizkarra emanez, eta, azkenik, PR BI 83 bidea hartuko dugu, Iturriotz muinotxoa zeharkatzeko.

Gorostibakarrerako igoera

Ibilaldiaren zati honetan, ikusmira zabaltzen da: Durangaldeko haitzak ikusten dira eskuinean, Gorbeia ezkerrean, Arabako mendi tolesturak hegoaldean, eta Leungana eta Errialtabaso egitura karstikoa parez pare, lehen planoan. Iturrioztik jaitsi, PR seinaleei jarraitu, eta, pagadi batean zehar, zohikaztegi batera helduko gara. Hura inguratu, eta mendi hegalean gora abiatuko gara, zuhaitzen eta haitzez zarpiatutako belardien artetik.

Seinale bat ikusiko dugu: eskuineko bidetik Errialtabasora igo daiteke. Aukera hori baztertu, eta PR BI 83 bidetik Leunganara joango gara. Igaro dugun inguruaren ikusmira zoragarria aurrean dugula, magalean zehar ibili, eta zuzen-zuzen igoko gara, lepo batera iritsi arte. Alde batera utziko dugu PR bidea, eskuinera jo, eta pagoen arteko bidexka baten arrastoari jarraituko diogu. Harrizko mugarriz markatuta dago bidean, eta, paseo labur batean, Gorostibakar gailurreko postontzira eramango gaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!